The Dream Syndicate, gaurko garaietan

Steve Wynnek gidatutako musika talde beteranoak 'These Times' diskoa aurkeztuko du bihar, Bilboko Kafe Antzokian. 2012an agertokietara itzuli zenetik argitaratu duen bigarren lana da

mikel lizarralde
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gaztetxoa zela, gauez, irratia belarrira itsatsita entzuten zuen musika Steve Wynnek, The Dream Syndicate taldeko abeslari eta gitarristak. «The Persuasions, Van Morrison, Captain Beefheart, Miles Davis, Neil Young, Curtis Mayfield, Roxy Music... Bata bestearekin lotzen zen. Nahasketa psikodeliko bat zen [...], eta ni beste mundu batean sartzen nintzen bete-betean». Garai hartako musika irratien izpirituari jarraika grabatu dute Wynnek eta The Dream Syndicate taldeko kideek These Times taldearen azkeneko diskoa. Bihar Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute.

1980ko hamarkadaren hasieran Kalifornian eta bereziki Los Angelesen (AEB) ernatutako Paisley Underground mugimenduaren ikur nagusietakoa izan zen The Dream Syndicate. Psikodeliaren eta gitarren zaletasunak batzen zituen talde haietako asko, nahiz eta euren artean ezberdintasun handiak izan. The Dream Syndicatek 1988ra arte iraun zuen, eta urte horietan argitaratu zituen bere ospea elikatuko zuten diskoak, The Days of Wine and Roses ikonikoa eta Medicine Show.

Taldea desegin ostean, Wynnek bakarkako ibilbide sendoa osatu zuen, eta behin baino gehiagotan izan zen Euskal Herrian. 2012an, baina, taldea berriro elkartu zen, lehendabizi zuzeneko emanaldiak egiteko, eta gero material berria sortu eta grabatzeko. How Did I Find Myself Here (2017) lanak zaleen aurreikuspenak bete zituen, eta handik bi urtera These Times lan berriarekin itzuli da taldea.

Disko berria aurreko lanean parte hartu zuten kide berberek grabatu dute; hau da, Wynnek, Jason Victorrek (gitarra), Mark Waltonek (baxua), Dennis Duckek (bateria) eta Chris Cacavasek (teklatua). Hala Duckek nola Waltonek The Dream Syndicateren lehenengo garaian parte hartu zuten, eta Green on Red taldeko kide izan zen Cacavas, bakarkako bideari heldu baino lehen.

These Times osatzen duten kantuak urtebetean sortu dituzte. «Ondorioz, dena oso berria da guretzat, eta hori bera ere zirraragarria da», azaldu du Wynnek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.