Bi urterako egitarau batekin omenduko dute Eduardo Txillida

2024an beteko dira ehun urte artista jaio zenetik, eta, hori ospatzeko, ekitaldi andana egingo dute Euskal Herrian eta nazioartean

Luis, Susana eta Mikel Txillida, atzo, Madrilen, Eduardo Txillidaren mendeurreneko ekitaldien aurkezpenean. J.P.GANDUL / EFE.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Bere burua definitzeko eskatzen ziotenean, zera esaten zuen Eduardo Txillidak (Donostia, 1924-2002): «Zuhaitz baten modukoa naiz: sustraiak bere herrialdean izanagatik adarrak mundura zabalduta dauzkana». Euskal arte garaikidearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen, baita nazioartean sonarik handiena lortu duten artistetako bat ere. Bizirik balego, ehun urte beteko lituzke 2024ko urtarrilean, eta, mendeurrenaren harira, bi urteko egitarau zabala prestatu du Eduardo Txillida-Pilar Belzunce fundazioak. «Erakusketak, musika, hezkuntza eta pentsamendua jorratuko ditugu, besteak beste. Garai aproposa da artistaren obra ezagutzeko eta zabaltzeko», adierazi du Luis Txillida artistaren seme eta fundazioko presidenteak.

Txillida Lekun egingo dute urteko lehenengo ekitaldia: museoak Topaketa lekua IV pieza hartuko du. 1973 eta 1974 bitartean ondu zuen Txillidak 16 tonakopieza hori, eta zazpi obraz osatutako serie baten parte da —gehienak monumentalak—. Egun, Bilboko Arte Ederren Museoan dago, eta, zentroa handitzeko lanek iraun bitartean, Txillida Lekun hartuko du aterpe. Horrez gainera, erakusketak eta hitzaldiak antolatuko dituzte San Telmon, Artiumen eta Tabakaleran. «Txillidaren obra zabaldu eta herritar guztiengana —eta bereziki gazteengana— irits dadin diseinatuta dago programa», adierazi du Susana Txillida zinemagile eta artistaren alabak.

Kunsthalle Krems Austriako museoak, bestalde, Txillidaren obrekin osatutako erakusketa bat egingo du. Apirilean zabalduko ditu ateak, eta, irailera bitarte, eskultoreak egindako 80 pieza erakutsiko dituzte. Txillidaren lanak kultura, belaunaldi eta jatorri askotara zabaltzea da asmoa, eta helburu horrekin argitaratuko dute eskultorearen inguruko laugarren katalogoa ere. Nerea argitaletxea arduratuko da katalogoa egiteaz, eta aurreratu dute lau liburukiak jasotzen dituen formatu berezia ere salgai jarriko dutela.

Halaber, webgune bat ere jarriko dute abian. Hiru hizkuntzatan egongo da irakurgai euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta eskultorearen eta haren obraren inguruko informazioa txertatuko dute. «Txillidaren legatu artistikoaz eta obraz gehiago jakin nahi duenarentzat, datu base digital garrantzitsuenetakoa bilakatuko da», aurreratu dute. Gainera, Arantxa Agirre zinemagileak dokumental bat egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.