Kaleratze espedienterik ez du sinatuko Navaleko langile batzordeak bihar

Tapiaren arabera, badaude ontziolari buruz galdetu duten balizko inbertitzaileak, baina beharginik gabeko lantegi bat nahi lukete denek

Navaleko langileek urte hasieran Bilbon egin zuten protesta. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia, Xabier Martin
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Navaleko langileen etorkizunak ez du atzera-bueltarik. Bihar, behargin denak kaleratzeko erregulazioaren kontsulta epea amaituko da, eta azken bilera horretara langile batzordeak eramango duen jarrera adostu zuten atzo: ez dute izenpetuko lana erregulatzeko txostena. 127 langilek hartu zuten parte batzar horretan, eta horietatik 89k akordioaren aurkako jarrera erakutsi zuten. 36k aldekoa, eta bik balio gabeko botoa eman zuten. Konkurtso administratzaileak, beraz, akordiorik gabeko espediente bat igorriko du lan ikuskaritzara. Lan erregulazioari oniritzia eman ondoren, ikuskaritzak epaileari igorriko dio, eta haren sinadurarekin kaleratuko lirateke ontziolako 176 langileak. Batzordeko iturrien arabera, hogei egun luza daiteke prozesua gehienez.

Langileek espedientea baztertzea erabaki ondoren, ELAk eskaera zuzena egin zion konkurtso administratzaileari, ohar bidez: «Ez dezala gauzatu kaleratzeko espedientea, eta behar beste bitarteko jar dezala egoera honetan Navalen kapital publikoa sar dadin». Baina, itxura guztien arabera, ez da halakorik gertatuko.

Kaleratze espedientea negoziatzeko kontsulta epea joan den astean zen amaitzekoa, baina konkurtso administratzaileak astebete atzeratzea erabaki zuen. Sindikatuek bilerak egin behar zituzten Sepirekin, Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin, eta horregatik atzeratu zuen kontsulta epea. Baina bide orrian ez da aldaketarik izan, eta aurreikus daiteke kaleratzeak aste honetan bertan gauzatuko direla.

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak badaki familia askorentzat «drama bat» dela itxiera, baina bere apustua da «inor ez engainatzea benetakoak ez diren aukerekin». Onda Vasca irratian egin zituen adierazpen horiek atzo Tapiak, erreskate publikoaren aukerari erreparatuz.

Edonola ere, sailburuak berretsi zuen badaudela inbertitzaileak Navalen interesa azaldu dutenak: galdetu dutenak, eta jarduerarekin jarraitzeko asmotan leudekeenak, baina betiere beharginak kaleratu ostean. «Inbertitzaileek ontzat ematen badute, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Aldundia laguntzaile izango gara, baina ezin dugu inolaz ere proiektua lideratu edota proiektuaren gehiengoa gure gain hartu». Bi inbertitzaile mota daudela jakinarazi zuen Tapiak: ontziolaren jarduerarekin jarraitu nahi dutenak, eta ontziolaz gain eraikuntzaren sektorean ere ariko liratekeenak.

Baina Navalen egoeraz galdetzeaz harago, ez dago eskaintza zehatzik oraindik. «Kopuruak ezagutzera hurbildu dira, baina inor ez da urrutirago joan; ez dugu eskaintzarik baikorragoak izateko», esan zuen Tapiak.

«Hiltzen uzten ari dira»

Baina Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren jarrera kritikatu zuen, Navaleko langileak egiten ari diren proposamen denei entzungor egiten ari delako: «Izaten ari diren jarrerarekin, ontziola hiltzen uzten ari dira». Jaurlaritzak egun duen autogobernuarekin esku hartzeko gaitasun handiagoa duela azaldu zuen, gainera, eta, horregatik, «neurriak ahalik eta azkarren» hartzeko eskatu zion Tapiaren sailari.

2018ko irailaren hondarrean sartu zen likidazio fasean Sestaoko (Bizkaia) ontziola, eta ordutik aurrera argi ikusi da Navalek zaila duela aurrera egitea. Hartzekodunen ituna lortzeko epea amaitu zen artean, eta likidazio fasean ez da soluziorik erdietsi langileentzat; Sepik Cadizko, Ferrolgo edo Cartagenako ontziola militar publikoetan lanpostuak eskaintzeaz gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.