NBEk Yemen laguntzeko bildu nahi zuen funtsaren erdia besterik ez du lortu

Diru emaileek 1.300 milioi euro bideratu dituzte Ekialde Hurbileko herrialderako laguntza humanitarioa bermatzeko konferentzian

Herritar talde bat Sana hiriburuan, atzo, futbol partida bati begira. Y. A. / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ez du lortu Yemenerako laguntza humanitarioa bermatzeko diru kopurua biltzea. Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak herenegun adierazi zuen 2.400 milioi euro behar zituztela Ekialde Hurbileko herrialde horretan «ezinbesteko laguntza» emateko, hori gertatu ezean amaitutzat eman beharko lituzketelako laguntza programak, baina, atzo bukatu zen konferentzian, diru emaileek NBEk eskaturiko kopuruaren erdia besterik ez zuten hitzartu: 1.205 milioi euro.

Guterresen eskariek, NBEk aurten bere burua Yemenerako programa batzuk ixtera behartuta ikusteak eta koronabirusaren mehatxuak ez dute askotarako balio izan. «Finantzaketa adierazgarri bat lortu ezean, nazio batuen 41 programetatik 30 bat bertan behera utzi beharko dira», ohartarazi zuen NBEren idazkari nagusiak, hitzordua hasi aurretik.

Iragan urtean izandako esperientzia, gainera, ez da oso positiboa: 2.600 milioi euro bildu zituzten, baina azkenean NBEk erdia besterik ez zuen jaso. Horregatik,erakundearen Gai Humanitarioetarako Bulegoaren buru Mark Lowcockek diru emaileei ohartarazi zien hitzemandakoa bete behar dutela: «Promesak egin dituzten guztiek zuzenean ordaindu behar dute, promesek ez baitute ezer esan nahi. Koronabirusa oso azkar ari da zabaltzen, eta ospitaleak jendea baztertzera behartuta daude, sistema kolapsatzear dagoelako». Lowcocken arabera, iazko kopurutik 500 milioi inguru besterik ez dute jaso; sei urteko gerraren ostean, Yemengo herritarren gehiengo zabala laguntza humanitarioaren menpe dago.

Saudi Arabia da gerra horretan militarki esku hartu duten herrialdeetako bat —2015etik ari da—, matxino huthien aurka eta gobernuaren alde; hain justu, atzoko bilkuran diru gehien iragarri zuen estatua izan zen, 500 milioi eurorekin, baina soilik horietako 300 bideratuko ditu NBEren agentzietara; gainontzeko 200ak Yemengo gerran parte hartzen ari den Salman Erregea Laguntza Humanitariorako Zentroak jasoko du.

Gainontzeko diru emaileen artean zeuden AEBak —200,5 milioi euro— Erresuma Batua —179,4 milioi—, Alemania —125 milioi— eta Europako Batzordea —70 milioi—, esaterako.

Etsaikeria amaitu beharra

Michael Kohler Europako Batzordeko zuzendariorde orokorra harago joan zen kritikak egitean, eta etsaikeria amaitzeko eskatu zien gerrako aldeei: «Laguntza [ekonomikoa] ez da nahikoa».

Pandemiaren harira, asteak dira Guterresek Yemengo gerrako eragilerik garrantzitsuenei su-eten bat finkatzeko eskatu ziela, eta, egun gutxi iraun duten aldebakarreko menia batzuek arrakasta izan duten arren, gobernuak, matxino huthiek eta hegoaldeko independentistek ez dute su-eten iraunkorrik negoziatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.