Italiara itzuli dute trofeo gisa

37 urtez erbestean egon ostean, Bolivian atxilotu dute Cesare Battisti ekintzailea. Brasilen babestuta egon da, baina Bolsonarok Salviniri ziurtatu zion estraditatu egingo zuela

Poliziaz ingururatuta iritsi zen Battisti Erromako Ciampino aireportura, atzo. ETTORE FERRARI / EFE.
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Italiara estraditatu dute Cesare Battisti, PAC Komunismoaren aldeko Proletario Armatuak taldeko kidea izandakoa. Atzo iritsi zen Erromara, 37 urtez erbestean egon ostean. Bizi guztiko espetxe zigorrera kondenatu zuten Italian, Battisti bera presente ez zegoen epaiketa batean; 1977 eta 1979 bitartean lau pertsona hil izana leporatu zioten. Hala ere, ekintzaile ohiak bere errugabetasuna defendatu izan du. Ihesi zebilela, hainbat herrialdetatik pasatu ondoren, Santa Cruz de la Sierran (Bolivia) atxilotu zuten larunbatean, Interpolen bidez.

Izan ere, Brasilgo egoera politikoak zeharo baldintzatu ditu Battistiren gorabeherak. 2004tik Brasilen babestuta zegoen, baina Jair Bolsonarok presidente kargua hartu baino lehen bermatu zion Matteo Salvini Italiako Barne ministroari Battisti atxilotzeaz arduratuko zela. Eskuin muturraren indar erakustaldia izan da, bai Brasilgoaren aldetik, ba Italiakoarenetik. Salvinik erakutsi nahi izan du orain arteko agintariek lortu ez dutena egin duela. Atzoko konpromisoak alde batera utzi, eta aireportura joan zen agerraldi berezia egiteko. Trofeo gisa erabili zuen Battisti, garaipenaren ikur moduan.

Sardinian beteko du ezarrita daukan bizi guztiko espetxe zigorra 64 urte dituen aktibista ohiak; Oristanoko kartzelan, hain zuzen. Giusseppe Conte Italiako lehen ministroak adierazi du «emaitza borobila» dela lortutakoa, eta justiziaren eraginkortasuna azpimarratu du. Salvinik, berriz, azaldu du atxiloketak erakusten duela «pentsamendu aldaketa» bat dagoela munduan. «Erratzen duenak ordaindu egin behar izaten du», gaineratu du. Horrez gain, aske dabiltzan beste zenbait «gaizkile» atxilotzeko lanean jarraituko dutela jakinarazi du, baina ez du inoren izenik eman.

Battistiren atxiloketa Bolivian izan da, eta horrek eztabaida sortu du. Izan ere, ezkerreko alderdi bat dago gobernuan, Evo Moralesen MAS Sozialismorako Mugimendua alderdia. Carlos Romero Boliviako Gobernu ministroak adierazi du «derrigorrez» bidali behar izan dutela Italiara, «migratzaile ilegala» zelako. MASeko gazte erakundea, aldiz, ekintza horren aurka dago, El Deber egunkarian azaldu duenez: «Ezin da [Battisti] faxismoaren eskuetan utzi». David Tezanos Pinto Boliviako arartekoak ere kritikatu egin du hartutako neurria. Argudiatu du Battisti Italiari emateak Errefuxiatuen Estatutuaren Hitzarmena urratzen duela.

Behin Battisti Italiako kartzela batean izanda, Milango fiskaltzak jakinarazi du ikerketa bat hasiko duela urte hauetan guztietan ekintzailea babestu duen sarea zein den argitzeko.

Ihes betean ibilitakoa

Battistiren bizitza etengabeko ihesa izan da. 1976an batu zen PAC taldera, eta hamarkada horren amaieran sartu zuten kartzelan, lau lagun hiltzea egotzita. 1981ean, ordea, ihes egin, eta Frantzian babestu zen, eta estradizioa saihestu ahal izan zuen. Izan ere, garai hartan Mitterrand doktrina zegoen indarrean, eta Frantziak bertan bizitzeko baimena eman zien atzerriko militanteei, borroka armatua uztearen truke.

1990ean klandestinitatetik atera zen Battisti, eta intelektual eta idazle ospetsu bilakatu zen. Alabaina, 2004an, orduko Frantziako presidente Jacques Chiracek irizpidea aldatu, eta Battisti estraditatzea erabaki zuen, baina ekintzaileak ihes egin zuen. Mexikora joan zen, eta horren ondoren iritsi zen Brasilera. 2007an atxilotu zuten, baina herrialdeko presidente zen Luiz Inacio da Silva Lula-k babestu egin zuen Battisti, eta ez zuen Italiara itzularazi. Brasilen izan da abendura arte; Michel Temerrek agintaldia amaitu aurretik —abenduaren 31n bukatu zuen, Bolsonarok presidente kargua hartzearekin batera—, dekretu bat sinatu, eta ekintzaile italiarra atxilotzeko agindua eman zuen. Battistik ihes egin zuen berriz, larunbatean Bolivian atxilotu zuten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.