Bestak Burlatan

Txupinazo baten lehen notak

Burlatako musika bandak bota du besten hasierako suziria. Udaletxean, ikurrinaren debekua salatu dute pankarta baten bidez

Burlatako Musika Banda, txupinazoa jaurti ondoren, jotzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iker Tubia.
Burlata
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Musikarien eskutik abiatu dira Burlatako bestak (Nafarroa). Normalean haiek izaten dira suziria bota ondotik giroa jartzen dutenak. Aurten ere horrela izan da, baina oholtzatik egin dute, txupinazoa bota baitu Burlatako Musika Bandak. «Gora Burlatako jaiak, eta musika bizi!». Horiek aurten Txema Gallegok suziria piztu aurretik bota dituen hitzak. Haizearen ondorioz hirugarrenean piztu arren, etxafuegoak zeruan eztanda egitearekin batera musika jotzen hasi dira gainerako musikariak, zuzendariaren makilari jarraikiz.

40 urte dira Gallego Burlatako musika bandan hasi zela, eta gogotsu dabil oraindik ere. 2009. urtean hartu zuen zuzendari makila, eta horrek eman dio aukera suziria botatzeko. «Egun hau ailegatzea eta bandak ni aukeratu izana suziria botatzeko... ba, pentsa! Galtzetan ezin kabitu nabil». Bestaren parte garrantzitsua da banda, eta modu honetan beren lanari balioa eman diotela uste du zuzendariak. «Albistea ilusioz eta urduri hartu dugu; urte osoan egiten dugun lanari aitortza egin diote».

Orotara, 47 musikarik parte hartzen dute bandan, baina txupinazoaren egunean ezin izan dute denek oholtza gainera igo. «Gaur gutxiago gaude, lan kontuengatik-eta. Hemen gaude oporretan direnak eta hau inolaz ere galdu nahi ez dugunok», zehaztu du zuzendariak. Irribarretsu hasi ditu bestak, eta inguruko jendea agurtuz. «Merezi zenuen, zuzendari jauna», bota dio emakume batek.

Ikurrak, zokoan

Nafarroako beste herri batzuetan bezala, ikurrinik ez da izan udaletxeko masta ofizialetan, baina haietako bat hutsik utzi dute, ikur bat falta dela adierazteko. Gainera, beste urte batzuetan ikurrina, Nafarroako bandera eta Espainiako errepublikaren bandera jarri ohi dituzte udaletxeko balkoi batean, baina aurten ez. Zokora eraman dituzte, eraikinetik kanpo. Horren tokian, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko pankarta erraldoi bat eskegi dute.

Modu ofizialean egin ezin daitekeena herritarrek egin dute. Txupinazoa bota baino bost minutu lehenago ailegatu dira Euskal Herria eta Aldabea peñak, baita gaztetxeko kideak ere. Nor bere pankartarekin. «Gurea da politena», bota du gaztetxeko kide batek. Gazteek ikurrinez eta Nafarroako banderaz josi dute plaza. Haien oihaletan, aldarrikapenak: euskararen eta Altsasuko gazteen aldeko mezuak, eta mozal legearen kontrakoak, besteak beste.

Bost egun dituzte burlatarrek bestez gozatzeko. Igandera arte hamaika ekitaldi antolatu dituzte udalak, txosna batzordeak eta peñek. Aurten, baita gaztetxe berriak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.