Koronabirusa. Mundua

AEBen eta Kanadaren arteko muga itxi dute

Trumpek bilioi bat dolarreko inbertsioa proposatu du ekonomiaren atzeraldia ekiditeko. Neurria lehenbailehen onartzeko eskatu dio Kongresuari. San Frantziskoko badia konfinatuta dago asteartetik

Washinton erdiguneko etorbide bat hutsik, atzo. JIM LO SCALZO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Bi hilabete eman ditu kontrakoa esaten, baina, azkenean, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak onartu du COVID-19 gaitzaren hedatzea arazo larria dela bere herrialderentzat ere. «Hau ez dago kontrolpean munduko herrialde bakar batean ere», adierazi du aste honetan. Hori dela eta, etxetik ahalik eta gutxien irteteko eskatu die herritarrei, eta salbuespenezko hainbat neurri iragarri ditu. Horien artean, AEBen eta Kanadaren arteko muga ixtea.

Bi estatuetako gobernuek muga behin-behinean ixtea adostu zuten atzo. Trafiko oro etengo dute, «oinarrizko» joan-etorriena izan ezik. Trumpek adierazi du neurriak ez diola merkataritzari eragingo.

Herritarren mugimendua mugatzeko neurri zorrotzagoak hartzen hasiak dira AEBetan. Konfinamendu orokorra ezarri dute lehenengoz, Kaliforniako San Frantzisko badian. Asteartean jarri zuten indarrean, eta, orduz geroztik,etxean egotera behartuta daude zazpi milioi pertsona. Asteazkenean, beste bi milioi batu ziren antzeko egoerara, Sacramento eta Monterey inguruan.

Orain arte AEBetan hartu den neurririk gogorrena da, baina ez dirudi bakarra izango denik. New Yorkeko alkate Bill de Blasiok antzeko egoera baterako prestatzeko eskatu die AEBetako hiririk populatueneko biztanleei.

Horrez gain, koronabirusaren hedatzeak ekonomian eragin dituen kalteak leuntzeko neurriak aztertzen ari dira agintariak. Trumpek ekonomiari laguntzeko neurri sorta bat proposatu du. Orotara, 923.000 milioi euroko inbertsioa litzateke. «Handira jokatu nahi dugu». Presidenteak Kongresuari eskatu dio lehenbailehen onar ditzala laguntzak, ekonomia are egoera okerragoan sartu aurretik.

AEBetan, burtsak beherakada handiak izan ditu azken egunotan, 2008ko finantza krisiaz geroztik jasan duen kolperik handiena, eta ekonomiaren sektore garrantzitsuak gelditzen hasiak dira, baita langileak enpresetatik kaleratzen ere. Atzeraldia ekiditeko Etxe Zuriaren proposamenak herritarren artean diru kopuru jakin bat banatzea ere jasotzen du. Guztira, 230.000 milioi euro banatuko lirateke zuzenean, txekeen bidez.

AEBetan 4.300 gaixo baino gehiago atzeman dituzte birusarekin kutsatuta. Horietatik 2.700 atzo eta herenegun baieztatu zituzten. Azken egunetan, gorakada handia izan du gaixo kopuruak. Martxoaren 9an, 213 positibo kasu zeuden; martxoaren 12an, mila inguru; eta azken astean laukoiztu egin da kopurua. Orain arte, 79 lagun hil dira.

«Birus txinatarra»

Koronabirusa «guztiz kontrolpean» zutela ziurtatu zuen Trumpek urtarrilaren 22an, eta birusa «mirari bat balitz bezala» desagertuko zela hitzeman zuen otsailaren 27an. Hala ere, «birus txinatarra» berarentzat hasieratik arazo «oso serioa» izan dela adierazi du. Koronabirusari berriro «birus txinatarra» deitu izanak Pekinen haserrea eragin du. Txinatarrak «estigmatizatzeko» borondatez jokatzea leporatu dio Txinako Gobernuak Trumpi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.