Gerraren irabazleak bi argazkitan banatuta

AEBetako, Erresuma Batuko eta Frantziako agintari gorenak Ingalaterran elkartu dira E egunaren 75. urteurrena oroitzeko. Errusiako eta Txinako presidenteek bilera bat egin dute Moskun

ANDY RAIN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
E egunaren 75. urteurrena da gaur. 1944ko ekainaren 6anAEBetako, Erresuma Batuko, Kanadako eta bertze herrialde batzuetako 156.000 soldadu lehorreratu ziren Normandian(Frantzia), Europa inbaditu eta Alemania nazia garaitzeko. Urteurren borobilak izan direnetan, munduko estatu boteretsuenetako agintari gorenak elkartzeko plaza bihurtu izan da Normandia. Garaian garaiko egoera geopolitikoaren erakusgarri izan dira urteurren berezi horiek, eta halakoxea izanen da gaurkoa, gerraren irabazle izan ziren herrialdeen arteko banaketa irudikatuko baita.

Mendebaldeko aliatuek atzo egin zuten lehenbiziko oroitza ekitaldia, Portsmouthen (Ingalaterra). Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak eta Elizabeth II.a erreginak Donald Trump AEBetako presidentea eta Emmanuel Macron Frantziakoa hartu zituzten han, baita gerran etsai izan zuten herrialdearen agintari gorena ere, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. Argazki nagusian Merkelen ondoan jarri zen Prokopios Pavlopulos Greziako presidentea; hain zuzen, Alemaniak Greziaren eskaera beteko ez duela erantzun zuen egun berean — kalte-ordainak eskatu dizkio I. eta II. Mundu Gerrengatik—.

Ezkutuan utzi nahi izan zituzten Trumpek Ingalaterrara egin duen bisita zalapartatsua eta Europako aliatuekin dituen xextrak, lehorreratzeko beteranoen omenaldia ez zapuzteko. Franklin D. Roosevelt AEBetako presidenteak 1944an egin zuen hitzaldia irakurtzera mugatu zen Trump.

70. urteurrenean ez bezala, Vladimir Putin Errusiako presidentea gonbidatu gabe geratu da 75.ean. Gaur, beraz, argazkitik kanpo utziko dituzte gerrako bertze bi irabazle handiak, Errusia eta Txina, bi potentzia horiek Mendebaldearekin duten harreman zailaren adierazle; hala ere, haiek argazki propioa egin dute. Putinek Xi Jinping Txinako presidentea hartu zuen atzo Moskun, Xik bigarren agintaldia hasi zuenetik Errusiara egin duen lehenbiziko bisita ofizialean. Gaur, E egunaren urteurrenean, berriz ere elkartuko dira San Petersburgon, Nazioarteko Foro Ekonomikoan. «Lortu dugu gure arteko harremana eramatea historian izan duen maila gorenera», adierazi zuen Xik atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.