Libiako gerra frontetik erretiratu dira Errusiako ehunka mertzenario

Khalifa Haftar ekialdeko buruzagi militarrak atzera egin du berriro Tripoli hartzeko erasoaldian, eta Fayez al-Serrajen aldeko indarrek Turkiaren laguntzarekin azken ekinaldia blokeatu dute

Libiako gatazkako irudi bat. STRINGER / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarrak beste atzerapauso bat eman du Tripoli hiriburua bereganatzeko ahaleginetan. Hain zuzen, Libian dauden Errusiako mila mertzenario baino gehiago erretiratu dira gerra frontetik.

Tropen atzera egitea Libiako Armada Nazionalaren LNA hilabeteotako porrot militarraren beste kapitulu bat izan da. Izan ere, Turkiako armada gerran sartu zenetik, Haftarren indarrek ez dute lortu eskura zuten hiriburua bereganatzea —iazko apirilean hasi zuten hori lortzeko erasoaldia—, eta saiakera blokeatzea erdietsi dute Fayez al-Serraj buru duen GNA Batasun Nazionaleko Gobernuaren aliatu militarrek.

Mertzenarioak Tripolitik 150 kilometro ingurura dagoen Bani Walid hiriko aireportura joan ziren, Salem Alaywan hango alkateak azaldu zuenez, eta, handik, Al-Jufrara abiatu: «Haiek [errusiarrak] Al-Jufrara eraman zituzten hiru hegazkin militarretan, baita haien ibilgailu militarrak ere». Hiri hori herrialdearen erdian dago, eta LNAren gotorlekuetako bat da.

Alaywanek azpimarratu zuen mertzenarioek iristen jarraitzen dutela, eta horien presentzia gaitzetsi zuen: «Bani Waliden edo Libian atzerriko mertzenarioak egotearen aurka gaude». Haren esanetan, herriak gerran «neutral» segitzea nahi du.

Horiek horrela, Jalel Hartxaui Clingendael Institutuko ikertzaileak Reuters agentziari esan dionaren arabera, azken jazoera hori urrats garrantzitsua izan da GNArentzat: «Errusiarrak Tripoli eremutik erretiratzea oso gertaera esanguratsua da, funtsezko fronte horretan LNA gabetzen duelako bertan zituen atzerriko indar eraginkorrenez eta hobekien hornituta zegoenez».

Horrez gainera, kontuan hartzekoa da azken egunetan Haftarren agindupeko indarrek atzera egin dutela Tripoli hegoaldeko hainbat posiziotan.

Wagner enpresako kideak dira Libian dauden mertzenario gehienak. Jevgeni Prigozhin enpresaria da horren jabea, Errusiako presidente Vladimir Putinen gertukoa. Halaber, Siriako mertzenarioak ere badaude enpresa horrek bidalitako milizianoen artean.

Aliatuak

Errusiarena ez ezik, Egiptoren eta Arabiar Emirerri Batuen babesa du Haftarrek. Bestalde, Libiako petrolio hobi gehienen kontrola du, eta Tripoli eskuratzea soilik falta zaio 2014an hasitako gatazka militarra irabazteko. Hilabeteek aurrera egin ahala, ordea, gero eta zailagoa dirudi hori lortzea.

Al-Serrajek, berriz, Europako Batasunaren, Turkiaren eta Italiaren babes militar, politiko eta ekonomikoa du.

Hain justu, Tripoliko gobernuarentzat ezinbestekoa izan da Turkiaren laguntza militarra azken asteetan egin dituen aurrerapenetarako. Lorpen horien artean, besteak beste, hiriburua defendatzen ari diren miliziekAl-Watiyako base militar estrategikoa berreskuratu zuten.

Azken kolpeen ostean, Haftarrek estrategia aldatzea erabaki, eta Turkia jarri du jopuntuan. Modu horretan, joan den astean iragarri zuten «aireko kanpaina bat» hasiko dutela Ankarak Libian dituen postuen aurka.

Libiako gerran sartu zenetik, Turkiak hainbatetan ohartarazi du erantzun militar bat emateko prest dagoela bere postuen aurka jotzen badute. Beraz, haien aurkako erasoak eginez gero, are gehiago gaiztotu daiteke egoera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.