EAEko itunpeko eskolek 36,6 milioi jasoko dituzte pandemiari aurre egiteko

COVID-19aren prebentzio neurriak ezartzeko gastuak ordaintzeko ekarpena da. Euskaltegiek ere laguntza gehigarria izango dute

Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak 36,6 milioi euro emango dizkie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeei, pandemiaren harira izan dituzten gastu gehigarriei aurre egiteko. «Prebentzio protokoloek eskatzen dituzten neurriak aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzeko» bideratuko dute diru hori. Atzoko Gobernu Kontseiluan hartu zuen erabakia Jaurlaritzak, eta orobat zehaztu zuten zertarako erabiliko duten itunpeko ikastetxeek laguntza hori: langileak kontratatzeko edo lehendik daudenei orduak gehitzeko, irakasleak ordezkatzeko, garbiketa gastuak pagatzeko eta material informatikoa erosteko edo alokatzeko.

Irakasle berrien kontratazioaren zenbatekoa zehazteko, kontuan izango dira ikastetxe bakoitzaren gela eta ikasle kopuruak, eta baita ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea ere. Indize hori osatzeko, hainbat adierazle hartuko dituzte aintzat: besteak beste, ikasketa emaitzak, hezkuntza laguntzarako beharrak, ikasleek ikastetxean duten jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa.

Material informatikoa erosi edo alokatzeko laguntzetarako, bestalde, zenbateko bat ezarri da eskolatutako ikasle bakoitzeko. Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetara bideratuko da laguntza hori. Garbiketari eta irakasleen ordezkapenei dagokienez, azkenik, hezkuntza itunean ezarritakoari aplikatuko zaizkio igoera hauek: %20koa garbiketarako, eta %40koa ordezkapenetarako.

Pandemiak eragindako kalteak leuntzeko, euskaltegientzat ere diru laguntza handituko du Jaurlaritzak, eta 250.000 euro gehiago jarriko ditu koronabirusak eragindako kalteak arintzeko. Hala, 2020-2021eko ikasturterako 22,4 milioi euroko diru laguntzak bideratuko dizkie HABEk itunpeko euskaltegiei. Pandemia egoerara egokitzeko, ikasgeletako edukiera murriztu behar izan dute zentroek, eta talde gehiago sortu behar izan dituzte. Horrez gain, autoikaskuntza ereduan ikasle gehiago matrikulatu dira. Horri guztiari aurre egiteko baliatuko dituzte euskaltegiek ekarpen berriak.

Ikasturte honetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 56 euskaltegiek eta Internet bidezko sei ikasketa zentroek 26.500 ikasle eta 1.400 irakasle batzen dituzte. Euskaltegi horiek guztiek jasoko dute Jaurlaritzaren ekarpena. Atzo onartutako aldaketari esker, beste 4.421 ordu lagunduko dira ikasturte honetan, eta 797 ikasle gehiagok ikasi ahal izango dute euskara sareko sistemari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.