Hondakinen gertuko kudeaketaren alde

Sustrai Erakuntza fundazioak salatu du Nafarroako hondakinen kudeaketa «konplexua eta garestia» dela. Organikoaren kasuan, herritarren ahalegina «ezerezean» geratzen dela salatu du

Sustrai Erakuntzako kideak atzoko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Nafarroako hondakinen kudeaketa zitala da. Historikoki, Nafarroa hondakinen kudeaketaz harro agertu da, baina garai haietako esperientzia onak ahaztu egin dira. Egungo eredua garestia eta konplexua da». Ondorio hori utzi du Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako etxeetako hondakinen kudeaketari buruz egindako txostenak. Alternatiba ere planteatu du txostenak: gertuko kudeaketa. Nafarroako egoerari buruzko analisiaz gain, Caparroson handitu asmo duten etxaldeari, Zubietako errausketa plantari eta Zaldibarko hondamendiari buruzko azterketak ere biltzen ditu.

Egun, Nafarroako Gobernuak eta mankomunitateek hondakinen inguruan egiten duten politika ez da egokia, fundazioaren hitzetan, enpresa pribatizatuen bidez kudeatzen dutelako. «Enpresa handiei mesede egin nahi diete, eta hondakinak kudeatzeko sistema konplexu eta garestiak baliatzen dituzte».

Sustraik salatu duenez, hondakin organikoena da kudeaketarik eskasena. Egun, Nafarroan hondakin organikoak birziklatzeko bi sistema daude: borzgarren edukiontzia eta banakako edo auzokako konposta sistema. Borzgarren edukiontzian botatako zaborra ez dela behar den bezala sailkatzen nabarmendu du Martin Zelaia Sustraiko kide eta txostenaren egileetako batek: «Hondakin honen zatirik handiena, konposta egiteko erabili beharrean, beste enpresa pribatu batera eramaten da, Caparrosoko HTNra». Hain zuzen ere, enpresa hori ezaguna da Nafarroa Erdialdeko eta Erriberako lurzoruen eta ur ibilguen kutsadura larriagatik, egungo behi haztegia handitu nahi du. Horrek isuriko lukeen hondakin kopurua nabarmen handituko litzateke

Caparrosoko plantak berak sortzen dituen hondakinez gain, kanpotik hartzen dituenak ere tratatzen ditu bertako biometanizazio plantan. Hain zuzen ere, Montejurrako eta Sakanako hondakin organiko ez bertze guztiak jasotzen ditu planta horrek. Funtsean, Zelaiak salatu du herritarrek organikoa sailkatzeko egiten duten ahalegina «ezerezean» geratzen dela, Caparrosoko plantan egindako transformazioaren ondoren kutsadura bilakatzen baita hasieran organikoa zen hondakina.

Horren aitzinean, Sustraik hondakinen kudeaketa parte hartzailea, erraza eta hurbilekoa proposatu du. Hala, txostenak jasotzen duenez, bereziki, lehentasuna eman behar zaio materia organikoa bereizteari, organikoaren kudeaketa egokiak gainerako materialak egoki sailkatzea ekarriko bailuke, hondakin organikoek beren hezetasuna dela-eta gainerako materialak kutsatzen baitituzte. Hondakinak eramaten diren instalazioek ahalik eta gertuena egoteko eskatu dute, hondakinak ahalik eta gutxiena garraiatzeko eta kutsadura ekiditeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.