Albistea entzun

Durangoko 50. Azoka. Eguneko kronika

Gazteekiko «lotura sentimentalari» eusteko eguna izan da lehenengoa

Ikastetxeetako ikasleek sortu dute aurreneko jende oldea Landako eraikinean.

Sortzaile eta eragileentzat pozgarria da Durangoko Azoka 50. urteurrenean sendotuta dagoela egiaztatzea
Goizean ikasleek bete zuten Landakoko gunea, eta arratsaldean adin guztietako bisitariak iritsi ziren.
Goizean ikasleek bete zuten Landakoko gunea, eta arratsaldean adin guztietako bisitariak iritsi ziren. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Juan Luis Zabala -

2015eko abenduak 5 - Durango

Irakasleen begirada ez oso estuaren pean ikastetxeetatik autobusetan etorritako gaztetxoek osatu zuten atzo, urtero bezala, Durangoko Azokako lehen bisitari oldea, lehen jende kolpe handia. Taldeka gehienak, bakarka edo binaka beste batzuk, Landako eraikineko eta inguruetako bazterrak miatu zituzten, bakoitzak bere gustu eta interesak gidari zituela.

Garrantzitsua da gaztetxoek Durangoko Azokarekin «lotura sentimental hori» izaten jarraitzea, Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorearen ustez. «Azokak jakin du garai berrietara egokitzen, eta oraindik ere erakargarri da belaunaldi berrientzat. Nik literaturaren arloan egiten dut lan, baina uste dut nabarmendu behar dela gaztetxoek asko estimatzen dutela hona etorri eta Eñaut Elorrieta, Alex Sardui eta miresten dituzten beste musikari batzuk aurrez aurre ikustea, eta haiekin harremanetan izatea. Garrantzitsua da ikastetxeek eta gurasoek gaztetxoak hona ekartzea. Horrek ziurtatuko du azokak aurrera jarraitzea eta garai berrietara egokitzeko behar diren moldaketak gauzatzea».

Gaztetxoen eguerdi arteko inbasioaren ondoren, ohiko itxura hartu zuen Landakok. Bazkalorduan nahiko hutsik geratu zen, baina arratsaldeak aurrera egin ahala berriro hasi ziren betetzen diskoek eta liburuek hesitutako barne kaleak. Bisitarien artean zen, txapela buruan eta beroki luzea soinean, Leopoldo Zugaza, azokaren errudun intelektualeko bat eta, horrenbestez, aurten, azokaren 50. urteurrenean, Argizaiola sariak ohoratuko dituenetako bat; haien artean egoskorrenetakoa, seguru asko.

Gerediagak ere 50 urte

«Azokak 50 urte bete ditu, baina aurretik esan beharra dago Gerediagak bete dituela 50 urte», ohartarazi du Zugazak. «Lehenik aita aipa dezagun, eta gero semea. Nik gogoan daukat azoka antolatzeko asmoa proposatu genienean editore bakar batek ere ez zuela berotasun handirik erakutsi. Azkenean lortu nuen haiek konbentzitzea, eta proba egiteko prest zeudela esan zidaten. Eta lehen urte hartan sekulako jendetza bildu zuen azokak. Gogoan daukat jende asko irteten zela azokatik erositako liburuei eskuekin eutsi ezinda».

Arrakastatsu jarraitzen du azokak mende erdi geroago ere, baina Zugaza beldur da azoka ez ote den ari arrakasta horren biktima bihurtzen. «Ez da ahaztu behar hau azoka bat dela, salmentarako gune bat, eta horren inguruan egiten den beste guztia osagarria baino ez dela. Publikoari liburuak eta diskoak ezagutu eta erosteko baldintza onenak eman behar zaizkio, eta, gaur egun, jende gehiegi izatea oztopo izaten da batzuetan horretarako».

Horregatik, Zugazak uste du aztertu beharko litzatekeela hiru gune bereiztea, edo hiru azoka antolatzea. «Bata liburuena litzateke; bestea, musikarena, eta beste bat, akaso haur eta gazte literaturarena, liburuen artean salmenta handienekoak haur eta gaztetxoenak baitira. Ez naiz ari esaten hori egin beharko litzatekeenik, baina bai aukera hori edo antzekoak aztertu egin beharko liratekeela».

Aldaketak etorri bitartean, gaur-gaurkoz erreferentzia ukaezina da Durangoko Azoka euskal kulturaren munduarentzat. «Gure ekosistema kulturalaren eta literarioaren ardatza da Durangoko Azoka», Mikel Sotoren ustez. «Honek markatzen du gure argitaratze erritmoa, eta hiru hilabeteetan argitaratzen dugu gure produkzio osoaren %60 edo gehiago. Urteroko galdera da gure artean ea Durangorako zer izango dugun. Ezinbesteko erreferentzia da, eta baita gure egoeraren termometroa ere».

Irauteko, egokitu

Irauteko egokitu beharra dago; garaian garaiko eskakizunei erantzuten asmatu behar da. «Azoka oso malgua izan da, gu, euskaldunok, malguak garen bezala, eta horri esker egin du aurrera», Agurtzane Anduetza artistaren ustez. «Niretzat pozgarria da jakitea 50 urtez egin dela azoka hau. Jendeak lan egin du, eta hau da horren emaitza». Ez du azokara urtero etortzeko ohiturarik Anduetzak; batetik, «sobera jende» delako bere gusturako, eta, bestetik, Zugarramurditik (Nafarroa) Durangorainoko bidaia luzea egiten zaiolako. Baina Ahotsenean izan zen atzo, Esku aldunaren aldunaren Gakoa arte liburua aurkezten (Maiatz).

Mikel Markez musikagile eta kantariari poza ematen dio Durangoko Azoka 50. urteurrenean «sendotuta» ikusteak. «Gure lanak ezagutarazteko leku izugarri ona da hau, baina baita beste kantugile, komikilari eta abarrekin topo egiteko eta jende berria ezagutzeko ere. Hemen beste leku batzuetan sentitzen ez den energia bat sentitzen da». Hutsik egin gabe, urtero etorri ohi da Markez azokara, diskoa besapean izan zein ez.

Mikel Markezentzat bezala, poz iturri da Pantxoa Bergara Xabaltx musikagile eta kantariarentzat ere Durangoko Azoka bisitatzea. Urtero egin ohi du egun bat Agorila diskoetxearen mahaian laguntzen, eta horretantxe aritu zen atzo. «Iparraldean itoak gara bi aldeetatik», azaldu du, 50. urteurren honetan Durangoko Azokaz zer iritzi duen galdetutakoan. «Frantziatik, jakina den bezala; baina baita Hego Euskal Herritik ere, zeren Euskal Telebista ikusten dugu Iparraldean, eta gure telebista da baita ere, baina Iparraldeko gauza gutxi ateratzen dira Euskal Telebistan. Durangoko Azokan, aldiz, gure lekua libre dugula sentitzen dugu beti».

50 urte barruko Durangoko Azoka irudikatzeko eskatuta, bere burua 96 urterekin dantzan eta giro ederreko ospakizunean ikusten duela dio Xabaltxek.

Ez zereginik gabe, baina «libre» sentitzen zen Yolanda Arrieta idazlea ere atzo Durangon, Denonartean zigiluaren standean. «Aurten egunero egongo naiz hemen, oso eskertuta nagoelako Argiaren alaba liburua argitaratu dutelako, baina denbora hartuko dut lagunekin egoteko eta ikuskizun batzuetara joateko ere».

«Herri txikia gara, eta gauzak egiten dituena», Arrietaren ustez. «Beti izango da konpondu beharrekorik, baina Durangoko Azoka irautearen isla da, eta irautea ez da superbizitzea; irautea da geureari eustea eta bizirik egotea».

«Hau da daukaguna», ohartarazi du Arrietak. «Eta, etxean bakarrik idazten dakigun bezala, jakin egin behar dugu hemen egoten ere, jakin egin behar dugu umeei ipuinak kontatzen eta azalpenak ematen. Batak ez du bestea kentzen, nire ustez. Herri txikia gara, ez gara asko, eta elkar elikatu behar dugu, ez bakarrik diruz, baita hitzez eta presentziaz ere».

Bitxia eta esanguratsua da Yolanda Arrietaren Argiaren alaba liburuaren kasua. Liburu horrekin haur eta gazte literaturaren arloko Euskadi literatura saria irabazi zuenean, urrian, liburua ez zegoen merkatuan. Hainbat argitaletxeren ezezkoak jaso ondoren, Arrietak autoedizioaren bidea hautatu baitzuen iaz, eta 300 ale kaleratu bere kabuz, gastuak eta zabalkundea bere gain hartuta. Horietatik ehun, adibidez, liburutegietan banatu zituen. Horrez gain, liburua eskuragarri jarri zuen bere webgunean, hala liburu elektroniko gisa nola PDF gisa. Baina liburua, paperezko edizioan, agortua zegoen saria jaso zuenerako. Denonartean zigiluak tapa gogorrekin argitaratu du orain, eta, gainera, gaztelaniazko itzulpena ere kaleratuko du hurrengo urtean, Fernando Reyk egina.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

2022ko udazkenean egingo da XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia

2022ko udazkenean egingo da XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia

Mikel Lizarralde

Getxon abiatuko da, irailaren 24an, eta finala Iruñean jokatuko da, abenduaren 18an.

Paula Estevez, Maite Gurrutxaga eta Ainara Azpiazu <em>Axpi</em> ilustratzaileak, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

'Zu'-aren hamaika trazuak

Itziar Ugarte Irizar

Tupust kolektiboak bigarren komiki antologia argitaratu du, oraingoan autoekoitzita. 21 sortzaile eta hamazazpi istorio bildu dituzte, eta askotariko ertzetatik heldu diote gai nagusiari, 'zu'-ari

Bilboko Rekalde aretoan 90 margolan batu ditu Idoia Monton artista donostiarrak. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Pintura beti itzultzen da

Iñigo Astiz

Idoia Monton artista donostiarrak azken hiru hamarkadatan egindako lanaren berri ematen duten 90 artelan batu ditu Bilboko Rekalde aretoak, 'Zazpi leihoak' izenburupean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.