Poliziak 400 manifestari baino gehiago atxilotu ditu Bielorrusiako protestetan

Poloniak, Errumaniak eta Lituaniak bat egin dute oposizioaren deiarekin, eta «sendotasuna» eskatu diote Europako Batasunari

Svetlana Tikhanovskaia, atzo, Europako Parlamentuan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Preso edo erbestean daude oposizioko Koordinazio Kontseiluko kide guztiak, baina Aleksandr Lukaxenko presidentearen aurkako protestek aurrera jarraitzen dute. Asteburuan, Minsk hiriburuko kaleek gainezka egin dute beste behin. Igandean 900 lagun baino gehiago bildu ziren hiriburuan, nahiz eta protestak hasi aurreko orduetan militarrek kale guztiak inguratu. Poliziak ur kanoiekin eta negar gasekin sakabanatu zituen manifestariak, eta 400 lagunetik gora atxilotu zituen.

Bien bitartean, Svetlana Tikhanovskaia, abuztuko presidentetzarako hauteskundeetan oposizioko presidentegai izandakoa, EB Europako Batasuneko Atzerri ministroekin bildu zen atzo, Bielorrusiako gaiaz eztabaidatzeko. Auziari buruzko jarrera kontrajarriak daude EBn; estatu kide gehienek oposizioaren aldeko jarrera agertu duten arren, soilik Polonia, Errumania eta Lituania daude Lukaxenkoren aurkako neurri gogorragoak hartzearen alde. Hain zuzen ere, hiru herrialde horiek «sendoago» jokatzeko eskatu diote Bruselari, eta sostengua adierazi diote Tikhanovskaia buru duen mugimenduari.

Tikhanovskaiak «demokraziaren eta giza eskubideen aldeko jarrera argia» eskatu dio Bruselari, Atzerri ministroekin egindako bileran. «Gure herrialdeko egoera aintzat hartzeko eskatzen diegu denei. Garrantzitsuak gara munduarentzat, eta soilik nazioartearen babesarekin lortuko dugu demokraziaren aldeko borroka irabaztea», adierazi du Tikhanovskaiak, eta eskatu die estatu kideei ez dezatela onartu Lukaxenkoren presidentetza.

Atzerri ministroen goi bileran, ordea, ez da izan nahikoa adostasunik Lukaxenkoren aurkako zigorrak erabakitzeko. Besteak beste, Zipre aurka agertu delako. Nikosiak blokeatu egin du Bielorrusiaren aurkako neurriak hartzeko aukera, baldin eta Turkiaren aurka antzeko zigorrak onartzen ez badira Turkia eta Zipreren arteko harremanek okerrera egin dute Mediterraneo ekialdeko gas ustiaketen kontura. «Gure balioak eta printzipioak ezin dira izan unean unekoak. Koherentziaz jokatu behar dugu», nabarmendu du Nikos Christodulides Zipreko Atzerri ministroak. Hala, litekeena da Europako Batzordean neurririk onartu ezean ostegunean egitekoa duten estatuburuen goi bileran eztabaidatzea gaia, eta neurririk hartzekotan han hartzea.

Zigorrak jartzea bainoago, «eskaintza ekonomiko bat» egitea proposatu dute Errumaniak, Poloniak eta Lituaniak, Bielorrusia EBra gerturatu dadin. Zehazki, eskatu diote Bruselari bultza ditzala herrialde harekiko harreman ekonomikoak eta babes dezala Bielorrusiak nazioarteko erakundeetan duen parte hartzea.

Poliziaren datuak argitara

Manifestarien aurkako erasoaldietan parte hartu duten mila polizia baino gehiagoren datuak zabaldu ditu oposizioak Telegram aplikazioaren bidez, eta baita ohartarazi ere «errepresioak jarraitu bitartean» polizia gehiagoren izen-abizenak eta karguak zabalduko dituztela datozen egunetan. Gobernuak ohartarazi du filtrazioaren erantzuleen bila ari direla.

Manifestazioek etenik ez duten arren, gaur-gaurkoz segurtasun indarren sostengua du Lukaxenkok, baita urte luzez herrialdearen aliatu nagusi izan den Errusiarena ere. Hain zuzen, Moskuk gaitzetsi egin zuen atzo Europako Batasunak Tikhanovskaiari harrera egin izana, eta Bielorrusiako Gobernua «hondoratu» nahi izatea egotzi dio Bruselari. Errusiako presidente Vladimir Putinekin egindako azken bileran, hark laguntza militarra eta ekonomikoa hitzeman zizkion Minski: zehazki, mila milioi euroko mailegua egiteko prest agertu zen Mosku. Lukaxenkok, berriz, uko egin dio oposizioarekin hitz egiteari, eta Ukrainakoaren moduko «estatu kolpe bat» bultzatzea egotzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.