Txileko zortzi militar ohi zigortu dituzte 26 hilketarengatik

Heriotzaren Karabanako kideek hil zituzten 26 presoak, 1973ko urriaren 19an, Calama hirian

Diktadura garaian hildako hainbat pertsonaren argazkiak. JUAN CARLOS GOMI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Augusto Pinocheten diktadura garaian egindako krimenak ikertu eta epaitzen jarraitzen dute Txilen. Zortzi militar ohi zigortu zituzten atzo, 1973ko urriaren 19an 26 pertsona fusilatzeagatik Calama hirian. Zigortuen artean daude Pedro Octavio Espinoza, Juan Viterbo Chiminelli eta Sergio Carlos Arredondo, zeinak 20 urteko kartzela zigorrak jaso dituzten, 21 presoren giza hilketagatik. Horien artean zegoen Carlos Berger Guralnik kazetari eta ekintzailea, Carmen Hertz diputatuaren senarra. Beste bost militarri hamabost eta hamabi urte arteko kartzela zigorrak jarri dizkiete, bahiketa, homizidioaeta delitua egiten laguntzea egotzita.

Epaiketa hasi aurreko ikerketak baieztatu ahal izan duenez, 1973ko urrian armadako hainbat militar heldu ziren Calamako aireportura, tartean Sergio Arellano Stark jenerala eta Heriotzaren Karabanako burua. Handik Calamako espetxera joan ziren, eta militarrek preso hartutako 26 pertsona atera zituzten, nahiz etahorretarako agindurik izan ez. Ondoren, fusilatu egin zituzten. «Presoek eskumuturrak lotuta zituzten, eta ahoa eta begiak estalita. Militarrek, aldiz, arma automatikoak zituzten, presoak hiltzeko asmoz eramanak. Horrek eta prozesu guztia odol hotzean antolatu izanak frogatzen du presoak hiltzeko helburu bakarrarekin joan zirela Calamara», dio epaiak.

Biktimetako hiruren kasuan, gainera, senideek ez dituzte oraindik haien gorpuak topatu; izan ere, karabanako kideek maiz egiten zuten moduan, horiek ere itsasora bota zituztela uste da. «Presoak hiltzearekin aski ez, eta haietako askoren gorpuak eta aztarnak ezkutatzen ahalegindu ziren; hainbatetan, hilotzaklurperatuta zeuden tokietatik atera eta beste hobi batzuetara eraman zituzten, edo itsasora jaurti».

Calaman, Heriotzaren Karabana igaro zen beste hainbat hirietan bezala, fusilatuak hobi komun batean sartu zituzten hasieran, baina 1978an, hilotzak aurkituko zituzten beldur, tokiz aldatu zituzten. 1990eko hamarkadan eraikuntza lanetan ari zirela aurkitu zituzten haietako batzuen aztarnak, San Pedro de Atacama hiritik 16 kilometro ingurura. Aurkitutakoen artean zeuden Carlos Bergerren aztarnak. «Ankerkeriaz jokatu zuten, oposizioa suntsitzeko asmoz. Orain ondo dakigun moduan, Calamako biktimen gorpuak hobitik atera zituzten 78an, beste toki batera eraman edo itsasora jaurtitzeko. Baina hobian geratutako hondakinen aztarnei esker izan dugu gure senideen berri», esan du Hertzek.

Mehatxuak

Bergerren hilketa dela eta, diktadurako krimenak argitzeko borrokaren ikurretako bat da Carmen Hertz diputatua. Aldarrikapen horrek, baina, baditu bestelako ondorio batzuk ere. Diputatuen Ganberako buru Miguel Landerosek salatu duenez, Hertzek heriotza mehatxuak jaso ditu azken asteetan bere telefonoan eta sare sozialetan. «Gizon armatuen eta helikopteroetatik jaurtitako gorpuen irudiak bidali dizkiote telefonora, baita Facebookeko eta Twitterreko bere kontuetara ere. Horiekin batera, COVID-19a harrapatu eta hiltzea opatzen dioten mezuak ere bidali dizkiote», azaldu du Landerosek, eta jakinarazi du salaketa jarri dutela mehatxuak iker ditzaten.

Ez da lehen aldia Hertzek mehatxuak jasotzen dituena, baina, haren gertukoek salatu dutenez, azken hilabeteetan ugaritu egin dira. «Apiril hasieran telefono deiak ere jaso zituen, torturatu eta hil egingo zutela mehatxatuz. Gauean edo goizaldean deitzen zuten. Horietako batzuk grabatu eta froga gisa aurkeztea lortu dugu», esan du Diputatuen Ganberako buruak. Haren esanetan, dei eta mehatxuek ezinegona eragin diote Hertzi, baita kezka ere, mehatxatzaile horiek urrats bat gehiago egin eta esandakoa beteko ote duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.