Martxoaren 3ko memoria zentroaren egitasmoa «izoztu» izana salatu dute

Proiektuan «etengabeko atzerapenak eta aurrekontu murrizketak» daudela diote. Biktimen parte hartzea bermatzeko eskatu dute

Memoria Gara elkartekoak, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Memoria Gara elkartea kezkaturik dago Martxoaren 3ko memoria zentroaren egitasmoa hartzen ari den norabidearekin. Salatu dutenez, gaur egun proiektua «izozturik» dago, eta, asmo protokoloa sinatu zenetik ia bi urte igaro diren honetan, «etengabeko atzerapenak, bete gabeko promesak eta aurrekontu murrizketak» dira nagusi.

Josu Santamarina, Julen Diaz de Argote, Andoni Txasko, Nerea Martinez Aranburuzabala, Celia de Vicente eta Txema Flores hedabideen aurrean agertu dira Memoria Gara elkartearen kezken berri emateko. «Zoritxarrez, proiektua izoztuta dagoela esan behar dugu. Borondate politikorik eza atzematen dugu, eta horrela izan da azken urteotan». Halaber, azaldu dute inoiz ez dietela idatzizko dokumenturik eman, eta orain arte dena «hitz onak» baino ez direla izan.

Elkarteko bozeramaileek gogorarazi dute duela urtebete baino gehiago lankidetza hitzarmen bat sinatzeko proposamena helarazi ziotela Gogora institutuari. Proposamenak alde guztien oniritzia zuen, baina oraindik ez da gauzatu.

Diru murrizketak

Memoria Gara elkarteak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak murriztu egin du zentroa sortzeko aurreikusitako dirua. 2022ko aurrekontuetan 485.000 euroko diru saila agertzen zen, baina hortik ez zen ezer ere gastatu; 2023koetan, berriz, 290.000 euro aurreikusten dira xede horretarako. Hain zuzen, Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteekin hitzarmen bat sinatzeko aurreikusitako diru saila izan da desagertu direnetako bat.

Zentroa zuzendu behar duten fundazioa eta patronatua ere ez dira eratu oraindik. Horri dagokionez, ohartarazi dute pauso horiek emateko Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteak aintzat hartu behar dituztela: «Ezin gara loreontziak izan horrelako proiektu batean. Prozesu horretan biktimen parte hartzea bermatuko duten mekanismoak ezarri behar dira».

Horregatik, egitasmoa «serio» hartzeko eskatu diete erakundeei: «Gure eskua luzatuta dago. Egitasmoa denon artean eraikiko dugu, edo ez da izango. Bi urte alferrik igaro dira, eta ezin dugu beste bat hutsean pasatzen utzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.