Rossiniren 'Semiramide' Bilbora dator, OLBEren eskutik

Semiramideren rola Silvia Dalla Benettak jokatuko du. Larunbatean eta beste hiru egunetan emango dute, Euskalduna jauregian

Bilbon taularatuko duten Semiramide opera Napoliko San Carlo antzokiaren ekoizpena da. OLBE.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak denboraldi honetako laugarren opera taularatuko du larunbatean: Gioachinno Rossiniren (Pesaro, Italia, 1792 - Paris, 1868) Semiramide. Napoliko (Italia) San Carlo antzokiaren ekoizpena da, zehazki, larunbat honetan —eta hilaren 19, 22 eta 25ean— Euskalduna jauregian ikusi ahal izango dena, 19:30ean.

Rol nagusietan arituko dira: Silvia Dalla Benetta sopranoa (Semiramide), Daniela Barcellona mezzosopranoa (Arsace) eta Simon Orfila baxua (Assur). 51 mugimendu eszeniko ditu ekoizpen honek, eta, Luca Ronconi zenaren ordez, Maria Bianchik egingo ditu eszena zuzendari lanak Semiramis Babiloniako erregina mitikoaren tragedia taularatzeko: boterea eta maitasuna eskuratzeko ahaleginak eta heriotza bortitza. Bianchikatzo prentsaurrekoan esan zuenez, Bilboko ekoizpenean ez da agertuko Babilonia klasikoarenarrandiarik, gain behera doan mundu bat baizik. Helburu horrekin, Alessandro Vitiellok Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operako Abesbatza zuzenduko ditu.

Rossiniren «mugarria»

Rossini opera bufoa baino askoz gehiago da, eta horren erakusle gorena, askoren ustez, Semiramide da. Konpositoreak sortu zuen azken opera serioa da, eta Voltairek idatzitako Sémiramis tragedia hartu zuen oinarri horretarako.

OLBEko zuzendari artistiko Cesidio Niñoren esanetan, Semiramide-k «mugarria» ezarri zuen geroago etorriko ziren Donizzetti, Verdi edo Wagner moduko operagileen artean. 1823an estreinatu zuten, Veneziako La Fenicen, Gaetano Rossiren libretoarekin. Bi agerralditan dago zatituta. Rossiniren koloratura idazketaren gailurtzat jo ohi da estreinatu zutenetik, eta kantariei asko eskatzen dien obra bat da.

«24 urte dira jada Bilbon obra hau taularatzen ez dutena, eta horiek urte asko dira», azaldu zuen atzo OLBEko Niñok. Bilbon bakarrik ez: gainerako lekuetan ere apenas dagoen aukerarik opera hori oholtzan ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.