Mendigorrian D eredua ezartzeko eskaria berretsi dute

Beste bilera bat eskatu diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, datorren ikasturteko egoera argitzeko

Mendigorrian D eredua ezartzearen alde egindako agerraldia, atzo. J.M. / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Herriko 12 urtetik beherako eskolatutako haurren %35-45 herritik kanpo joaten ari dira D eredua aukeratzeagatik, nahiz eta beren herrian ikastetxe bat egon». Mendigorriko (Nafarroa) gurasoek egindako salaketa da, eta euren ezinegona adierazteko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekarekin batera, herriko autobus geltokian. Arazoari konponbidea eman nahian ari dira, eta jakinarazi dute eskaria egina dutela Hezkuntza Departamentuan, datorren ikasturterako herrian D eredua ezar dezan.

Lekua ez zuten iritzira aukeratu, aurtengo ikasturtean ere autobusa hartu eta Garesko (Nafarroa) ikastetxera joaten jarraitu beharko baitute Mendigorriko haurrek, euskaraz ikasi ahal izateko. Gurasoek irailean herrian bertan D ereduan matrikulatzeko aukerarik eduki ez izana deitoratu dute, eta 2021-2022ko ikasturterako ere eskaera jada egin diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari: «Aurrematrikulazio garaia otsailean izango da, baina jada erregistratu ditugu Hezkuntza DepartamentuanD eredua irekitzeko eskariak». Gurasoek azaldu zutenez, eskaera horretan, aurten lehenengo ikasturtean euskaraz matrikulatu nahi duten haurren eskaerak ez ezik, aurreko urtean D ereduan Mendigorrian ikasi nahi zutela zehaztu zuten haurren eskaerak ere erregistratu dituzte. Orain, eskaerari jaramon egitea nahi dute: «Beste behin eskatzen ari garaD ereduan Mendigorrian matrikulatu nahi ditugula gure seme-alabak. Ez al da argi geratu hemen bere eskubideak eskatzen dituen herri bat badela eta ez garela nekatuko horien alde egiteaz?».

Eskaerak eskaera, oraindik ez dakite datorren ikasturtean haurrek aukerarik izango duten herriko ikastetxean euskaraz ikasteko. Hori argitze aldera, gurasoek eta Behatokiak bilera bat eskatu diote Hezkuntza Departamentuari.

Euskara zalantzan

Hezkuntzan euskarak izan behar duen presentziaren afera ez da Mendigorrira mugatzen. Agurne Gaubekaren hitzetan, «ziurgabetasuna» sortzen du Euskararen Legeak: «Lege horrek ezarritako eremu mistoan euskararen irakaskuntza gradualki, progresiboki eta era nahikoan eskainiko dela aipatzen bada ere, argi geratzen da praktikan babes gutxi eskaintzen digula, eta agintarien esku geratzen dela artikulu hori era positiboan interpretatzea». Hori dela eta, legea «lehenbailehen» aldatu behar dela azpimarratu du, «nafar guztien eskubideak bermatu nahi badira behintzat».

Begi onez ikusten du Gaubekak Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Mapa aldatzeko irekitako prozedura: «Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren esanetan, mapa hori zen MendigorrianD eredua irekitzeko oztopo nagusia. Hori aldatzera doazela jakiteak afera konpondu daitekeen esperantzaz uzten gaitu». Horretarako, ordea, «orain arte ez bezala», eskubideen irizpideak gailendu behar duela uste du: «Nafarroako edozein herritako gurasoek D ereduaren irekiera eskatuko balute, Hezkuntza Mapa zein bestelako araudi eta tresna guztiak eskubide hori egikaritzeari begira jarri beharko lituzkete: ezin da oztopo izan».

Gainerako herrietarako mezua ere eman du Behatokiak: Mendigorrian bezala, Nafarroako beste herriren bateko ikastetxean ereD eredua ezarri nahi baldin badute, eskatu diete eskari hori «argiro» adieraz diezaiotela Hezkuntza Departamentuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.