Assange AEBetara estraditatzeko baimena eman du Londresek

Auzitegi Gorenera joko dutela iragarri dute kazetariaren gertukoek. AEBetako Gobernuak espioitza leporatzen dio Assangeri

Julian Assangeren aldeko protesta bat, atzo, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Wikileaksen sortzaile Julian Assange AEBetara estraditatzeko eskariari onespena eman zion atzo Londresko auzitegi batek. Espioitza egozten diote kazetariariAEBetan, eta 127 urte arteko kartzela zigorra jar diezaiokete han erruduntzat joz gero. Assangeren gertukoek iragarri dute Auzitegi Gorenera joko dutela, baina bien bitartean behin-behineko atxiloaldian jarraituko du.

Londresko Helegite Auzitegiko epaile Timothy Holroyderen arabera, AEBetako Gobernuak «nahikoa berme» eman du ondorioztatzeko Assangek «tratu egokia» jasoko duela, eta, beraz, onespena eman diote hura estraditatzeari. Orain, Vanessa Baraitser epaileari helaraziko diote epaia —hark erabaki zuen urtarrilean estradizio eskaria atzera botatzea—, eta hark Erresuma Batuko Barne ministro Priti Patelen esku utziko du. Holroyder epaileak kritika ere egin zion Baraitserri, esanez aurrez jakinarazi behar ziola Washingtoni estradizioa atzera botatzeko asmoa zuela, hark akusatuari ezarri asmo zizkion neurriei buruzko bermeen berri eman ahal izan zezan.

Assangeren gertukoek eta Wikileakseko arduradunek gogor gaitzetsi dute epaileen erabakia. Informazio atariak salatu du erabakia berretsi duen Ingalaterra eta Galesko epaileburua, Duncan Burnnet, «Ekuadorren enbaxadan Assangeren atxiloketa prestatu zuen ministro ohiaren oso gertukoa» dela. Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak ere gogor salatu du erabakia, eta Assangeren aurka bere kazetaritza lanarengatik egitea egotzi die auzitegiei. Hitz gogorrenak, hala ere, haren bikotekide Stella Morisenak izan dira: «Nola izan liteke bidezkoa, nola legezkoa, nola liteke Julian estraditatzea hura hiltzeko azpikojoan aritu den herrialdera?». Morisek salatu du «arriskutsua» dela auzitegien erabakia, justiziaren «interpretazio okerra» egiten duelako.

AEBen «bermeak»

Helegite Auzitegiko epaileak aipatutako bermeak erreferentzia egiten dio Washingtonek otsailean argitaratutako idatzi bati. Haren arabera, ez dute hartuko Assangeren aurkako «neurri administratiborik», eta ez dute segurtasun handiko espetxe batean sartuko, ez epaiketa aurretik, ezta ondoren ere.

Joan den urtarrilean, Londresko beste auzitegi batek atzera bota zuen Assange AEBetara estraditatzeko Washingtonen eskaria, iritzita horrek larriagotu egingo zituela kazetariaren buru-osasun arazoak. «Assange ikusita, irudipena dut depresioak jota eta etsita dagoen gizon bat dela, eta beldur dela etorkizunak zer ekarriko ote dion», adierazi zuen orduan Baraitserrek. Atzo, ordea, auzitegiek kontrako iritzia plazaratu zuten, eta ontzat eman zuten AEBek erabaki hari jarritako helegitea.

Wikileaksen sortzailea 2019ko apirilaren 11n atxilotu zuten, Londresen, Ekuadorren enbaxadan. Han zegoen babestua 2012tik, baina, Ekuadorko gobernu aldaketarekin, konfiantza hautsiz joan da; eta, azkenean, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa ukatu zioten. Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak muga gorri bat igarotzea egotzi zion, besteak beste nazioarteko politikaz aritzeagatik.

Hamar urte dira Assangek sortutako ataria Iraken eta Afganistanen egindako sarraskiei buruzko informazioa zabaltzen hasi zela. Akusazioaren arabera, Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen kazetariak hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan. Defentsak ukatu egin du halakorik gertatu izana, eta adierazi du Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri. Gainera, Washingtoni leporatzen diote auzi politiko bat abian jarri izana, Wikileaksek militar estatubatuarrek egindako gerra krimenak argitara atera zituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.