Paperik ez duten migratzaileek osasun txartela egin ahalko dute

Espainiako Kongresuak bertan behera utzi du PPk 2012an egindako murrizketa, eta osasun eskubide «unibertsala» ezarri du berriro ere
Migratzaileak osasun zerbitzutik kanpo utzi izana salatzeko protesta bat, Iruñean.
Migratzaileak osasun zerbitzutik kanpo utzi izana salatzeko protesta bat, Iruñean. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko irailak 7
Paperik ez duten migratzaileek ohiko osasun zerbitzura jo ahalko dute, bertan behera geratu baita PPk ezarritako muga. Migratzaile horiek osasun zerbitzutik kanpo utzi zituen Espainiako Gobernuak 2012an; horren ondorioz, larrialdietan soilik jaso zezaketen zerbitzua, non eta ez ziren adingabeak edo emakume haurdunak. Muga hori bertan behera geratu da, Espainiako Gobernuaren proposamenez. Hego Euskal Herrian ez da aldaketa hori orain nabarituko, Osakidetzan eta Osasunbidean lehendik ere ari baitziren osasun zerbitzua ematen.

Espainian gobernua aldatu ondorengo lehen neurrietako bat izan da osasun zerbitzua «unibertsal» bihurtzea. Kritika gogorrak jaso zituen PPk erabaki hori hartu zuenean, osasunerako eskubidea urratzen ari zelakoan. Areago, hainbat elkartek nabarmendu zuten diru aurrezkia ez, gastu handiagoa zekarrela neurri horrek, ohiko osasun zerbitzuan partez larrialdietan artatu beharko zirelako gaixotutako migratzaileak. Osasun publikoari egindako kalteaz ere ohartarazi zuten.

Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan lege bana egin zuten muga horiek gainditzeko, eta paperik gabeko migratzaileei osasun txartela emateko. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ordea, atzera bota zituen biak, Espainiako legearen aurkakoak zirela eta. Epai horiek gorabehera, bi gobernuek nabarmendu zuten zerbitzua jasoko zutela paperik gabeko migranteek.

Eskubideak bermatzea

PPk berak iaz agertu zuen asmoa neurri horiek arintzeko; urte erdi erroldan daramatenei zerbitzua ematea proposatu zuen. Orain, PP gobernutik kanporatuta, lehengo eredura bueltatuko dira. PPren erreformarekin, osasun txartela izateko baldintza zen Gizarte Segurantzan egotea; orain, berriz, ez dute kontuan hartuko haien egoera administratiboa.

Madrilgo gobernuak uztailean onartu zuen horretarako lege dekretua, eta Espainiako Kongresuak atzo eman zion baiezkoa. Aurka bozkatu du PPk, eta Ciudadanosek abstentziora jo du; gainerako taldeek babestu egin dute erabakia. Carmen Monton Osasun ministroak nabarmendu du «eskubideak berreskuratzeko» pausoa izan dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna