«Iraultzaileok leialak izango gara Fidelen oinordetzarekin eta Raulen adibidearekin»

Biltzar Nazionalak Miguel Diaz-Canel hautatu du Kubako presidente, botoen %99,83rekin. Castrok konstituzioa aldatzeko proiektua aurkeztuko du uztailean

Miguel Diaz-Canel Kubako presidente hautatua, atzo, Biltzar Nazionalean, Raul Castro haren aurrekoarekin. EFE.
ander perez zala
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Mezu argia bidali zien atzo herritarrei eta munduari Miguel Diaz-Canel Kubako presidente berriak, kargua hartzean: Kuba ez da orain arteko bidetik aterako, baina gai izango da bere okerrak ulertu, zuzendu eta horietatik lezioak ateratzeko, etorkizunera begira «aberria eta sozialismoa» defendatzeko. Diaz-Canel txalo artean hartu zuen Biltzar Nazionalak, ganberako presidenteak haren izendapena baieztatu zuenean —botoen %99,83rekin—. Arretarik handiena haren diskurtsoan zegoen jarrita: «Iraultzaileok leialak izango gara Fidelen oinordetzarekin eta Raulen adibidearekin», laburbildu zuen, datozen urteei begira. Aldaketarako lehen pausoa eman du jada Kubako aginteak, Diaz-Canel iraultza sozialistan parte hartu ez zuen belaunaldiko lehen pertsona baita kargu hori hartzen. Baina Raul Castro haren aurrekoak «pisu nabarmena» izango du oraindik erabakirik garrantzitsuenetan, hori egiteko «zilegitasuna» baitu, presidente hautatuak aitortu zuenez; Castro Kubako Alderdi Komunistako idazkaria izango da 2021era arte, boterean gertatzen ari den trantsizioa bermatzeko.

Orain arte egin bezala, presidenteak atzoko bilkura baliatu behar zuen gobernua proposatzeko, biltzarrak baiezkoa eman eta exekutiboa osa zedin, baina Diaz-Canelek Ministroen Kontseiluaren baieztapena uztailean egingo den lehen osoko bilkurara atzeratu du, atzoko abagunearen «garrantziak bultzatuta»; Salvador Valdesi baieztatu zioten soilik kargua, atzodanik Kubako lehen presidenteordea denari.

Bost urteko agintaldia du aurretik presidente hautatuak. Pixkanaka bada ere, belaunaldi aldaketan sakontzeko legegintzaldian sartu da herrialdea, eta horren isla da Biltzar Nazionala: ganbera osatzen duten 605 diputatuen batez besteko adina 49 urte da, horietako 338k aurrenekoz beteko dute kargua, eta 1969ko iraultzaren ostean jaiotakoak dira 530. Bestalde, 322 dira emakumeak.

605 ordezkariek txalo zaparrada eman zieten bai Castrori bai Diaz-Caneli, biek botere aldaketa irudikatu zutenean: batak besteari eskua eman, elkar besarkatu, eta Castrok bere eserlekurako bidea hartu zuen. Presidente hautatua geratu zen orduan mikrofonoaren aurrean, haren aurrekoaren lana goratzeko, eta lanaren garrantzia azpimarratzeko: «Gizarteak dituen arazoen analisian sakondu behar dugu, beharrezko aldaketak sustatzeko». Teknologia berrien zalea ez den arren, Diaz-Canelek gailu horien garrantzia onartu zuen, eskaintzen dituen «baliabideak» sozialismoaren ideiak hedatzeko balio dezaketelakoan.

Atzerri politikari begira ere, orain areko bideari eutsiko dio presidenteak: «Inork ez du gure subiranotasuna eta independentzia makurraraziko».

Aldaketa batzuk udan

Diaz-Canelen ostean mintzatu zen Castro, eta legegintzaldi berrirako lehen neurriak iragarri zituen —diputatua da—: uztailean aurkeztuko du Biltzar Nazionalean konstituzioaren erreforma egiteko proiektu bat, gerora herritarren oniritzia beharko lukeena. Oraingoz, aurreratu du goi kargudunekin eta herrialdeko «erantzukizunekin» zerikusia duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.