Joxan Artze hil da. Bizitzan esandakoak

Eraldatuz joan zen ahots askea

Artearen defentsan askotan «gogorregi» jokatu zuela aitortu izan zuen Joxan Artzek. Denborarekin, hitzak aldatu zituen, baina bere buruarekin koherente izan zen beti.
Joxan Artze, 2009an, Usurbilen, Mikel Laboa omentzeko ekitaldian.
Joxan Artze, 2009an, Usurbilen, Mikel Laboa omentzeko ekitaldian. JON URBE / ARP

Miren Garate -

2018ko urtarrilak 13
Ez zion hitzari beldurrik izan Joxan Artzek, eta, poemetan eta kantuetan ez ezik, emandako elkarrizketetan ere bere ahotsa erakutsi zuen; denborarekin aldatuz joan zen ahots bat, hain zuzen ere.

Joxe Ramon Belokik Jakin aldizkarian 1977an egindako elkarrizketa batean:

«Tradizioak gauza onik badu, halafede, erabiltzen jakinez gero; ez, ordea, berak menperatzen bagaitu, eta bere altzo goxotik ateratzera ez bagara ausartzen».

«Politika aurrerakoi bat egitea kantari batentzat, nire ustez, kantak ongi egin eta ongi ematea da».­

«Poetak ez du bere lana osoki kontrolatzen; gauza asko eta asko ez daki nondik etorri zaizkion, beraz berak bezainbat eritzi eman dezake bere lanaz beste edonork».

«Baga, biga, higa sentikaria moldatu genuen. Leku askotan eman genuen, eta, zirudienez, jendaurrean arrakasta on bat lortu zuen. Honen diskak argitara ematea denoi komenigarri iruditurik, bi diska handi ere grabatu genituen. Katalunyako Edigsa etxeko zuzendarien mila laguntzari esker, lortu genuen Madrileko zentsuratik kanta guztiak pasatzea. Sentikariaren azken emanaldietan genbiltzan, diskak argitara emateko puntuan, eta hara non taldeko bat hasten zaigun esaten ea komeni ote zen diska horik ateratzea, ez ote genuen zenbait jende abertzaletasunetik atzera botako disketan azaltzen ziren zenbait gordinkeria, birao eta gogorkeria entzun eta. Gehienak txunditurik gelditu ginen. Bi urte bazen bazter guztietan ematen ari ginela... Kontrol hark segituan konpreni erazi zidan, zerutik aginduren bat jausia zela gure taldearen baitara. Nahiz eta haseran gehienak txunditu, denbora baten buruan batzuk ontzat eman zuten agindu zerutiar hura. Ikusirik Komisario politikoekin ez dagoela lan jatorrik egiterik, bertan behera utzi genuen».

Artegintza eta politika bi disziplina ezberdin dira. Artista bat edo artista izan nahi duena teoria politikoak zabaltzen hasten bada, ez dut uste ongi egingo duenik; ez bait du horretarako behar den jakituriarik. Eta alderantziz».

Argia astekarian (1995-01-15) Joxemi Saizarrek egindako elkarrizketatik:

«Ikusten ez den argia era eder batean erakustea da olerkarion eginkizuna».

«Guggenheim bat eduki eta unibertsal bihurtuko gara, ez gara izango baserritar eta artzain herri eskas bat, baizik eta Bilbon izango dugu eta kanpotarrei erakusteko. Herria zapaltzeko eta bere nortasuna desitxuratzeko ekarritako zerbait izango da».

«Gure kutxak halako apaindurarekin egiten bazituzten, ez zuten egiten politagoa egiteagatik, ez. Edertasuna beharrezkoa delako, gorputzak jan behar duen bezala, arimak edertasuna behar du. Adimena egiaz bazkatzen den bezala, gauza beharrezkoa da edertasuna, eta hori eskulanez bakarrik lortzen da. Hori salbatu eta hortik etorriko da kultura».

Euskadi Irratian 2007an emandako elkarrizketatik:

«Gizaki izateko sortzaile izan behar da... zernahitan dela ere: aitzurrean, segan, plantxan…?Sortzaile ahalmen horiek gizakiak erabili behar ditu; gizaki orok behar du izan artista gizaki izateko. Berezkoa du arte egitea. Horretarako eskatzen digu gure baitan sakondu behar dugula. Gure izatearen nortasuna bilatu behar dugula. Eta horrek ematen dizkigu lanak. Ausartzen direnak artista deituak dira».

«Gogorra nintzen besteekin eta neure buruarekin. Gogorregia izan naiz, ez nuen eskubiderik besteei horrenbeste eskatzeko. Eta horretaz konturatu naiz. Gehienbat ibili naiz zuzentasuna aurretik, eta maitasuna atzera samarretik. Lehenik maitasuna, gero zuzentasuna eta berriz maitasuna».

«Guri aukera ematen zaigu garenak izateko ala ez garenak izateko. Hau da, ezereza bizitzeko. Misterio handia da, baina Jainkoak serio jokatzen du. Apustua serioski egin du, eta gizakiari eman dio askatasun guztia... eta berak errespetatzen du, nola gainera… uzten dio ez dena izaten. Harrigarria da. Bestela bizitzak ez du zentzurik. Eta zertarako? Garenak izateko; garenak bagina, Jainko baikinateke. Aaa... Hortxe dago asuntoa. Eta horrek zer beldur ematen digu? Jainko izatea? Nahiz eta jainko izatera jokatzen dugun... gure ego alu honekin. Baina ez egiazko Jainkoa. Egiazko Jainko izan ez dugulako nahi. Nahi dugu Jainkotxo izan. Gure irudiko Jainkotxo izatea. Hori da asuntua...».

BERRIAn Juan Luis Zabalak egindako elkarrizketa (2014-01-17):

«Garenak izatea bizitza guztiko borroka latza dugu gizakumeok».

«Nahiago dugu erositako zoritxartzen den zoriontxoa, dohainik guztiok bihotzean dugun zoritxartzen ez den zorion betea baino».

«Alde batetik, independentistak gara, baina beste alde batetik globalizazioaren bezero amorratuak».

«Ez dut uste ateo betea izan daitekeenik inor, ezerezean amildu gabe».

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoan, Euskadi Irratian jasoa 2011n:

«Elkarren artean bakarrak gaituk, eta osoak, momentu berean, guztiok gorputz bat osatzen diagu, bai gizakiok gure artean, bai izadi guztiarekin ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Miren Garate

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna