Koronabirusa

EBZk zor erosketa handi batekin erantzun dio Alemaniari

Berretsi du programarekin jarraituko duela, Europako Auzitegiaren babesa duelako

ARMANDO BABANI / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Asteotako zor erosketarik handiena egin du EBZ Europako Banku Zentralak. Eta hori egin du, hain justu, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak mekanismo hori ezbaian jarri duen aste berean. Christine Lagarde buru duen erakundeak 45.000 milioi euro erosi zituen aurreko astean: 34.097 milioi, koronabirusari aure egiteko programa berezitik —inoizko erosketa handiena—; eta 7.114 milioi, 2015ean abiatutako programatik —aurreko asteetakoa baino urriagoa izan zen inbertsioa—. Bigarren hori jarri dute kolokan Alemaniako epaileek, eta, zeharka bada ere, atea ireki dute aurrenekoaren garapena ere oztopatu ahal izateko.

Hautsak harrotu ditu epaiak. Zor subiranoa erosteko programa baita, gaur-gaurkoz, Europako Batasunak koronabirusaren ondorioei aurre egiteko martxan duen tresna nagusiena. Dena den, moneta erakundeak ziurtatu du euroguneko estatuen zor publikoen erosketekin jarraituko duela, Alemaniako Konstituzionalaren epaia gorabehera. Hala adierazi du Isabel Schnabel EBZko batzorde exekutiboko kide alemaniarrak, Italiako La Repubblica egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean.

Schnabelek gogorarazi du EBZ Europako erakunde bat dela, eta horrek esan nahi duela Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak jurisdikzio esklusiboa duela bere jardunaren gainean. Horren harira, gogoratu du auzitegi horrek 2018an ebatzi zuela zor publikoa erosteko programa legezkoa dela eta EBZ bere eskumenen barruan jokatzen ari dela, programa horrek prezioen egonkortasuna bermatzea duelako xede.

Alemaniako konstituzionalak, baina, ohartarazi zuen horren eragina «neurriz kanpokoa» dela, zor subiranoa erosteko tresna horrek diru politikan ez ezik politika ekonomikoaren beste arlo batzuetan eragiten duelako, hala nola estatuen zerga politiketan eta aurrekontuetan. Hori hala, EBZk bere eskumenak gainditzen dituela salatu zuen, eta Alemaniako banku federalari —Bundesbanki— agindu zioen zor erosketetarako ekarpenak eteteko hiru hilabetean, erakundeak hori argitu arte.

Erreakzio soka luzea ekarri du erabakiak. Christine Lagarde EBZko presidentea irmo mintzatu da Alemaniaren ultimatumaren aurrean: ez direla kikilduko esan du eta «beharrezkoa den guztia» egingo dutela euroguneko susperraldi ekonomikoa laguntzeko. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, berriz, herrialde hartako europarlamentari batzuei erantzunez esan du Alemania zigortzeko aukera aztertzen ari direla, «Europaren burujabetza inbaditzeagatik».

Enpresen nazionalizazioa

Bestalde, Europako Batzordeak dagoeneko onartu du laguntza publikoei buruzko arauen aldaketa, eta horrek aukera emango die gobernuei pandemiak kaltetutako enpresen kapitalean sartzeko, enpresa handiak ala txikiak izan, kotizatuak izan zein ez.

Bruselak eskatuko du 250 milioi eurotik gorako laguntzak jakinarazteko, horiek banaka ebaluatzeko. Herrialde batzuek, Alemaniak besteak beste, nahi zuten 500 milioitik gorakoak soilik aztertzeko.

Araua indarrean dago jada. Estatuek 2021eko ekainera arte egin ahal izango dituzte esku hartzeak, eta sei urteko epea dute enpresen kapitaletik irteten hasteko. Zazpigarren urtetik aurrera, berregituraketa plan bat aurkeztu beharko diote Bruselari.

Arauaren arabera, birkapitalizazioak soilik egin ahal izango dira «beste irtenbide egoki bat eskuragarri ez dagoenean», eta gobernuek esku hartu ahal izango dute «gizarte sufrimendua edo merkatu akatsak saihesteko, enpleguaren galera masiboengatik, konpainia berritzaile edo sistemiko baten irteeragatik edo funtsezko zerbitzu bat desagertzeko arriskuagatik».

Batzordeak zehaztu duenez, laguntza enpresaren bideragarritasuna bermatzera mugatu behar da, eta bideratu behar da onuradunak koronabirusaren aurretik zuen kapital egitura berrezartzera, baina ez gehiagorako.

Konpetentzia eta gardentasuna

Herrialde batzuek nolabaiteko mesfidantzaz ikusi zuten Bruselaren proposamena, merkatu bakarrean aldaketak eragin eta lehia desleialeko egoerak sor zezakeelako.

Hala, laguntzak ezin izango dira erabili 2019ko abenduaren 31 baino lehen krisi ekonomikoan zeuden enpresen jarduera ekonomikoak laguntzeko.

Gainera, arauak jasotzen duenez, «birkapitalizazioaren %75 gutxienez» erreskatatu arte, onuradunei debekatu egingo zaie %10etik gorako partaidetzak erostea lehiakide duten enpresetan edo negozio lerro berekoetan.

Trukean, estatuak «behar besteko ordainsaria» jaso behar du bere gain hartutako arriskuengatik, eta hori bermatzeko «pizgarriak» ezarri behar dira, enpresariek edo jabeek gobernuak aurretik erositako akzioak ahalik eta denbora laburrenean eros ditzaten.

Estatuek aurreikusitako enpresetan sartzeko bideak honako hauek izan daitezke, besteak beste: akzio berriak jaulkitzea eta zorra finantzatzeko tresna hibridoak, kapital bihur daitezkeenak, bonu bihurgarrien edo partaidetza-maileguen bidez.

Batzordeak gardentasun neurri batzuk jasotzen ditu araudian. Hala, estatuek eurek lagundu dituzten konpainien nortasunari eta zenbatekoei buruzko xehetasunak ezagutarazi beharko dituzte birkapitalizazioa egin eta hurrengo hiru hilabeteetan, eta onuradunek nahitaez argitaratu beharko dute laguntzak zertarako eta nola erabiltzen duten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.