Greba mugagabea, Huerta de Peraltak kaleratuak atzera onar ditzan

LABeko ordezkari diren lau lankideak itzultzea nahi dute. Grebalarien eta foruzainen artean talkak izan dira Azkoiengo lantokiko sarreran

Grebalariak, foruzainekin eztabaidan. Huerta de Peraltako behargin gehienak migratzaile marokoarrak dira. LAB.
Irune Lasa.
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Baratzeetako langile gehienak greba mugagabean daude atzotik Huerta de Peralta enpresan. Deitzaileen arabera, ontziratze atalean erantzuna ez zen hainbestekoa izan protestako lehen egunean, baina Azkoiengo (Nafarroa) enpresaren ekoizpenean jada igarri zen «ekoizpena egun arrunt batekoa baino nabarmen txikiagoa» izan zela. Huerta de Peraltak El Huertico markako entsaladak eta aurrez prestatutako beste hainbat produktu begetal merkaturatzen ditu.

LABek deitu du protestara, enpresak lau langile kaleratu dituelako sindikatu horretako ordezkari izateagatik edo haiei laguntzeagatik. Iazko irailean, langile batzordea osatzeko hauteskundeetan, LABen izenean aurkeztutako migratzaile marokoarrek lortu zituzten jokoan ziren bederatzi ordezkarietatik sei. Orduz geroztik, lan baldintzetan hobekuntzak izan dira enpresan: hainbat kontratu finko bihurtu dira, eta lanaldiak nabarmen murriztu. Baina, tarte honetan, Huerta de Peraltak LABekin lotura zuten lau behargin kaleratu ditu.

Enpresak kaleratutako lankide horiek atzera onar ditzan nahi dute grebalariek. Helburu horrekin, lanuzte bat egin zuten joan den azaroaren 12an, eta orain, presioa areagotzeko, greba mugagabea hasi dute.

Foruzainekin talka

Azkoiengo lantokiko ate nagusiaren parean egin zuten eguna atzo grebalariek, «bertara bildu ziren kamioilariei eta langile gutxiei informazioa ematen eta jarrera txarresten». LABen arabera, nahi zuen oro sartu edo atera izan zen enpresatik, «eta, hala ere, inolako probokaziorik gabe, foruzainek lau aldiz jo dute grebalarien kontra». Oldar horiek argi ikusi ziren sare sozialetan atzo bertan hedatutako bizpahiru bideotan. LAB sindikatuaren arabera, foruzainen kolpeen ondorioz zauriak eta ubeldurak zituzten zenbait grebalarik. Foruzaingoaren jokaera salatu zuen LABek, baita Huerta de Peraltaren jabearen jarrera ere, lantokiko atarian «grebalariak probokatzen eta seinalatzen» ibiltzeagatik.

Gaur Erriberatik Iruñera eramango dute protesta: manifestazioa egingo dute 11:00etan, Zaragoza etorbideko 135 zenbakitik UAGNren egoitzaraino.

[youtube]https://youtu.be/y-dt5uDUj1M[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.