Etxebizitza eskubidearen alde mobilizatuko dira apirilaren 1ean Baionan

Herrian Bizi plataformak legean, administrazioan eta zerga sisteman eragin nahi du. 2021eko azaroan, 8.000 pertsona elkartu ziren

Herrian Bizi plataformako kideak, atzo, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Leiho anitz itxiak ageri dira Miarritzeko (Lapurdi) Chester egoitzan. 29 bizitegi ditu eraikinak, baina, egun, horietako zortzi baizik ez dira urte osoko alokairuan. Gainerakoak turismorako baliatzen dira nagusiki. Fabrice Dupont da Chester egoitzan bizi diren maizterretako bat. 430 euro ordaintzen ditu hilabetero, 20 metro koadroko aterpe batentzat. Baina ez luzerako. Martxoaren 31n etxegabetuko dute, jabeak bizitegia saltzea erabaki baitu. «Pentsatzen dut bigarren etxebizitza bilakatuko dela, edo Airbnb bat». Mementoko ez du beste bizitegirik aurkitu: orain arte pagatu duen alokairuaren prezioan ez du ezer aurkitu, eta ez da gai gehiago ordaintzeko. «Merkatu pribatuan, konplikatua da: ez dago alokatzeko bizitegirik. Eta bizitegi sozialak blokeatuak dira». Buruko odol kolpe baten ondotik, elbarritua dago Dupont, baina horrek «ez du gauza askorik aldatzen», haren hitzetan. «Ez naiz lehentasunezkoa». Apirilaren 1eko gauean bizitegi horretan gelditzeko asmoa duela iragarri du.

Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren inguruan dagoen arazoaren erakusgarri dira Chester egoitza eta Duponten kasua, Herrian Bizi plataformaren iritziz. Egoitzaren aitzinean biltzeko deia egin zieten atzo goizerako hedabideei, apirilaren 1erako Baionan antolatu duten mobilizazioa iragartzeko. Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio eguna izanen da Europa osoan, eta, karia horretara, Ipar Euskal Herrian ere masak mugitu nahi dituzte. Etxebizitza eskubidea bermatzeko, lege, administrazio eta zerga arloko neurriak hartzea nahi dute. Hori eskatuko dute karrikan.

2021eko azaroan, 8.000 pertsona inguru elkartu ziren Baionan etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra. 30 eragile inguruk deitu zuten mobilizaziora, baina, geroztik, gehiago gehitu dira. Ekainean egin zuten mugimenduaren lehen biltzar nagusia. Gaur egun, arlo anitzetako 40 bat eragile daude Herrian Bizi plataformaren barnean bilduak.

Plataformako kideen iritziz, orduko mobilizazio hark eragin ditu azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian izan diren mugimenduetako bat baino gehiago. Hala nola Pirinio Atlantikoetako prefeturak antolatu duen etxebizitzari buruzko lurraldeko gidaritza batzordea eta Euskal Hirigune Elkargoak onartu duen konpentsazio araua. Urte guziko alokairuak babestea da neurri horren helburua. Etxebizitza turistikoen merkatuan diharduten hainbat enpresak Paueko Administrazio Auzitegian jarritako helegiteak gainditu ondotik, martxoaren 1ean sartuko da indarrean.

Halaber, Ipar Euskal Herrian alokairuen prezioa zaintzeko hautagaitza jarri zuen Euskal Hirigune Elkargoak, eta horri babesa ematera engaiatu zen Eric Spitz prefeta. Gehiegizko alokairurik ez ezarri ahal izatea da helburua. Aurten, Euskal Elkargoko hirigintza planak eta lurralde antolaketarako eskemak ere onartu beharrak dituzte. Horietan guzietan eragitea da xedea.

«Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren krisia ez da ez konpondua ez kudeatua», plataformaren hitzetan. «Nehoiz baino gehiago, presio herritarra atxiki behar dugu, gure arrangurak eta proposamenak entzunarazi, baldin eta erotu den merkatu bat erregulatzeko behar dena egin dezaten nahi badugu».

Egun osoko egitaraua

Apirilaren 1eko manifestazioa 15:00etan abiatuko da, Baionako suprefeturatik. Baina, aitzinetik eta ondotik, egun osoko egitaraua izanen da Xaho plazan: besteak beste, hitzaldiak eta kontzertuak. Ondoko asteetan, mobilizazioaren giroa berotzeko asmoa dute plataformako kideek. Iragarri dute hainbat ekintza antolatuko dituztela. Horretarako, otsailaren 23an elkartuko dira, Itsasuko (Lapurdi) Sanoki gelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.