Kote Cabezudo epaitzen ez dira hasi, aldeen eskeak argitu behar direlako

Akusatuak ez die erantzungo akusazio partikularraren galderei. Ondo bidean, gaur hasiko dira

Biktimen aldeko elkarretaratzea, atzo, epaitegiaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Arantxa Iraola - Jone Arruabarrena
Donostia
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako auzibide nagusiko epaiketa atzo zen hastekoa, Donostian, Gipuzkoako Auzitegian, baina bertan behera utzi zuten saioa, argudiatuta aldeek egindako hainbat eskakizun argitu behar zirela. 2013ko urtarrilean jarri zuen andrazko modelo batek argazkilariaren aurkako salaketa bat lehenengoz. Argazkilari jardunean egindako delituak leporatu zizkion. Cabezudo erretratugile ezaguna zen aldi hartan, Donostia inguruan bereziki: moda argazkiekin hasi zen aurrena, baina argazki erotiko eta pornografikoetara egin zuen gero eta sarriago. Harekin modelo jardundako beste hainbat emakumek ere salaketak jarri dituzte ordutik, eta, orain, hamazazpi andreren kasuak aztertuko dituzte epaiketan. Salaketak, hala ere, gehiago dira; preskribatuta daude hainbat. Okerrik ez bada, gaur goizean hasiko da epaiketa, eta akusatuak hitza hartuko du. Preso dago egun, Martuteneko kartzelan; 2018ko maiatzetik dago espetxeratuta, eta, berez, bere kontrako sententziarik ezean, ezingo luke kartzelan jarraitu han lau urte konplitzean. Halere, atzoko saioaren ostean, aldeek adierazi zuten espero dutela ordurako epaituta egotea.

Epaiketen lehen egunetan, ohikoa izaten da aldeek eskakizunak egitea, eta horiek eragin zuten atzerapena atzo. Defentsak bi eskari egin zituen, besteak beste. Batetik, adierazi zuen akusatzaileetako bati egindako kontratu batzuk aurkeztu nahi dituztela orain auzibidera. Akusazioak adierazi zuen agiri horiek onartu aurretik argitu nahi dutela benetakoak diren, gogora ekarrita Cabezudo zigortuta dagoela jada agiri faltsuak-eta aurkezteagatik. Defentsak eskatu zuen, baita ere, orain arte auzibidean agertu gabeko pertsona baten lekukotasuna. Cabezudoren hainbat argazki saiotan parte hartu zuela esan dute, eta haren hitzak argigarriak izan daitezkeela. Akusazioak, ordea, denbora eskatu zuen, lekuko hori benetan nor den jakiteko. Liburu batzuk ere sartu nahi ditu orain sumarioan defentsak: gizon eta andreei biluzik ateratako erretratuekin egindakoak dira.

Aurrez erakutsitako jarrera

Bide batez, atzo jakin zen akusatuak ez duela asmorik akusazio partikularraren galderei erantzuteko. Atzoko saioaren ostean, akusazioko abokatu Mario Diezek adierazi zuen jarrera horrek ez dituela ezustean hartu, lehendik ere haiek egindako galderei ez erantzuteko hautua egin izan duelako behin baino gehiagotan. «Horretarako eskubidea du», azaldu zuen: «Baina adierazgarria da biktimek egingo dizkioten galderei erantzun nahi ez izatea». Aintzat hartu behar da hau Cabezudoren kontrako auzibide nagusia izanik ere ez dela bakarra. Antzeko delituak egozten dizkiote guztietan: lotuta daude modeloei argazkiak egitean ematen zien tratu okerrarekin, egiten zizkien erasoekin, eta ateratzen zizkien argazkiak, baimenik gabe, ematen zien erabilerarekin. Interneten nahieran jartzen zituen argazkiak, eta, modeloek kentzeko eskatuta ere, ez zien jaramonik egiten.

Akusazio partikularrak, bestalde, lekuko biren parte hartzea ere eskatu zuen atzo, argazkilaria «haur pornografiaren ekoizpenarekin» lotzeko.

Jorge Bermudez fiskalak kazetarien aurrean hitz egin zuen atzoko saioaren ostean. Adierazi zuen «konplexuak» izaten direla epaiketa hasi aurreko kontuak, baina ondo argitu beharrekoak direla, gero arazorik gabe jarrai dezan denak. Esan zuen atzo sortu ziren galderak ez zirela «eguneko martxan» argitzeko modukoak, eta horregatik ebatzi zela etena egitea.

Protestak epaitegi aurrean

Hedabideen presentzia handia izan zen epaitegi aurrean, eta Indarka plataformak ere protestara deitu zuen, Kote Cabezudoren biktimentzako justizia lelopean. Adierazi zuten salatu duten emakumeak baino «askoz gehiago» zirela Cabezudok eraso egindako andreak: «Donostiako edozein herritarrek ezagutzen du gutxienez biktima bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.