Parisko erasoa «terrorista» izan den ikertzen ari da Polizia

Bi lagun sastakatu dituzte 'Charlie Hebdo' aldizkariaren bulegoak zeuden eraikinaren parean. Bi susmagarri daude atxilotuta

Polizia eta suhiltzaileak, atzo, Parisko erasoa gertatu zen tokian. I. LANGSDON / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Frantziako Polizia «hilketa saiakera» bat ikertzen ari da, atzo Parisen izan zen erasoaren harira. Gutxienez bi lagun zauritu zituzten arma zorrotz batekin sastakatuta. Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren bulegoak zeuden eraikinaren ondoan gertatu zen erasoa, 2015ean muturreko islamistek aldizkariaren kontrako atentatua egin zuten toki berean. Poliziak uste du ekintza «talde terrorista» batekin lotua izan daitekeela, eta hori hala den argitzeko ikerketa bat abiatu du.

Erasoa gertatu eta gutxira, Frantziako Poliziak susmagarri bat atxilotu zuen hiriburuko Bastille plazatik gertu, Paris ekialdean. Beste susmagarri bat ere atxilotu zutela jakinarazi zuen ondoren Jean Castex Frantziako lehen ministroak, erasoa izan zen tokira gerturatu zenean.

Frantziako hainbat hedabidek azaldu dutenez, zaurituak Premieres Lignes berri agentziako bi ekoizle dira, emakumezko bat eta gizonezko bat. Kalean zigarro bana erretzera irten ziren eraikin batetik kalera erasotzailea hurbildu zitzaienean. Zauri larriak dituzte biek, baina beraien osasun egoera egonkorra da.

Erasoak alerta piztu zuen berehala, eta Poliziak segurtasun hesi bat altxa zuen ingurua kontrolpean hartzeko. Pakete susmagarri bat aztertu zuten, baina ez zuten lehergailurik aurkitu barruan. Hala ere, segurtasun neurri zorrotzak hartu zituzten: hainbat metro geltokietako sarrerak ixteko agindu zuten, baita zenbait haur eskola eta ikastetxe ixteko ere. Suhiltzaileak eta «terrorismoaren kontrako» talde berezietako militarrak bertaratu ziren.

Epaiketa abian

Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoaren epaiketa hasi eta hiru astera gertatu zen erasoa; hain justu, aldizkari satirikoaren bulegoak zeuden eraikinaren parean. Datu horiek indartu egin dute erasoa «terrorista» izan daitekeenaren hipotesia.

Muturreko islamista talde batek Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatu bat egin zuen 2015eko urtarrilean. Hamabi lagun hil zituzten: aldizkariko hamar kazetari —tartean Frantziako marrazkilari ezagunenetakoak etaStephane Charbonnier Charb zuzendaria—, eta bi polizia. Arabiako Penintsulako Al-Qaedak hartu zuen bere gain erasoa, eta atentatuan hil ziren Said eta Cherif Kouachi anaiek talde horretako kide zirela jakinarazi zuten. Hurrengo bi egunetan beste bi eraso izan ziren, eta bost lagun hil zituzten.

Duela hiru aste, hamalau lagunen kontrako epaiketa hasi zen Parisen, 2015eko erasoaren harira. Auzipetuei erasotzaileen laguntzaile izatea leporatzen diete. Epaiketa hasi aurretik, Charlie Hebdo aldizkariak berriro publikatu zituen Mahoma profeta protagonista duten umorezko komiki tirak, 2015ean argitaratu eta mundu osoan musulman askoren haserrea piztu zutenak. Al-Qaedak mehatxu egin zion aldizkariari, 2015ean bezala, aurtengo irailaren hasieran ere, Mahoma irudikatzen duten marrazkiak argitaratzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.