Ancorak eskatu du ez uzteko Arte Ederren barruko aldea botatzen

Habe batzuk sendotzeko agindu diotelako eskatu du Sadek baimena. Eraikina pixkanaka suntsitzeko estrategia bat da, Ancoraren ustez

Miren Garate.
Donostia
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
2000. urteko kartel batekin atera zuten argazkia atzo Ancora elkarteko ordezkariek. Ordurako ari ziren Donostiako Arte Ederrak eraikina babesteko eskatzen. Susmoa dute auzia «zerbaiten bukaerara» iristen ari ote den, nahiz eta horrekin ez duten esan nahi egoera beraiek proposatutako konponbidetik gertu dagoenik. Eraikinari lotutako hainbat gertaera izan dira azken asteotan: besteak beste, Sade enpresak, eraikinaren jabeak, baimena eskatu berri du barrualde guztia eta sabaia botatzeko. Kupula eraitsi zuen aurrena, eta ez zuen berriz jarri. Ancorakoek uste dute estrategia baten parte dela: «Arte Ederrak suntsitu nahi dute faseka». Hala, elkarteak alderdi politiko guztiei eskatu die eraikin horren defentsa lehentasunen artean jartzeko hauteskunde programetan.

Icomos ISC20C erakundeak—Unescoren kontsulta erakundea da— arriskuan dagoen ondareari buruzko nazioarteko alerta bat eman eta bi astera etorri da baimen eskaera. «Espainian orain artean ez zen halako alertarik izan». Erakunde horrek Gunny Harboe presidenteak sinatutako gutun bat bidali zien Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Diputazioko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei, Arte Ederrak eraikina babesteko eta kontserbatzeko eskatuz. Gutunarekin batera, txosten bat ere igorri zuen erakundeak, eta nabarmendu eraikinak «nazioartean duen balio ikaragarria». «Eta kasualitatea izango da, edo ez, baina, alerta hori eman eta bi astera, barruko alde guztia botatzeko eskaera egin du jabeak, sabaia barne». Ancorakoek gaineratu dute, komunikabide batean egindako adierazpenen arabera, enpresak ez duela asmorik gaina berriz jartzeko. «Eraikina suntsitu nahi dute barrutik eraitsi eta egurats zabalean utzita».

Elkarteko kideen esanetan, auzitegiek iazko abenduaren 20an emandako epai batean oinarritu da Sade baimena eskatzeko. Epai horrek habe batzuk sendotzeko agintzen zion Saderi. «Baina ez du habe horiek konpontzeko edo sendotzeko proiekturik aurkeztu, ez: erabat bota nahi du barrua. Proiektuak 436.279,92 euroko aurrekontua du BEZik gabe; pentsa zein handia den eraispena». Elkarteko kideek diote argi dagoela etekinen bat atera nahi duelako egingo duela gastu hori, bestela ez lukeela egingo: «Arte Ederrak suntsitu eta espekulazio urbanistiko bat gauzatzea da haren helburua, etxebizitzak egitea». Gaineratu dute baimen eskaerako puntuetako batean ere ondorioztatzen dela asmo hori, Sadek azaldu baitu gaur egungo barruko egitura ordezkatu nahi duela, «eraiki beharreko eraikinaren etorkizuneko diseinura egokitzeko».

«Egutegiarekin jolasean»

Elkartearen arabera, baimen eskaeraren datak badu garrantzia—apirilaren 24koa da—, nazioarteko alertatik bi astera egina izateagatik ez ezik, beste arrazoi batengatik ere: «Hauteskundeak hain gertu egonda, gure ustez, egutegiarekin jolasean ari da jabea: kargu eta zinegotzi berriak izendatu arteko impasse egoera baliatu nahi du hiru hilabete pasatzeko erantzunik jaso gabe». Tarte horretan erantzunik jasoko ez balu, baimena lortuko luke Sadek, administrazioaren isiltasunagatik.

Ancorak hainbat arrazoi eman ditu baimena ukatzea eskatzeko. Legeari dagokionez, esan du Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezian berrikusten ari direla Arte Ederrak eraikinak izan beharreko babes maila; C mailan dago gaur egun, eta A edo B mailara alda diezaiokete. «Horrek ez luke baimenduko barruko aldea botatzea; beraz, berrikuspena amaitu arte, ezin da eman baimena». Arrazoi teknikoei buruz, Ancorak esan du eraikina ez dagoela erortzeko zorian, nahiz eta enpresak hori sinetsarazi nahi dien herritarrei, eta hala erakutsi dutela zenbait azterketak.

Eta arrazoi kulturalei helduta, elkarteak dio Icomosek emandako alerta horrek berak bakarrik aski izan behar lukeela baimena ukatzeko, edozein politikari «lotsarazteko modukoa» delako. «Arte Ederrak eraikinak balio unibertsalak dituela esan dute. Beste edozein hiri harro egongo litzateke nazioarteko adituek halako aitortza egingo baliote bere udal eremuan dagoen eraikin bati; are gehiago, Zinemaldiaren hiria izanda, Espainiako zinematograforik zaharrena baita eraikina».

Eraikinaren jabe Sade enpresarekin akordio bat egitea eta Arte Ederrak esku publikoetara pasatzea da Ancoraren nahia, euskal gizartearen zerbitzura jarri ahal izateko. Eta horretarako formulak badaudela adierazi du: besteak beste, balio justuaren edo trukaketaren bidez. Eta erakundeei gogorarazi die legeak ondarea babestera behartzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.