Sanandresak Eibarren

Baserriko produktuek hartuko dute hiria

Nekazaritza azoka eta eskualdeko ganadu erakusketa egingo dituzte bihar, Eibarren, San Andres egunean. 40. urtea du azokak, eta, denera, 64 postu jarriko dituzte bertan, «kalitatea» ipar dutela

Eibarko San Andres azokako artxiboko irudi bat. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Udazkena eta negua elkartzear daudela, garai honetako azoka garrantzitsuenetako bat egiten dute Eibarren (Gipuzkoa), azaroaren azkenean, San Andres egunean. Baserrietan ekoitzitako produktuak hirira eramatea du helburu, kalitatean indarra jarrita. Eibarko zenbait ekoizleren uztako produktuak egongo dira bihar, baita ingurukoenak ere: 64 postu jarriko dituzte denera.

Goizean goiz abiatuko dute azoka: 06:00etan hasiko dira Eibarko kaleak postuz betetzen. Jose Luis Gonzalez Eibarko Kultura teknikariak azaldu du espazio handia eman diotela azokari. Barazkiak izango dira nagusi, eta haiek hartuko dute tarterik handiena, karpa handi batek estaliko baititu Untzaga plazan. Gainontzeko produktuentzat beste gune bat egokitu dute.

Hiru ardatz ditu San Andres azokak: erakusketa, salmenta eta lehiaketa. Ikusgai egongo dira abereak, salgai egongo dira hainbat produktu, eta lehiaketa egingo dute horietako batzuen artean. Barazkiak, fruituak, eztia, ardi gazta eta ogia ariko dira lehian, baina loreak ere salduko dituzte. 180 euroko saria izango du produktu bakoitzeko irabazleak, eta 120 eurokoa bigarrenak. Guztien artean aurkezpenik onena duten biei ere emango diete saria.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 64 ekoizle bilduko ditu azokak: Arabako bederatzi, Bizkaiko 32, Gipuzkoako 21 eta Nafarroako bi. Eibarko hiru baserritako produktuak ere egongo dira: Loixola baserriko barazkiak, eta Iturrikoako eta Sosolako ogia. Horietako batek jasoko du herriko onenaren saria.

«Kalitatea babestea» da antolatzaileen helburuetako bat, Gonzalezen hitzetan, eta, horregatik, neurri jakin batzuk betetzen dituzten produktuak baino ez dira egongo azokan. Idiazabal jatorri izeneko ardi gazta eta Euskal Labeleko eztia izango dituzte, besteak beste. Francisco Javier Lejardi Kultura zinegotzia ere bat dator horrekin, «kalitate handiena» eskatu dutela nabarmendu baitu. Azokak dagoeneko izen ona dauka, haren ustean, «produktu bereziak» izaten dituztelako. Urte luzeko tradizioa du azokak: 40. aldia da aurtengoa.

Berrogei ez, baina dozena bat urtetik gora darama Esosi Etxebarria soraluzetarrak azokan parte hartzen. Barazkiak eta etxeko ogia izaten ditu salgai. «Oso alaia» da, harentzat, San Andres azoka, eta giro ona sumatzen du ekoizleen zein herritarren artean: «Jendeak dena ematen du». Produkturik onenak eramaten ditu Eibarrera, saltzeko eta lehiaketan parte hartzeko. Postuan jarritako produktuen aurkezpena ere zaindu behar izaten du horretarako. Saiatzen da «dena dotore jartzen».

Lasartearra den arren, Eibarrera ezkondu zen Aizpea Izagirre, eta, senarraren Sosola baserriko ohiturari jarraituta, urtero jaisten dira azokara. Hamabost urtetan ikusi du San Andres eguneko azoka: «Egun garrantzitsua da oraindik ere; postu dezente mugitzen da». Gonzalez teknikariaren ustean ere, «saltzeko azoka ona da» San Andresekoa, eta, Etxebarriak kontrakorik esaten ez duen arren, joera beherantz igartzen du. Jendea joan joaten dela dio, baina «gero eta gutxiago erosten du, gero eta jende gehiago joaten da begiratzera».

Izagirrek Sosola baserrian ekoizten duten ogia eta gazta eramaten ditu azokara, baina ez dute lehiaketan parte hartzeko asmorik: «Herrian egina daukagu gure lekutxoa, eta gure bezeroei begira joaten gara azokara». Denda txikietan saldu ohi dituzte baserriko produktuak, baina azokak aukera ematen die bezeroekin aurrez aurre egoteko.

Salmentatik eta lehiaketatik kanpo, beren abereak erakusgai jarriko dituzte zenbait abeltzainek. Sumendixa Goikoa baserriko astoak, Aritxuluetako limusin behiak, Mandiola Gainekuako ardiak eta ahateak, Zumarango pottokak eta Mendigoitxiko idiak egongo dira Eibarko kaleetan, besteak beste.

Azoka baino gehiago

Azoka ez da bihar Eibarren egingo den ekitaldi bakarra, ordea. Eguerditik aurrera, beste hainbat jarduerarekin osatuko dute eguna. Hasteko, aizkolariak izango dituzte lehian, binaka. Bi txapelketa egingo dituzte, gainera: gazteena eta helduena. Gazteenean, bi bikote ariko dira nor baino nor gehiago, eta helduenean, berriz, hiru.

Erromeriak jarriko dio egunari soinu banda. Eguerdian, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek jarriko dute soinua, eta Kezka dantza taldeak emango du ikuskizuna. Arratsaldean, berriz, nobedadea izango da aurtengoa. Garikoitz Otamendi musikariak joko ditu kantuak, Patxi Monterok dinamizatuta.

Animazio ugari izango da kalean egun osoan: txistulariak, trikitilariak eta talogileak egongo dira, besteak beste. Inguruko sasoiko produktu artean agur esango diote azaroari Eibarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.