Ametsak margotzen dituen robota, Tabakaleran

Varvara & Mar bikoteak sortu du 'Dream Painter'. Arteari, teknologiari eta zientziari buruzko sinposioa egingo dute udaberrian

Atzo aurkeztu zuten, Tabakaleran, Dream Painter instalazioa. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ametsak margotzen dituen robota. Hori da, labur azalduta, Dream Painter, Varvara & Mar artista bikoteak sortu eta atzodanik Donostiako Tabakalerako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan ikusgai dagoen instalazioa. Artea, zientzia eta teknologia biltzen dituen proiektua. Varvara & Marrek azken hilabeteetan landu dute robota, Tabakalerako bertako Medialaben eta Teknikerren instalazioetan.

Robotaren eta gizartearen arteko interakzioan konfiantza kontzeptua ikertzea izan da instalazioaren abiapuntua, eta emaitzak, Dream Painter-ek, horri erantzuten dio. Adimen artifizialari esker, bisitarien ametsak entzun eta interpretatzen ditu robotak, eta, ondoren, horien inguruko margolan bat sortzen du. Instalazio robotiko interaktiboak hainbat zati ditu: interakzio estazioa, robot margolaria eta hitz mintzatua mihise gaineko artelan bihurtzen duen kodifikazio sortzailea. Obrak hainbat «gai garrantzitsu» planteatzen ditu, artistek adierazi dutenez: «Makinek uler al dezakete gure inkontzientea? Zer gertatzen da algoritmoak gai badira gure ametsei zentzua emateko eta guk geuk baino hobeto ulertzeko? Ba al dago konfiantza mugarik gizateriaren eta teknologiaren arteko harremanean?».

Instalazioa Tabakalerako ACTS (Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea) proiektuaren parte da, eta Donostiako zentroaren bigarren solairuan izango da jendearen eskura, Medialaben sarreraren aurrean.

Bi deialdi

Arte digitalaren arloan tokiko talentuari laguntzeko, Tabakalerak bi deialdi egingo ditu. Batetik, Summer Sessions sareko egoitzen programan parte hartuko duten artistak hautatuko ditu. Gazteen talentua garatzeko egitasmoa da Summer Sessions, eta Rotterdameko (Herbehereak) V2 zentroak gidatzen du. Sareak Europako, Asiako eta Amerikako hamalau zentro biltzen ditu —horien artean, Tabakalera—, eta artistei laguntza espezializatua eskaintzen die.

Bestetik, pantailetarako sortutako arte digitaleko proiektuak garatzeko Immaterial deialdia ere abiaraziko du Donostiako zentroak.

Bestalde, Tabakaleraren urteko programazioan ere txertatuta egongo da zientziaren, teknologiaren eta artearen arteko uztarketatik ateratako sorkuntza. Hala, udaberrian Acts sinposioa egingo dute Donostian, artearen, zientziaren eta teknologiaren inguruko kolaboratzaileen sarearen topagune izango dena.

Horretaz gain, 2022an bi topaketa egingo dituzte Donostian: Eginzaleak eta SummerLab. Lehenengoa egitearen kultura balioesteko topaketa da, eta elkarlaneko dinamiken, kultura digitalaren eta praktika irekien inguruan garatutako proiektuak bilduko ditu.

SummerLab, berriz, udalekua da, eta teknologiaren, kultura digitalaren, diseinu irekiaren eta ikaskuntzaren hainbat arlorekin zerikusia duten gaiak landuko ditu modu kooperatiboan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.