'Jakin'-ek 2018ko kultur emariari begiratu dio 229. zenbakian

Izaro Ieregik eta Sustrai Colinak idatzi dituzte artikulu nagusiak. Urteak sei kultur diziplinatan utzitakoa jaso du aldizkariak, testuz eta irudiz

Erredakzioa
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Jakin aldizkariak 2018. urteak emandakoari errepaso bat eman dio 229. zenbakian; jada kalean dago. Hamar lagunek osatu dute kultur arloko iazko emariaren bilduma, gogoeta librean eta diziplinaka. Izaro Ieregi eta Sustrai Colina sortzaileek osatu dituzte aldizkariko artikulu nagusiak, eta, laburrago, gogoeta librean jardun dute Alberto Barandiaran eta Nora Arbelbide kazetariek. Diziplinaka, berriz, bertsolaritzaz idatzi du Maite Berriozabalek; arte plastikoez Xabier Gantzarainek; zinemaz Ines Arrue Unanuek; antzerkiaz Oier Guillanek; literaturaz Peru Iparragirrek; eta musikaz Gorka Erostarbek. Txakur Gorria, Adur, Axpi, Dani Fano, Diego Palles, Eider Eibar eta Paula Estevezek sortutako irudien bidez daude osatuta gogoeta guztiak. Bestalde, Gaiak atalean, itzulpengintzaren eta identitatearen inguruan idatzi du Garazi Arrulak, bere doktore tesian oinarritutako artikuluan.

Bilboko Okela sormen laborategiko sortzaile eta kide izan da Ieregi oraintxe arte, eta gorputza errealitate soziala islatzeko mihisea dela dio. Abiapuntu hori hartuta, gorputzetik pentsatu eta jardun duten artisten hainbat lanen bidez osatu du bere gogoeta Gorpuzkera anormalak, behartuak eta groteskoak artikuluan. Colinak, berriz, Kultura eguneroko bizitza delako artikulua osatu du. Kultura, identitatearen eraikuntza, botere harremanak, memoria eta kontakizuna izan ditu gogoetagai bertsolariak.

Ohiko legez, Unai Iturriagaren artikulu grafikoarekin amaitzen da zenbaki berria; 2018ko kulturgintzan mugarri izan diren hainbat gertakari hartu ditu gaitzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.