Zinebik Mariano Llinas zuzendaria sarituko du

Azaroaren 9tik 16ra bitarte egingo da Bilboko Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 60. edizioa. Vanesa Fernandezek hartu du jaialdiaren zuzendaritza

La Flor, 14 orduko filma, aurkeztuko du Mariano Llinas zinemagileak. ZINEBI.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
«Garai berriak datoz». Vanesa Fernandezek (Durango, Bizkaia, 1980) zuzenduko duen lehena da azaroaren 9tik 16ra bitarte egingo den Bilboko Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 60. aldia. «Asmo berriekin gatoz». Ez da xehetasunetan sartu, ordea; datozen asteetan emago baitute jaialdiaren programazioaren berri. Ustez, duela 2.300 urtekoa den Mikeldi idoloa izeneko eskulturaren aldamenean iragarri zuen Mariano Llinas (Buenos Aires, Argentina, 1975) zuzendari eta gidoilari argentinarrari emango diotela aurtengo Ohorezko Mikeldi Sarietako bat. Haren azken filma ere eskainiko dute: ia 14 orduko iraupena duen La Flor (2018) pelikula.

Zuzendaritza eta irudia. Biak aldatu ditu Zinebik bere 60. aldirako. Erretiroa hartu du orain arte jaialdiaren buruan izan den Ernesto del Riok (Bilbo, 1954), eta Fernandezek hartu du lekukoa. «Zinema garaikidearen adierazpen ausartenak jasotzen eta babesten jarraitu behar du Zinebik.Nazioarteko filmen estreinaldiak gurean egin daitezen lan egiten jarraitu behar dugu, eta programazio handizalea aurkeztu behar dugu horretarako. Betiere, Bilboko zein Euskal Herriko zinemagile gazteekin izan behar dugun etengabeko arreta ahaztu gabe».

Jaialdiaren programazioaren ildoak «berregituratu» dituztela azaldu du zuzendari berriak,baina datozen asteetan emango dituzte zehaztasun guztiak. Izenburu gisa aipatu ditu aldaketa nabarmenenak: «Nazioarteko gainontzeko jaialdiekiko konpetentzia mantentzeko urratsak egingo ditugu eta Bertoko begiradak euskal zinemagintzari eskainitako zikloa ere berregituratuko dugu. Horrez gain, herrialde zehatz bati eskainitako ataria ere izango dugu aurten, zeinetan emakumeen lana funtsezkoa izango den».

840 minutuko filma

Ohorezko Mikeldi Sariari forma berria eman diote aurtengoan. Zezen bat irudikatzen duen harrizko 1.560 kiloko eskultura ardatz hartuta, zeramikazko pieza diseinatu du Maite Leyun artista nafarrak. Bada, Llinas zuzendari eta gidoilari argentinarrari emango diote itxuraldatutako Ohorezko Mikeldi Sarietako bat. «Zinema garaikidearen nazioarteko panoraman berritzaileenetakoa da. Sorkuntzarako talentua izateaz gain, bere lanek erradikalismo estetiko handia dute».

Balnearios (2002) eta Historias Extraordinarias (2008) filmekin arrakasta lortu du zinemagileak azken hamarkadetan, eta bere azken lana aurkeztuko du Bilboko jaialdian: La Flor. 840 minutuko iraupena du, eta, horregatik, hiru egunetan egingo dituzte emanaldiak: azaroaren 11tik 13ra bitarte, Bilboko Golem zinemetan.

Hamar urtean sortu du Linasek La Flor filma: 2009an hasi zen grabazioekin eta 2018an bukatu du. Elkarren artean zerikusirik ez duten fikziozko sei istorio biltzen ditu pelikulak, baina aktore berdinak dituzte kontakizun guztiek: Piel de Lava talde artistikoa osatzen duten Pilar Gamboa, Elisa Carricajo, Laura Paredes eta Valeria Correa, hain zuzen. Azaroaren 9an jasoko du zuzendari argentinarrak Ohorezko Mikeldi Saria, jaialdiaren irekiera ekitaldian, eta harekin batera izango dira filmaren protagonistak ere.

Bigarren Ohorezko Mikeldi Saria nork jasoko duen ez dute jakitera eman oraindik, eta datozen asteetan emango dute jaialdian, lehian arituko diren film labur eta dokumentalen berri.

Gero eta arrakasta handiagoa du Zinebik. Horren erakusgarri da jaialdiak aurtengo lehian aritzeko jasotako pelikula kopurua: orotara, 124 herrialdeko 3.770 film aurkeztu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.