Antsoaingo jaiak

Haur eskolatik herriko plazara

Gaur hasi eta igandean bukatuko dira bestak Antsoainen. Sokorro Vallejo haur eskolako zuzendariak botako du suziria
Antsoaingo txupinazoko giroa, artxiboko irudi batean.
Antsoaingo txupinazoko giroa, artxiboko irudi batean. IDOAI ZABALETA / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko irailak 13
Ikasturte berriarekin batera iristen da besta usain bat Antsoainera (Nafarroa). Arrikurock musika jaialdia egin zuten aurreko larunbatean, eta, astebeteko atsedenaren ondotik, herriko bestak hasiko dira. Gaur hasi eta igandera arte izanen dira. Udaletxeak eta txosna batzordeak egitarau aberatsa prestatu dute besta egunotarako. Arratsaldeko seietan lehertuko da besta, Sokorro Vallejo Etxaleku haur eskolako zuzendariak herriko plazatik botako duen suziriarekin.

Txupinazoa botatzeko aukera eskainiz, aurten erretiratzekoa den irakasleari omenaldia egin nahi diote, eta eskertza adierazi. Vallejo 40 urtez ibili da lanean haur eskolan, eta herriarekin eta bereziki haurrekin izan duen «prestasuna» eskertu nahi diote. Aurten, gainera, hirugarren urtez jarraian, herritarrek boz bidez aukeratu dute suziria botatzeko ardura nori eman.

Lau egunetan, antsoaindarrek 50 ekitaldi baino gehiago izanen dituzte bestez gozatzeko. Aurreko urteetako bestak arrakastatsuak izan direla eta, «formula errepikatzea» erabaki dute ekintzak antolatzeko orduan. Beraz, ez da aldaketa nabarmenik izanen aurreko urteko bestekin konparatuz. Kalderete lehiaketa, pilota partidak, artisau azoka, kontzertuak, zezensuzkoa, herri bazkaria eta emakumeen topagunea izanen dira bertze hainbertze ekitaldiren artean.

Andreen topaketa Antsoaingo bestetako ekitaldirik ezagunenetako eta jendetsuenetako bat da. Urte luzetako tradizioa duen ekitaldia da topagunearena. Azken urteetan, ordea, hasierako balioak galdu zituela eta, udalak eta emakume taldeak hartu dute egitasmoa antolatzeko ardura. Igandean izanen da topagunea, Rafael Alberti plazan. 17:00etan elkartuko dira kafea hartzeko, eta, ondotik, Canciones para una noche de verano kontzertu antzeztua izanen dute, Adriana Olmedo eta Nerea Benito artistekin. Ekitaldirako gonbidapenak aldez aurretik eskatu behar dira.

Antsoainen, jaiak aldarrikapenerako erabili nahi dituzte. Horregatik, bertze herri anitzetan bezala, aldarri bat dute nagusi: erasorik gabeko jaiak. Eraso sexistei aurre egiteko, Prebentzio eta Arretarako Tokiko Protokoloa sortu dute. Irailaren 8an hasi zuten, eta hilaren 16ra bitarte egonen da martxan protokoloa. Erasoak sufritu ahal dituzten emakumeei arreta emateko baliabideak eskainiko dituzte, eta eduki edo jarrera sexistak salatzeko aukera ere izanen dute herritarrek.

Kontsumoarekin kezkatuta

Bestak anitzetan drogen kontsumoarekin lotuta daudela jakitun, drogen kontsumoari buruzko sentsibilizazio eta prebentziorako kanpaina berezia prestatu du mankomunitateak bestetarako. Bereziki, adin txikikoen artean alkoholaren eta drogen kontsumoak dakarren arriskuen inguruko sentsibilizazioa bultzatu nahi dute. Horretarako, kontsumo arduratsurako jarraibideak zabalduko dituzte bestetan.

Gainera, txosna gunean Druida gunea egonen da irailaren 14an, Hegoak elkarteak antolatuta. Bertan, drogen inguruko zerbitzua emanen dute, eta analisiak eginen dituzte droga kontsumoari loturiko arriskuak eta kalteak arintzeko asmoz.

Udalak antolatutako ekitaldiez gain, bertzelako planak ere egin daitezke egun horietan. Txosnek hogei ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte, «besta parekide, parte hartzaile eta euskalduna lortzeko». Gaur, bazkari autogestionatua egingo dute, eta hortik aurrera igandera arte ongi pasatzeko aukera eskainiko dute. Larunbateko herri paella-jana izanen da aurtengo txosnetako ekintza nagusia.

Igandera bitartean besta giroa eta musika izanen dira nagusi Antsoaingo kaleetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria