Oraindik ezingo da lanean hasi

David Silvak positibo eman du COVID-19aren proban. Haren aurkezpenaren ostean jakin da emaitza, eta jokalaria ez da Zubietan izan

David Silva, maskararekin, atzo Anoetan egindako aurkezpenean. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ilusioz gainezka hasitako eguna ilundu egin zitzaion gero David Silva Realeko jokalari berriari (Arguineguin, Espainia, 1986). Goizean aurkeztu zuten jokalari txuri-urdin moduan, baina arratsaldean jakin zen positibo eman zuela koronabirus proban. Beraz, oraingoz ezingo da Zubietan taldekideekin lanean hasi.

Jokalariari ostiralean egin zioten lehen proba, sorterrian. Negatibo eman zuen, eta atzo goizean, aurkezpena baino lehen egin zioten bigarrena Donostiako Poliklinikan. Jokalaria ez da taldekideekin egon, eta atzotik bakartuta dago, protokoloari jarraituz.

Talde txuri-urdinean eragina izaten ari da koronabirusa, herenegun jakin baitzen Mikel Oiartzabal kapitainak ere positibo eman duela, eta aurretik beste hiru kasu egon dira. Jokin Aperribai presidentea ere atzo ezin izan zen Silvaren aurkezpenean egon. Itxialdian da, senide batek positibo eman eta gero.

Goizean, Silvak estreinako aldiz jantzi zuen Realaren elastiko txuri-urdina, eta hurrengo bi sasoietan etxe izango duen estadioan lehen ostikadak eman zizkion baloi bati. Orain artean Manchester Cityko kapitaina izan da jokalaria, eta Ingalaterran osatutako ibilbide oparoari segida eman nahi diola adierazi zuen: «Asko irabazteko aukera izan dut nire ibilbidean, eta horretan saiatuko naiz hemen ere». Realean aritzeak «ilusioa» sortu dio Silvari, eta «eskertua» agertu da jendeak egin dion harrerarengatik: «Maitasun keinu asko egin dizkidate. Hasteko irrikaz nago, taldekideak eta gainontzeko lagunak ezagutzeko gogoz».

Donostian «urte onak igaro» eta klubaren proiektuari bere aletxoa jartzeko prest agertu da Silva. Kanariarraren arabera, zenbait faktorek eragin dute hura Realera heltzea. Txuri-urdinen joko estiloa jarri du horren adibide: «Realaren jokatzeko modua egokia da niretzat».

Datorren sasoia ez da Silvak Euskal Herrian egingo duen lehendabizikoa. Orain hamabost urte Eibarren aritu zen utzita, eta orduan pilatutako bizipenek Realaren eskaintza onartzera bultzatu dute kanariarra. Silvak azaldu duenez: «Oso gustura egon nintzen jendearekin, eta, orain, familiarekin, itzuli egin naiz».

Ingalaterrako ligan egin ditu azken hamar urteak. Txapelketa «lehiakorra» da, eta uste du bera ere halakoxea dela. Hargatik, «garaikurren borrokan» segitu ahal izatea eta «Europan segitzea» ezarri ditu helburu gisa.

Akordio «azkar» bat

Realak Silva fitxatzea ustekabea izan zen zaleentzat. Baita jokalariarentzat ere, hein batean; Silvak atzoko prentsa agerraldian adierazi zuenez, «ezusteko atsegin bat» izan zen Donostiako klubaren eskaintza. Bi aldeek «azkar» itxi zuten tratua, Silvaren esanetan: «Badakit kluba gauzak ondo egiten ari dela».

Alde horretatik, azken urteetan futbolaren gorengo mailan eskaini duen jokoari eutsi nahi dio Donostian: «Jokalari garrantzitsua izan nahi dut, eta gazteei ahalik eta gehien lagundu».

Azken bi hamarkadetan ibilbide oparoa osatu du 34 urteko futbolariak. Manchester Cityn osatu dituen denboraldietan hamalau garaikur eskuratu ditu urdinekin. Horrez gain, Valentziarekin irabazitako Espainiako Kopa bat eta Espainiako selekzioarekin lortutako bi Eurokopak eta Munduko Txapelketa batek osatzen dute bere sari zerrenda luzea.

Realean «eskertuta» daude maila horretako jokalari batek txuri-urdinen eskaintza onartzeagatik, Angel Oiartzun Realeko presidenteordeak esan zuenez. «Talde asko zituen atzetik, eta guregana etorri da, beste eskaintzak alboratuta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.