Lana eta distira dute

Artolak eta Imazek 22-14 hartu dituzte mendean Bengoetxea VI.a eta Mariezkurrena. Orain arte jokatutako hiru lehiak irabazi dituzte

Ander Imaz pilota jotzen, urrutira Jon Mariezkurrena duela. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Baikoko bikoteen artean presiorik gutxien zutenak zirela aipatu zuten Binakako Txapelketaren aurkezpenean Iñaki Artolak eta Ander Imazek. Bada, horri lana eta jokoa gehitu diote, eta emaitza argia da: orain arte jokatutako hiru partidak irabazi dituzte, eta sendo dira ligaxkako lehen postuan. Txapelketari sasoirik onenean ekin dion bikotea direla berretsi zuten atzokoan ere, eta, garaipenek ematen duten konfiantzarekin, 22-14 hartu zituzten mendean Oinatz Bengoetxea eta Jon Mariezkurrena, Tolosako Beotibar pilotalekuan (Gipuzkoa).

Norgehiagoka ondo hasi zuten, dena den, Bengoetxea VI.ak eta Mariezkurrenak, 3-0 jarri baitziren aurretik. Pilotakada askokoak izan ziren lehen tanto horiek, gogorrak. Baina berehala Artolak eta Imazek 6-0eko partzial bat egin zuten, eta buelta eman zioten partidari, 6-3ko aldea lortuz. Hortik aurrera haiena izan zen partidaren kontrola.

Bikote bakoitza bere pilotekin hobeto aritu zen hasiera horretan, eta ateratzen zituzten aldiro tantoak egiten zituzten erreskadan. Baina partida aurrera joan ahala, erritmo falta antzematen hasi zitzaion Mariezkurrenari. Ez zuen partida txarra jokatu, baina normalean galtzen ez dituen hainbat pilota huts egin zituen. Min hartuta egon eta gero, atzo izan zuen estreinako partida Berriozarko atzelariak, eta txapelketak ez du barkatzen.

Bengoetxea ahalegindu zen aurreko koadroetan min egiten, eta hainbat tanto ikusgarri egin zituen. Baina ez ziren nahikoa izan. Izan ere, aurrean zuten bikotea, Artola eta Imaz, oso ondo aritu ziren beste behin. Atzokoan ere erakutsi zuten oreka handiko bikotea direla, eta ondo ulertzen dutela elkar.

Imaz da ziurrenik txapelketa sasoirik onenean hasi duen pilotaria. Oiartzungo atzelariak ez zuen zulorik utzi atzealdean, etaederki mugitu zen frontoian. Joa ere erakutsi zuen tanto batzuetan. Artola, berriz, ahal zuen guztietan ahalegindu zen tantoa amaitzen, nahiz eta Bengoetxeak ez zizkion gauzak erraz jarri. Defentsan ere asko lagundu zion Imazi, eta fisikoki indartsu dagoela frogatu zuen.

Irabazleak 14-9 jarri ziren aurretik. Ordu arteko alderik handiena zen. Bengoetxeak eta Mariezkurrenak hortzak estutu zituzten, eta hiruzpalau tanto gogor jokatu zituzten. Baina tantoz tanto garaipenerako zutarriak jarriz joan ziren Artola eta Imaz, serio eta sendo lan eginez.

Partida amaieran pozik zegoen Artola. «Bagenekien gakoetako bat Joni mina egitea zela, lehen partida zuelako txapelketan. Gauzak espero bezala atera zaizkigu, eta oso pozik gaude. Anderrek sekulako partida egin du. Guri irabazi nahi digun bikoteak lan handia egin beharko du, garbi dugulako gure indargunea defentsa dela».

Neurketa txarra ez zutela egin nabarmendu zuen Bengoetxeak. «Baina haiek oso ondo daude. Guk dena eman dugu, baina ez da posible izan. Espero dugu Jon pixkanaka erritmoa hartzea eta gozatzen hastea».

Gaur Iruñean eta Bilbon

Txapelketako beste bi norgehiagoka jokatuko dira gaur. Labriten, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Erik Jakaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Artolarekin eta Imazekin batera, orain arteko neurketa guztiak irabazi dituen beste bikotea izan nahi dute Jakak eta Zabaletak. Aurkari gogorrak dira, ordea, Ezkurdia eta Martija, eta haiek ere sailkapenaren goiko postuetan egonkortzeko helburua dute.

Partidarik irabazi gabe dira, berriz, Unai Laso eta Jon Ander Albisu, eta estreinako garaipena bilatuko dute Bizkaia frontoian, Aimar Olaizolaren eta Mikel Urrutikoetxearen kontra. Aurreko jardunaldian 22-13 galdu zuten azken horiek, eta zalantzak uxatu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.