Merkataritzari buruzko negoziazioak hasi dituzte Txinak eta AEBek

Trumpek espero du Txinaren ekonomiaren moteltzeak bere alde jokatuko duela. Merkatu urduriek Trump estutzea nahi du Pekinek

Txinako Merkataritza Ministerioaren sarrera, atzo. WU HONG / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Merkataritza gerran su-etena egin eta hilabete batera ekin diote Txinak eta AEBek aurrez aurreko negoziazioei, Pekinen. Konponbide bat lortzeko aukerak badirela aldarrikatu zuten batzuek zein besteek, aurkariaren ahultasunak beren onerako erabil ditzaketen itxaropena baitute. Gaur jarraituko du bilerak.

Abenduaren hasieran, G20koen Buenos Airesko bileran, 90 eguneko menia hitzartu zuten Xi Jinpingek eta Donald Trumpek. Jada 60 egun baino gutxiago dituzte akordio bat lortzeko, hura gabe martxoaren 3an %10etik %25era handituko baitira AEBek Txinaren esportazio gehienei jartzen dizkien muga sariak.

Denbora urria da bi potentzien arteko desadostasunak gutxitzeko. Edo, argiago esanda, Trumpek txinatarrei leporatzen dizkien jokamolde kaltegarriak leuntzeko. Funtsean, Txinako Gobernuak ez du arazo handirik orain arteko harremanarekin, eta bai, berriz, interes handia gauzak askorik ez aldatzeko.

Adituek uste dute Pekin prest egongo dela AEBetako zenbait produkturen inportazioa errazteko, baina zailagoa izango dela Washingtonen beste eskaera batzuen aurrean men egitea, hala nola Txinan inbertitzen duten AEBetako enpresek jabetza intelektuala ez partekatu behar izatea bazkide txinatarrekin, merkatu estrategiko batzuetarako sarbidea, edo enpresa publikoek jasotzen dituzten laguntzak txikitzea. Oro har, eskaera horiekin bat egiten du Europako Batasunak ere.

Epe laburrerako balio dezakeen ituna posible bada ere, gutxik espero dute akordio batek Txinaren eta AEBen arteko tentsioa guztiz baretzea. Benetako arazoa baita helburu bera dutela Washingtonek eta Pekinek: nagusitasun globala.

Arazoak, bi aldeetan

Trumpek uste du negoziazioari indarrezko posizio batetik ekiten diola. «Txina ez dago oso ongi orain», txiokatu du asteburuan. Ukaezina da Pekinek arazoak dituela: hazkunde ekonomikoa moteltzen ari da, industriaren jarduera txikitzen eta kontsumoa ahultzen. Atzo bertan, Pekinek trenak berritzeko inbertsio erraldoi bat iragarri zuen, ekonomia suspertzeko.

Arazoak ez dira Pekinen amaitzen. Iragarleek diote aurten okerrera egingo duela AEBetako ekonomiak, zerga jaitsiera handiaren ondorioak igaroko direlako, interes tasak handitzen ari direlako, eta gobernuaren zati bat itxita dagoelako. Arrazoi horiek beraiek ikusten dira azken asteetako burtsen beheraldi handian, eta kolpe gogorra dira bere politika ekonomikoaren adierazle gisa merkatuen goraldia jarri duen presidente batentzat. Merkatu horien presioa baretzeko, Trumpek gutxirekin konformatuko delaespero du Pekinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.