Bi Lur xahutzeko kontsumo maila dute Gipuzkoa, Bizkai eta Arabak

Jaurlaritzak aztarna ekologikoari buruzko datuak eman ditu. Kontsumoa ekosistemen birsortzeko ahalmena baino handiagoa da

Garraioan isurtzen diren gasak urritu nahi ditu Jaurlaritzak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen aztarna ekologikoaren gaineko txosten bat ondu du. Funtsean, aztertu du ea gizakien kontsumoa bateragarria den Lurrak baliabideak sortzeko duen ahalmen ekologikoarekin. Eta, Iñaki Arriola Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Ingurumen sailburuak azaldu duenez, herritarren kontsumoa Lurreko ekosistemek birsortzeko duten ahalmena baino handiagoa da. Eta, beraz, ondorioztatu dute munduko biztanleria guztiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek adina kontsumituko balu 2,65 Lur planeta beharko liratekeela egungo baliabide naturalen eskaria ase ahal izateko.

Hain zuzen ere, munduko herritar bakoitzak 1,63 hektarea globaleko eremua du kontsumo propiorako beharrizanak asetzeko. Hori da aztarna ekologikoa kalkulatzeko erabiltzen den parametroa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren kasuak, ordea, Lur planetako batez bestekoa bikoizten du. Arriolak jakinarazi duenez, biztanle bakoitzak, zehazki, 4,32 hektarea globaleko eremua kontsumitzen du; guztira, 43.200 metro koadro. Hala ere, sailburuak gehitu du aztarna ekologikoa %7 jaitsi dela 2001etik. «Hala ere, beste herrialdeetan bezalaxe, hemen ere ez daude kontsumo eredu iraunkorrak», nabarmendu du.

Energia kontsumoa izan du gogoan Jaurlaritzak. Ikerketaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aztarna ekologikoan eragin handiena duen kontsumoa da energiarena; orotara, aztarnaren erdia baino gehiago osatzen du. Ingurumen sailburuak ohartarazi du zenbait direla horren barne sartzen diren jardunak. Laborantzak %17 kontsumitzen du; arrantzak, %14; basoek, %10; larreek, %6; eta azpiegiturek, %1. Garraioak sortzen duen kontsumoa ere aipatu du Arriolak. Azaldu duenez, garraioak isurtzen ditu berotegi gasik gehienak, eta 2005etik %8,1 hazi dira.

Aztarna ekologikoa, gora

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aztarna ekologikoaren zenbatekoa jaitsi egin da azken urteotan. Arriolak esan du Europako batez bestekotik «behera» dagoela. Baita Alemania, Suedia edo Austriako parametroetatik ere. Hala ere, nabarmendu duenez, oro har, Europak «zorra» du aztarna ekologikoarekin. «Europak duen azalera baino gehiago kontsumitzen du», azaldu du Ingurumen sailburuak. Europako Batasuneko datuak ere eman ditu. Haien arabera, hura osatzen duten herrialdeetako biztanle bakoitzeko 1.600 hektarea global kontsumitzen ziren 1961ean. Zenbatekoa, ordea, bikoiztu egin zen 2016an. Hain zuzen ere, herritar bakoitzak 2.300 hektarea global kontsumitzen zituen. Biztanleen bizi ohiturek eragin zuzena dute aztarna ekologikoan. Aztarna Ekologikoaren Sare Globalak eskainitako datuen arabera, Qatarrek du aztarna ekologikoan eragin handiena munduko herrialde guztiak aintzat hartuta. Bertako biztanle bakoitzak, ustez, 1.000 metro koadroko aukera du kontsumorako; datuen arabera, baina, 2016an herritar bakoitzak 144.000 metro koadro kontsumitzen zituen. Amerikako Estatu Batuetan ere aztarna ekologikoa handia da; 8,1 puntukoa, 2016an. Hala ere, bertako biztanle bakoitzak 3,6 hektarea globaleko eremua du kontsumitzeko. Garapen bidean dauden herrialdeetan, baxuagoa da aztarna.

Hala ere, eta Aztarna Ekologikoaren Munduko Sareak emandako datuen arabera, aztarnaren goranzko joera orokorra da munduko herrialde gehienetan. Geroz eta urriagoak dira baliabide naturalen kontsumorako aukerak, eta ezinbestekoa da neurriak hartzea egoera hori bideratzeko.

Konponbiderako aukerak

Jaurlaritzak helburu nagusi bat jarri du datozen urteetarako: karbono gutxiko ekonomia sustatzea nahi du. «Karbono gutxiko ekonomia eduki dezagun, prozesua azkartu behar da; eta ekoizpen zein kontsumo sistema eraginkorragoak ezarri behar dira», azaldu du Arriolak. Horretarako, Jaurlaritzako buruzagien arabera, beharrezkoa da kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egitea; betiere, ekonomia zirkularra oinarri duen estrategia baten barruan hartutako neurriak sustatuko direla esan dute. Horrez gain, Ingurumen sailburuaren esanetan, materialen, hondakinen eta plastikoen kontsumoa ere murriztu behar da, eta produktu berrerabilgarrien alde egin. Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua ere aipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.