Kolonbiako armadak FARCeko hamar disidente hil ditu aire eraso batean

Autoritateen arabera, narkotrafikoaren kudeaketaz arduratzen zen taldea. Nariño eskualdean egoeraren kontrola galdu dute agintariek

Molano ministroa, asteburuan eginiko agerraldi batean. M. DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen talde disidente bateko gutxienez hamar lagun hil zituen Kolonbiako armadak astelehen gauean. Airez egin zuen erasoa, ekialdeko Guainia departamentuan, Brasilgo mugatik gertu. «Operazioa aire eraso estrategiko bati esker egin da, eta, komando bereziek eginiko eraso maniobra baten bidez, subjektuak neutralizatzea lortu da», azaldu du Diego Molano Defentsa ministroak. Azken asteetan okerrera egin dute talde armatuen eta armadaren arteko liskarrek, eta herenegungoa ez da halako eraso bakarra izan.

Armadaren azken erasoak Armando Rios Lehen Frontea zuen helburu, eta, Molanok jakinarazi duenez, hildakoen artean dago Jaider Steven Cisneros Bossa, Ferney. Talde disidenteek Guaviare, Vichada eta Guainia departamentuetan eginiko «operazio kriminalen» gorakadaren buru izatea leporatzen zion Poliziak hari, baita droga trafikoa koordinatzea. Defentsa ministroaren arabera, Cisnerosek hamabi urte egin zituen FARCen eta gerora eratutako talde disidenteetan, eta Nestor Gregorio Vera Ivan Mordisco gerrillariaren albokoa zen. Azken hori Kolonbia ekialdeko disidenteen buruzagi nagusietako bat da, armadaren arabera.

Verak gidatutako Lehen Fronteko fakzioa 2016an sinatutako bake akordioen aurka agertu ziren lehen taldeetako bat izan zen, eta, azken asteetan, kide kopurua handitzeko asmotan ari zen lanean, Molanoren esanetan. Horretarako «errekrutatze behartuak» egiten ari zirela gehitu du, eta 8.000 laguneko talde bat osatzea zutela helburu. Hala, uste du erasoaren ostean eremuak «lasaitasuna» berreskuratuko duela.

Astelehen gauekoa egun gutxian eginiko estilo bereko bigarren bonbardaketa izan da. Gainera, bat egin du 72 ordu lehenago FARCen disidentzien egituren aurka eginiko beste operazio batekin. Molanok jakinarazi du «lau tona kokaina klorohidrato» konfiskatu zituztela hego-mendebaldeko Nariño departamentuan. Ministroak uste du horrek nabarmen eragingo diela erakundearen diru iturriei.

Hura, ordea, ez da izan Nariñon talde armatuekin lotutako gertaera bakarra. Igandean, gutxienez bost lagun hil zituzten Tumaco udalerrian. Armadako jeneral Alvaro Vicente Perezen esanetan, «eskualdean dauden talde armatu antolatuen arteko liskar bat» izan zen gertatutakoa, eta Poliziak FARCen talde disidente bat jo zuen susmagarri nagusitzat, Urias Rendon.

Agintarien esanetan, FARCen hainbat talde disidente, ELN Nazioa Askatzeko Armada eta beste hainbat erakunde armatu daude inguruan. Bogotaren arabera, horren arrazoia da koka landa gune gehien dituzten herrietan bigarrena dela Tumaco.Gauzak hala, agintariei eskuetatik ihes egin die egoerak, John Rojas gobernadoreak onartu duenez: «Ez dago segurtasunik mugetan, eta autoritateek ez dute ezertarako gaitasunik».

Egun berean, Putumayoko legez kanpoko laborantzaren aurkako arduradun nagusia ere hil zuten, Fulber Norley Ayala Zuluaga maiorra. Armadaren ustez, FARCek hartutako bidea arbuiatu zuten disidenteak daudehilketa haren atzean; baita larunbatean Cauca Haranean zeuden hiru militarren hilketen atzean ere.

Bake akordioak bost urte

Igandean bete zituen bost urte Kolonbiako Gobernuak etaFARCek sinatutako lehen bake akordioak, 2016ko azaroaren 24an sinatutako behin betiko testuaren aurrekari izan zenak. Akordio hark, egungo presidente Ivan Duque eta haren aliatuak ez ezik, FARCeko hainbat talde ere izan zituen aurka. Gerora ere hainbat gerrillarik borroka armatuari berrekitea erabaki zuten; esaterako, Luciano Marin Arango Ivan Marquez-ek, bake elkarrizketetan negoziatzaile izanikoak.

Gauzak hala, orduz geroztik ohikoak izan dira disidenteen eta armadaren arteko liskarrak. Horiek soilik ez, bake akordioaren alde agertu ziren gerrillari ohiak ere talde paramilitarren eta armadaren jomugan daude oraindik. El Tiempo egukariaren arabera, 288 gerrillari ohi hil dituzte 2017tik; 41, urtea hasi zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.