Merkataritzari buruzko negoziazioak hasi dituzte Txinak eta AEBek

Trumpek espero du Txinaren ekonomiaren moteltzeak bere alde jokatuko duela. Merkatu urduriek Trump estutzea nahi du Pekinek
Txinako Merkataritza Ministerioaren sarrera, atzo.
Txinako Merkataritza Ministerioaren sarrera, atzo. WU HONG / EFE

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 8
Merkataritza gerran su-etena egin eta hilabete batera ekin diote Txinak eta AEBek aurrez aurreko negoziazioei, Pekinen. Konponbide bat lortzeko aukerak badirela aldarrikatu zuten batzuek zein besteek, aurkariaren ahultasunak beren onerako erabil ditzaketen itxaropena baitute. Gaur jarraituko du bilerak.

Abenduaren hasieran, G20koen Buenos Airesko bileran, 90 eguneko menia hitzartu zuten Xi Jinpingek eta Donald Trumpek. Jada 60 egun baino gutxiago dituzte akordio bat lortzeko, hura gabe martxoaren 3an %10etik %25era handituko baitira AEBek Txinaren esportazio gehienei jartzen dizkien muga sariak.

Denbora urria da bi potentzien arteko desadostasunak gutxitzeko. Edo, argiago esanda, Trumpek txinatarrei leporatzen dizkien jokamolde kaltegarriak leuntzeko. Funtsean, Txinako Gobernuak ez du arazo handirik orain arteko harremanarekin, eta bai, berriz, interes handia gauzak askorik ez aldatzeko.

Adituek uste dute Pekin prest egongo dela AEBetako zenbait produkturen inportazioa errazteko, baina zailagoa izango dela Washingtonen beste eskaera batzuen aurrean men egitea, hala nola Txinan inbertitzen duten AEBetako enpresek jabetza intelektuala ez partekatu behar izatea bazkide txinatarrekin, merkatu estrategiko batzuetarako sarbidea, edo enpresa publikoek jasotzen dituzten laguntzak txikitzea. Oro har, eskaera horiekin bat egiten du Europako Batasunak ere.

Epe laburrerako balio dezakeen ituna posible bada ere, gutxik espero dute akordio batek Txinaren eta AEBen arteko tentsioa guztiz baretzea. Benetako arazoa baita helburu bera dutela Washingtonek eta Pekinek: nagusitasun globala.

Arazoak, bi aldeetan

Trumpek uste du negoziazioari indarrezko posizio batetik ekiten diola. «Txina ez dago oso ongi orain», txiokatu du asteburuan. Ukaezina da Pekinek arazoak dituela: hazkunde ekonomikoa moteltzen ari da, industriaren jarduera txikitzen eta kontsumoa ahultzen. Atzo bertan, Pekinek trenak berritzeko inbertsio erraldoi bat iragarri zuen, ekonomia suspertzeko.

Arazoak ez dira Pekinen amaitzen. Iragarleek diote aurten okerrera egingo duela AEBetako ekonomiak, zerga jaitsiera handiaren ondorioak igaroko direlako, interes tasak handitzen ari direlako, eta gobernuaren zati bat itxita dagoelako. Arrazoi horiek beraiek ikusten dira azken asteetako burtsen beheraldi handian, eta kolpe gogorra dira bere politika ekonomikoaren adierazle gisa merkatuen goraldia jarri duen presidente batentzat. Merkatu horien presioa baretzeko, Trumpek gutxirekin konformatuko dela espero du Pekinek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna