Irlandarrak batuko dira aurtengo udako narrazioetara

Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko idazleen lanez gain, bihartik aurrera gaelikoz idatzitakoak ere kaleratuko ditu BERRIAk igandero

Juan Luis Zabala idazlea, iaz. Hark hasiko du narrazioen katea, bihar. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Gaelikoz idazten duten hiru idazle irlandarren lanek aberastuko dute BERRIAk udan igandero kaleratzen dituen narrazioen atala. 2019an eta 2020an Uda batez Galeuscan izan zena Udako narrazioak izenburupean argitaratuko da aurten, eta lau herrialdetako idazleen sormen lanak eskainiko ditu asteburutako gozagarri. Elkarlanaren fruitu izan da atal hau azken urteotan, eta elkarlanean sakondu du aurten BERRIAk. Galiziako Noos, Kataluniako Vilaweb eta Irlandako Belfast News izango ditu bidaide oraingoan.

Iaz Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako launa idazleren lanak argitaratu ziren, jatorrian bakoitzak bere hizkuntzan idatzitakoak. BERRIAk katalanez eta galegoz idatzitakoak euskaratuta kaleratu zituen, eta berdin egin zuten galiziarrek eta katalanek ere euskarazko narrazioekin.

2004an hasi zen BERRIA udako igandeetan euskal idazleen narrazioak argitaratzen, irudiekin osatuta. 2019an hasi zuen elkarlana Vilaweb-ekin, eta 2020an gehitu zitzaizkion galegoak, Sermos Galiza-rekin elkarlanean. Bihartik aurrera abiatuko den atalean, Noos-ek hartu du Sermos Galiza-ren tokia, eta Belfast News gehitu zaio.

Hasteko, Juan Luis Zabala

Juan Luis Zabalak irekiko du katea. Urteetan Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn kazetari lanean aritu ostean, itzultzaile ari da gaur egun. Literatur lan ugari argitaratu ditu: bost nobela, hiru narrazio bilduma, dietario bat eta bi biografia. Yurre Ugarte eta Uxue Apaolazarenak izango dira euskaraz argitaratuko diren gainerako lanak. Ugarte idazlea eta gidoilaria da. Bi narrazio bilduma, antzerkirako testu bat, bi komiki eta haurrentzako bi literatura lan idatzi ditu, baita telebistarako eta zinemarako gidoiak ere. Apaolazak Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin liburua du lehen lan argitaratua, 2005ean. 2009an Igartza saria irabazi, eta harekin plazaratu zuen Mea culpa nobela, 2011n. Aurrez, Frantzisko Xabierkoa iheslaria biografia ondu zuen, 2008an.

Letra katalanen ordezkari Neus Canyelles, Anna Gas eta Raquel Ricart arituko dira. Canyellesek Neu d'agost. Un llibre de memòries lanarekin hasi zuen ibilbidea. Psikiatriko batean bizitakoa kontatu zuen Les millors vacances de la meva vida (2019) lan txalotuan, eta aurten argitaratu du Autobiografia autoritzada. Gas gaztetatik hasi zen ipuinak idazten, eta zenbait literatura sari jaso zituen. 2017an argitaratu zuen lehen poesia bilduma, Crossa d'aigua; 2019an Llengua d'àntrax argitaratu zuen; eta aurten El pèndol eman du. Ricartek jorratu dituen generoen artean daude, besteak beste, narrazioa, eleberri beltza eta gazteentzako eleberria. Hainbat sari jaso ditu.

Andrea Barreira, Anxos Sumai eta Maria Rei izango dira galegoz idatzitako narrazioen egileak. Barreira komunikazioan aditua da. 2015ean Non hai luz sen escuridade gazteentzako eleberria argitaratu zuen, eta beste bi lan idatzi ditu: Que pode saír mal? eta Palabra de bruxa. Sumai dokumentalgilea, itzultzailea eta idazlea da. Narratiba eta saiakera liburuak eta itzulpenak argitaratu ditu, eta lan kolektiboetan ere parte hartu du. Reik irakaskuntzarekin lotutako liburuak idatzi ditu, eta iaz argitaratu zuen bere lehen eleberria, Flores de ferro.

Aurten ere ilustrazio batek lagunduta argitaratuko da testu bakoitza. Joseba Beramendi Exprai-k jantziko ditu euskarazkoak; Alex Rozadosek galegozkoak, eta Tere Guixek katalanezkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.