IRA Berria talde armatuak kazetari baten hilketa aitortu du

Irlandako erakunde errepublikano disidenteak «barkamen zintzoa» eskatu du Lyra McKee hiltzeagatik. Gaur eginen dute hileta, Belfasten

Lyra McKee kazetaria, 2017ko irudi batean. Joan den ortzegunean hil zuten, Derryn. 29 urte zituen. JESS LOWE / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Irlandako talde armatu errepublikano disidente nagusiak bere gain hartu du joan den ortzegunean Derry hirian gertatu zen hilketa. IRA Berria izenarekin ezaguna den taldeak onartu du Lyra McKee kazetaria hil zuela, eta barkamena eskatu du horregatik. «Etsaiari erasotzen ari ginen bitartean, Lyra McKee tragikoki hil zen etsaiaren indarren ondoan zegoela», erran du talde armatu horrek, Irish News egunkarira bidali duen ohar batean. «IRAk barkamen zintzoa eskatu nahi die bikotekideari, familiari eta lagunei Lyra McKeeren heriotzarengatik». Hilketa horrek uharteko giro politikoa aztoratu du azken egunotan. Simon Coveney Irlandako Errepublikako Atzerri ministroa Belfastera joan zen atzo Ipar Irlandako Parlamentuko alderdiekin elkartzeko.

PSNI Ipar Irlandako Poliziak hainbat miaketa egin zituen ortzegun arratsean Derryko Creggan auzoan, talde disidente errepublikanoak Pazko astebururako atentaturen bat prestatzen ari zirela argudiatuta. Horren ondorioz istiluak sortu ziren, eta, IRA Berriak oharrean dioenez, «boluntarioak» bidali zituen «borrokara». Lekukoen arabera, gizonezko batek pistola batekin tiro egin zien Poliziaren ibilgailuei; McKee horien ondoan zegoen, eta gizon horrek bala batekin buruan eman zion. «Gure boluntarioei agindu diegu muturreko neurriak hartzeko etorkizunean etsaiaren aurka jo behar dutenean, eta neurriak hartu ditugu hori bermatzeko».

McKeeren lagun talde batek ohar batean adierazi du barkamen eskeak ez duela «erranahirik» baldin eta talde armatuak ez badu «ekintza positiborik» egiten. Lagun talde horrek «bakearen aldeko martxa bat» antolatu du Belfastetik Derryra, heldu den maiatzaren 25etik 27ra.

Saoradh alderdia

Hilketaren ondoren, jopuntuan paratu dute Saoradh (Askapena, gaelikoz) alderdi errepublikanoa. IRA Berriaren adar politikoa izatea leporatzen diote, eta, herenegun, Derryn protesta bat egin zuten haren bulegoaren parean—esku gorriak margotu zizkioten kanpoaldean, esku odolduak irudikatzeko—. Paul Kehoe Irlandako Errepublikako Defentsa ministroak erran du alderdi hori «desegin» beharko litzatekeela. Saoradhek asteburuan desfileak egin zituen Dublinen eta Derryn, eta haren bi ordezkarik IRA Berriari eskatu zioten barkamena eskatzeko McKee hiltzeagatik.

Poliziak 57 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo, hilketarekin zerikusia duelakoan, eta Terrorismoaren Legea aplikatu zion; horren arabera, 48 orduz atxiki dezakete, eta, epe horren buruan karguak aurkeztu ezean, epaile bati atxiloketa luzatzea eska diezaiokete.

McKeeren hileta gaur eginen dute, Belfasten. Han izatekoak dira Ipar Irlandako Parlamentuko alderdiak, Coveney errepublikako Atzerri ministroa, eta Karen Bradley Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako idazkaria.

IRA Berria 2012an sortu zuten bake prozesua hasi zuen Ostiral Santuko Akordioak (1998) onartzen ez zituzten bi taldek —Benetako IRAk eta RAAD Drogen Aurkako Ekintza Errepublikanoak— eta hainbat norbanakok. IRA Irlandako Armada Errepublikanoa izena bakarrik erabiltzen dute, 1919an sortu zen erakundearen oinordekotza aldarrikatzeko. IRA Berria izenarekin ezagunago da, ordea; alde batetik, mugimendu errepublikanoaren joera nagusiak ez diolako jatorrizko IRAren ondorengo izateko legitimitatea onartzen, eta, bertzetik, Irlandako eta Erresuma Batuko hedabideek izen hori erabili dutelako bai iraganeko, bai oraingo bertze talde armatuetatik bereizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.