Aldundiek ez dute akordiorik oraingoz Ekarpen Legea berritzeko

Finantzen Euskal Kontseiluan adostasuna lor daiteke bihar, Gipuzkoaren arabera. Josu Erkorekak esan du ez dagoela gai zerrendan

Finantzen Euskal Kontseilua, aurreko urteko otsailean. JUANAN RUIZ / FOKU.
xabier martin
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien arteko egungo desadostasun handienari ez diote irtenbiderik eman oraindik erakunde horietako buruzagiek, baina negoziatzen jarraitzen dute, Finantzen Euskal Kontseiluaren goi bilera bihar baita; erlojuak ez du barkatzen. Ekarpen Legearen luzapena luzeegi egiten ari da batzuentzat. Hamar urte pasatu dira hiru administrazioen artean diru baliabideak banatzeko araua berritu gabe, eta lege horren egungo irizpidea —%16,45eko koefizientea dauka Arabak, %32,89koa Gipuzkoak, eta %50,66koa Bizkaiak— gero eta kalte handiagoa egiten ari zaie Gipuzkoari eta Arabari. Bizkaiak, ordea, ez du presarik legea erreformatzeko, baina harmonizatzearen izenean zerga erreforma hiru lurraldeetan zabaldu zutenei aitzakiak bukatzen ari zaizkie mesfidantzak gainditu eta ados jartzeko. Hirurak dira EAJko foru gobernuak, ez alferrik.

Baina oraingoz ez dago akordiorik, eta biharko Finantzen Euskal Kontseiluak —EAEko erakundeen organoa diru kontuez erabakitzeko — ez du gai zerrendan sartu, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuenez atzo. Erkorekak aitortu zuen «negoziatzen» jarraitzen dutela aldundiek, baina ez dela lortu «oraindik» erakunde guztiak «eroso egoteko moduko proposamen zehatzik». Bihar arte «gerta daitekeenaz» ez zuen ezer gehiago esan nahi izan.

Gipuzkoako Aldundiak emandako mezua ez dator bat adierazpen horiekin. Proposamen berri bat landu du Gipuzkoak, «sendoa eta zorrotza», eta Markel Olanoren foru gobernuak uste du akordioa lor daitekeela bihar, «erakunde guztiak asebeteko dituen proposamenari esker». Baikortasun horrek oinarririk ote duen ikusiko da bihar bertan, Gasteizko goi bileran.

Jokoan dagoenaren pisuak azaltzen du, dena den, desadostasunaren iraupena. Kupoa kenduta, itunpeko zerga bidez bildutako dirua nola banatu behar den arautzen du Ekarpen Legeak. Diru sarreren %80tik gora ematen dizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoei. Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien kasuan, %90 edo gehiago da. Apur bat gutxiago da udalen kasuan, zerga eta tasa propio indartsuak dituztelako, baina kutxaren erdia betetzen die. Zenbaki horien atzean daude osasuna, hezkuntza, segurtasuna, nekazaritza, zerbitzu sozialak eta politika publiko guztiak, besteak beste.

Araba eta Gipuzkoa, zain

2007. urtean eguneratu zen Ekarpen Legea. Berez, bost urterako izan behar zuen, baina 2012. urtetik luzatuta dago. Eta ordutik ez da modurik izan berritzeko. Araban eta Gipuzkoan diote kalte handia eragiten ari zaiela, diru banaketan galtzaile ateratzen direlako Bizkaiaren aldean. Araban gogoratzen dute biztanleko diru gehien eurek jartzen dutela Jaurlaritzaren ekarpenean, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek baino dezente gehiago. Gipuzkoan, berriz, biztanleko finantzaketa gutxien eurei geratzen zaiela salatu dute maiz. Uste dute 2007. eta 2017. urteen artean Gipuzkoako udalerriek biztanleko jaso duten dirua, batez beste, Bizkaikoek jaso dutena baino %14 gutxiago izan dela.

Ekarpen Legearen inguruan itun berririk egiten ez bada ere, Finantzen Euskal Kontseiluak 2018. urteko kontuak kudeatzen jarraitu beharko du, eta, bigarren urtez segidan, inoiz baino diru gehiago dute kudeatzeko Jaurlaritzak eta aldundiek. 2017. urtean,kupoari buruzko akordioari esker, 600 milioi gehiago sartu ziren ogasunen kutxetan, eta urtea defizitik gabe bukatzeko aukera eman zien. Bada, 2018an ez da kanpoko inor behar izan urtea biribiltzeko, zergapekoek iaz baino 500 milioi euro baino gehiago sartu baitituzte kutxa publikoetan.

Guztira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunetako kutxetan 14.982 milioi euro sartu ziren aurreko urtean. 2017an baino 508 milioi gehiago izan dira (+%3,3), inoizko kopururik handiena. 2017an ere hautsi zuen marka bilketak (14.474 milioi), baina hamar urte atzera egin behar da kopururik handienetan hirugarrena aurkitzeko (13.772 milioi), krisiak hamar urtez betetzerik izan ez duten zuloa eragin duelako aldundien kutxetan.

Diru horrek Jaurlaritzari egingo dio mesederik handiena, harena baitoaz ogasunek bildutako hamar eurotik zazpi. Aurrekontua luzatua duenez, eta, Egonkortasun Itunak gastua nahierara handitzeko jartzen dizkion trabak ikusita, diru horren zati batek zorra txikitzera joan beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.