Inork nahi ez zuen aurkaria, Realarentzat

Bartzelonaren aurka jokatuko dute txuri-urdinek Espainiako Kopako final-laurdenetan. Kanporaketa partida bakarrekoa izango da, eta Zubietan jokatuko da, martxoaren 15ean, 16an edo 17an

Realeko Sanni Franssi eta Bartzelonako Mapi Leon, lehian. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Bartzelona, Granadilla, Real Madril, Levante, Sevilla edo Madril. Horiexek ziren Realaren aurkari posibleak Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Bada, inork nahi ez zuena, gogorrena, egokitu zaio Natalia Arroyoren taldeari: Bartzelona. Kanporaketa martxoaren 15-16 edo 17an jokatuko da, Zubietan, partida bakarrean. Irabaziz gero, txuri-urdinek Kopako Lauko Finala jokatuko dute maiatzeko azken asteburuan, Madrilen.

Aurreko denboraldian bezala, Bartzelona zenbaki ikusgarriak pilatzen ari da txapelketa guztietan. Ligan, adibidez, jokatutako 22 partidak irabazi ditu. 125 gol sartu ditu, eta sei bakarrik sartu dizkiote. Realak ondo daki arerioa zein gogorra den. Ligan jada jokatu ditu haren aurkako bi norgehiagokak, eta bietan bizkarrekoa jaso zuten txuri-urdinek. Lehen itzulian, Bartzelonan, 8-1 galdu zuten; bigarren itzulian, aldiz, 1-9, Zubietan. Nahiz eta azken neurketa horretan Arroyorenek lehen zati txukuna egin zuten. Baina zelai erditik aurrera kataluniarrek duten kalitateak, ahalmen fisikoak eta abiadurak partida erabaki zuten. Atzean ere talde oso sendoa da. Han jokatzen du Irene Paredes erdiko atzelari legazpiarrak, baita Alexia Putellas urrezko baloidunak ere.

Kopan, Realak eta Bartzelonak final-zortzirenetan ekin zioten txapelketari. Txuri-urdinek 1-2 azpiratu zuten Vila-Real asteazkenean. Nerea Eizagirrek sartu zituen bi golak, lehendabizikoa penaltiz. Bartzelonak, berriz, Rayo kanporatu zuen: 1-3.

Arroyok honela aztertu du kanporaketa. «Argi dago nahiago genuela beste aurkari bat. Baina gauza onei erreparatu nahi diet: etxean jokatzen dugu, eta ilusioa eta motibazioa eragiten du halako aurkari bat aurrean izateak. Haiek ere gertu dute berriz Txapeldunen Ligan lehiatzea [Real Madrilen aurka jokatuko dute final-laurdenetan], eta hainbat jokalari dauzkate min hartuta. Ea zein talde ekartzen duten». Arroyok argi du. «Aukera bat bezala ikusten dugu, eta, haien aurka jokatutako bi partidetan ondo egin genituen gauzetatik abiatuta, ahalik eta lan txukunena egiten ahaleginduko gara».

Baina, Kopako final-laurdenei heldu aurretik, ligako bi neurketa dituzte txuri-urdinek. Lehena bihar izango da; Eibarren aurkako derbia, Zubietan (12:00). Sailkapenean bigarren postuan dago Reala, baina, azken lau neurketetan puntu bakarra pilatu ostean, aurkariekiko zuen aldea txikitu egin da. «Oso garrantzitsua izango da irabaztea». Eibar sailkapenaren behealdean egon arren, Arroyo ez da fio. «Unben jokatu genuen partida ikustea besterik ez dago. Estu hartu gintuzten. Talde ausarta da,erasoan jokalari asko dituena barrutik, baina aldi berean zelaia zabaldu eta hegaletatik ondo moldatzen dena. Gainera, gaitasun handia du atzetik baloia ateratzeko».

Eibar jaitsiera postuetan dago. 15. dago sailkapenean, 16 punturekin. Puntu bakarrera du salbazioa. Ana Junyent entrenatzaileak hausnarketa hau egin du taldearen egoeraz. «Ez da atsegina hor behean egotea. Gogotsu gaude lehiatzeko, eta zulotik ateratzeko. Aukera asko ditugu. Etena izan den bi aste hauetan oso ondo egin dugu lan. Derbiak beti dira politak, eta gure onena emango dugu» .

Athletic, gaur

Jardunaldia, hala ere, gaur hasiko da euskal taldeentzat. Athleticek Real Madrilen zelaian jokatuko du (17:00, Athleticen Youtubeko kanala). Zuri-gorriek kolpea hartu zuten asteartean, Kopan Sevillaren aurka kanporatuta geratu ostean. «Taldea amorratuta dago, baina hori ona da ondo kudeatuz gero», adierazi zuen atzo Iraia Iturregi entrenatzaileak. Real Madril bolada oso onean dago. Liga gaizki hasi ostean, ez du partidarik galdu azken hiru hilabeteetan: «Konfiantza handia dugu. Baina, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko geratzen zaizkigun aukerei eutsi nahi badiegu, irabazi beharra dugu. Haiek jokalari askorekin jotzen dute erasora, eta atzean sendo egon behar dugu, kontraerasoan aukerak baliatuz».

Alavesek, berriz, Realak Kopan aurkari izango duen Bartzelona hartuko du bihar (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.