Koronabirusa

Bigarren dosian Pfizer hautatzeko eskaera berretsi dute agintariek

Hego Euskal Herrian 100.000 lagun inguru daude zain. Erne auzitara jotzekotan da

Bilboko Casilla kirolgunean jarritako txertaketa gunea. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, biek ala biek Pfizer markako txertoa hautatzeko eskatu diete bigarren dosiaren zain dauden herritarrei. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak atzo berretsi zuen bi txertoak «oso seguruak» direla, baina Pfizerrenaren alde agertu zen: «Badirudi Pfizerrenarekin immunitate handiagoa lortzen dela, eta albo kalteak gutxiago direla. Dena dela, AstraZenecarenak ez du arazorik eragin 40 urtetik gorako herritarrengan».

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik dei bera egin zuen atzo. Joan den astean, Espainiako Osasun Ministerioaren eta erkidegoen arteko bilera baino lehen, Sagarduik kezka agertu zuen bigarren ziztadan Pfizerren txertoa jartzeko aukerari zegokionez. Sailburuaren esanetan, erabaki horrek Pfizerrena aurrenekoz jarri behar zuten lagunen txertaketa «bi astez» atzeratzea ekar zezakeen.

Alabaina, gauzak zeharo aldatu dira astebete eskasean. Herenegun, Sagarduik ziurtatu zuen bigarren dosian AstraZenecaren txertoa hartu nahi zuten 60 urtetik beherako herritarrak itxaron zerrenda batean sartuko zituztela. Horrez gain, esan zuen ezin zietela bermatu hamabi asteko pauta garaiz betetzea. Atzo, bigarren dosian Pfizerren txertoa hartzeko deia berretsi zuen. Agerraldi berean, nabarmendu zuen txertaketa prozesua «ordenatua eta azkarra» izaten ari dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hego Euskal Herrian, 100.000 bat lagun daude ataka horretan. AstraZenecaren lehen txertoa hartu zuten, eta bigarrenaren zain geratu ziren, txerto horren inguruan sorturiko gertaera tronbotiko arraroak tarteko. Orain, osasun sistemek Pfizerren txertoa jartzera bideratu nahi dituzte, bi txertoak nahastea segurua dela argudiatuta. Erabakia hartzeko, 684 lagunekin egindako entsegu kliniko batean bildutako aurretiazko emaitzak baliatu zituenEspainiako Osasun Ministerioak.

Hasieran zehaztutako pauta bete beharrean dosiak nahasteari ezetz esango diotenek baimen informatu bat eraman beharko dute txertaketara.

Ziurtasunik ez

Norabide berean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua txertaketa prozesuan aurreikuspenak egiteko dauden zailtasunei buruz mintzatu zen atzo Bizkaia Irratiari emandako elkarrizketa batean; argudiatu zuen zaila egiten ari zaiela jakitea zenbat txerto iritsiko zaizkien: «Eskarmentuak erakutsi digu ez dagoela modurik ziurtatzeko gaur ala bihar 10.000 edo 20.000 txerto jartzeko moduan egongo garen, ezta marka hau edo bestea izango den ere».

Erne sindikatuak egindako salaketaren harira egin zituen Erkorekak adierazpen horiek. Izan ere, atzo sindikatuak iragarri zuen auzitara jotzeko asmoa zuela. Erneren arabera, ertzainen artean haserrea eragin du egoerak, eta, horregatik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari eskatuko diote kautelazko neurriak hartzeko, AstraZenecaren bigarren dosia hartzeko jarrita zeuden hitzorduak mantendu daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.