Zailtasunei heltzeko tresnak

Lasaigarriak eta depresioaren aurkako botikak neurriz gain kontsumitzen direla ohartarazi dute adituek. Beharrezkoak ez direnean ere kontsumitzen dira. Emozio desatseginak apaldu nahi izateari egotzi diote gorakada. Emozioak bideratzeko baliabide gabezia sumatzen dute gizartean.
BERRIA

Gorka Berasategi Otamendi

2017ko martxoak 4
Orfidal, Lorazepan, Prozac, Escitalopram, Seroxat... Psikofarmakoen izen komertzialak eguneroko hiztegiaren parte ari dira bihurtzen. Sendagai lasaigarrien eta depresioaren aurkakoen kontsumoak kezkatuta dauzka adituak. Geroz eta ohikoagoa da psikofarmakoen laguntza bilatzea, urduritasunari, antsietateari, tristurari edota beldurrari aurre egiteko. Adituen esanetan, botika horiek kasu batzuetan oso baliagarriak eta beharrezkoak izaten diren arren, egokiak ez direnetan ere egiten da haien aldeko hautua. Desegoki erabiltzen direla adierazi dute, eta mediku errezetarik gabe sendagaiak hartzearen arriskuez ohartarazi dute.

«Depresioaren aurkako botika eta lasaigarri gehiegi hartzen direla datu argia da. [Espainiako Osasun] Ministerioak esan du, eta egunerokoan ere ikusten dugu hori», adierazi du Xabier Lertxundik, Osakidetzako Osasun Mentaleko Sareko psikiatrak. Kontsumo igoera azaltzen duten arrazoiak askotarikoak dira, Lertxundiren ustez. Haren esanetan, arrazoi horietako bat da egoera ez-klinikoetan ere botikak erabiltzeko joera zabaldu egin dela azken urteetan. «Depresioaren aurkako botikak depresio klinikoa dagoenean erabili behar dira. Desberdindu egin behar dira depresio klinikoa eta bizitzaren aldiren batean izan ditzakegun tristura edo zailtasun egoerak. Antsietate nahasmendua dagoenean ere botika hartzea egokia da; ez, ordea, antsietate egoera puntuala denean».

Lasaigarrien kasuan, unean uneko beharrei erantzuteko baliagarri direla azaldu du Lertxundik, baina haren kontsumoa denboran luzatzea izaten da arriskua. «Eguneroko kontsumoa luzatzen bada, menpekotasuna sor dezake».

Depresioaren aurkako sendagaiekin kontrakoa gertatu ohi da. «Normalean, hamar hilabetetik gorako tratamenduak izan behar dute, epe luzean hartzeko prestatuta baitaude. Horrelakoetan, arazoa izaten da gaixoa hobeto sentitzen hasten denean ez duela tratamendua behar bezala bukatzen».

Psikofarmakoen kontsumoaren igoeraren beste arrazoietako bat mediku errezetarik gabeko kontsumoa da, Lertxundiren iritziz. Aldiz, medikuek ere botiken laguntzara gehiegi jotzen dutela aitortu du. Lanerako duten presioarengatik dela adierazi du. «Familia medikuek kudeatu ohi dituzte halako kasuak, eta duten presioarengatik askotan errazagoa da pilula bat errezetatzea beste irtenbide batzuk bilatzea baino. Kritika orokor bat egin beharko dugu, osasun sistemarena barne. Agian ez ditugu bestelako tresnak gizarteari eskaintzeko». Klinikoak ez diren kasuak artatu behar izateak «baliabide publiko asko hartzen ditu», Lertxundiren hitzetan, eta klinikoak diren kasuak artatzeko gaitasuna murrizten duela nabarmendu du.

Gaixotasunik ez denean, botiketara jotzeko hautua gizarte ereduaren ondorio dela deritzo. «Ez dut uste bizitza sufritzeko denik, baina bizitzako sufrimenduei buruzko perspektiba galdu dugu. Bizitzan arazorik ez izatea oso konplikatua da. Badirudi tresnak falta zaizkigula horrelako egoerak kudeatzeko. Berehala sufrimendua ezabatu nahi dugu, eta batzuetan prozesu emozionalak bizi behar dira botikarik gabe. Askotan, sufrimendua gainditzeko modua onarpena da, egoerari erantzuteko erabakiak hartzea eta baliabide pertsonalak garatzea».

Baliabide pertsonalak

Emozioen kudeaketa desegokiak zerikusi zuzena du psikofarmakoen gehiegizko kontsumoarekin, Leticia Garces pedagogoaren iritziz. «Gaixotzen gaituzten jokabide ereduetan hezi gara. Jokamolde horiek ez digute uzten emozioak kanporatzen».

Orain arteko hezkuntza ereduan emozioak «ahultasun seinale» gisa aurkeztu direla salatu du Garcesek. Hala gertatzen denetan, haurra gaixotuko dela gauza ziurra da, haren hitzetan. «Emozioek hormonak jariatzen dituzte. Adibidez, estresak kortisol hormona jariatzen du. Hormona hori kanporatzen ez badugu, gorputzean geratzen da, eta pozoiaren moduko substantzia bihurtzen da».

Hezkuntza emozionala giltzarri jo du Garcesek, bizitzan topatzen ditugun zailtasunei gure kabuz aurre egin ahal izateko. Emozioak kudeatzeko gaitasuna trebatu egiten dela nabarmendu du. «Lehenik, emozioak identifikatzen ikasi behar da, eta emozioak bideratzen eta erregulatzen, ondoren. Oso garrantzitsua da eskolak, familiak eta gizarteak prozesu horretan trebatzen laguntzea».

Garcesen iritziz, sendagaiak baliagarriak izan daitezke krisi egoera bat gainditzen laguntzeko, baina berriz ere ez gaixotzeko, bizi ohiturak aldatzea ezinbestekoa dela deritzo. Besteak beste, pentsamendu baikorra lantzearen garrantzia nabarmendu du. «Pentsamendu baikorra lantzeak ez du esan nahi negatiboak deitzen ditugun emozioak baztertu behar ditugunik. Emozio guztiek dute funtzio bat, eta lekua eman behar zaie. Emozioak onartu eta sentitu egin behar dira; baina, uneren batean, jokabidea aldatzeko erabakiak heldu behar du. Desatseginak diren bizipenak dauzkagunean ere automotibatzeko gai izatea da gakoa».

Norbere buruarekin ongi sentitzeko, desatseginak diren emozioei ere tokia egitea ezinbestekoa da, Garcesen hitzetan. «Adibidez, haurrari emozioak itotzen erakusten bazaio, ez dio bere buruari triste egoten utziko. Gaizki sentituko da emozioa sentitze hutsarekin». Garcesen esanetan, ulertu behar da emozio guztiek betetzen dutela funtzio bat. «Une bakoitzean sentitzen denak zein funtzio betetzen duen jakitea da kontua».

Tristurak, adibidez, galera garrantzitsu bat gainditzen lagundu dezake, gorputza dolua egiteko prestatzen duen neurrian. Umeei horrelako bizipenak ukatu egiten zaizkiela adierazi du Garcesek, eta oker handia da, haren iritziz. «Pentsatzen dugu haurrari aitonaren hiletara joaten uzten badiogu sufritu egingo duela eta hori txarra izango dela harentzat. Aldiz, familiarekin batera dolua egitean, eta senide bat negarrez nola agurtzen duten erakustean, maitasun keinu baten parte izaten uzten zaio haurrari. Zalantzarik gabe, on egingo dio kalte baino gehiago».

Zailtasunen aurrean emozioak egoki kudeatzeko, Garcesek ziurtatu du eragin handia duela haurtzaroan gurasoekin izan den loturak. «Ez da adimen emozional kontua bakarrik. Gurasoekin izandako lotura ziurra edo ez-ziurra den, esanguratsua da gaitasun emozionalak garatzerakoan. Lotura ziurra izan duen haurrak behar emozionalak aseak izan ditu, gurasoek erantzun egin dietelako haurrak izan dituen beharrei. Haur horrek jakingo du egoera zailen aurrean erantzun daitekeela. Aldiz, oinarri ez ziurra duten haurrei askoz ere gehiago kostatzen zaie gaitasun emozional horiek garatzea. Gurasoek ez zieten haien behar emozionalei erantzun, eta antsietate eta ziurgabetasun handiagoa dute».

Arreta osoa orainean

Urduritasunari, beldurrari edota konfiantza faltari aurre egiteko hainbat bide daude, sendagaiak hartzeaz gain. Klinikoak ez diren kasuetarako eta, beraz, botika beharrezkoa ez den horietako aukerak izan daitezke terapia psikologikoak, loa hobetzeko tailerrak, erlaxatzeko teknikak, meditazio ikastaroak... Botika beharrezkoa den kasuetan osagarriak ere izan daitezke. Emozioak era osasuntsuagoan bideratzeko jakintza desberdinetako ikastaroak ugaritu egin dira azken urteotan; mindfulness ikastaroak horien artean.

«Jendeak lasaitzen eta egoera zailak kudeatzen ikasten du», azaldu du Mertxe Arratibelek mindfulness irakasleak. Mindfulness-en funtsa gogoaren arreta osoa orainean jartzean datza. «Pentsamendu eta emozioekin identifikatuta egoten gara. Buruan harrapatuta. Ondorioz, ez dugu oraina bizitzen. Arreta orainera ekartzea da kontua, aurrean dugun egoera bizitzeko eta gozatzeko».

Arratibelen iritziz, pentsamenduek eta emozioek indar handiegia hartzen dutenean norberaren kontrolari eustea galarazten dute, eta egoeren aurrean modu inkontzientean erreakzionatzera bultzatzen dute. «Oso garrantzitsua da erreakzioak eta erantzunak desberdintzea. Erreakzioa ezin dugu gure kabuz kontrolatu. Inkontzientea da. Askotan, era automatikoan egiten dugunaz damutzen gara. Erantzuna, aldiz, egoera jakin baten aurrean era kontzientean hautatzen dugun ekintza da».

Arratibelek nabarmendu duenez, mindfulness teknika baliagarria da erreakzioak saihestu eta emozioak modu eraginkorrean kudeatzeko. Helburu hori lortzeko, beharrezko jotzen du «pertzepzioan atzerapauso bat ematea, barruko pentsamenduak eta emozioak urrunetik begiratzen ikasteko, pelikula bat izango balitz bezala».

Arreta osoa orainean jartzean, pentsamenduak desagertu egiten dira, eta horrek alferrikakoak diren kezketatik askatzen laguntzen digula nabarmendu du Arratibelek. Norbere «zentroan» egoteko balio du gogoa orainean biltzeak, Arratibelen esanetan.

Arreta lantzeko, eta pentsamendu eta emozioen indarra apaltzeko, askotariko ariketak proposatzen ditu Arratibelek ikastaroetan. Arreta trebatzeko audio grabaketak erabiltzen ditu, esaterako. «Arreta gorputzean zehar paseatzen dugu, eta atalez atal hartzen dugu gorputz osoaren kontzientzia. Meditazio ariketak egiten ditugu baita ere, aulkian eserita. Horrez gain, arreta mugimenduan lantzen dugu luzaketen bidez». Arreta egunerokoan eta une oro orainera ekarri nahi duenarentzako modua ere azaldu du. «Egiten den oro, edozein ohiko gauza dela ere, arreta osoz egitea: dutxatzea, haginak garbitzea, jatea...».

Emozioak apaldu eta lasaitzeko teknika baliotsua da behaketa, Arratibelen iritziz. «Barnean eta kanpoan gertatzen dena era inpartzialean eta epaitu gabe behatzea da helburua». Aldiz, inork pentsa dezake ez duela emozioen behatzaile hutsa izan nahi eta ahal bezain sakon bizi nahi dituela.

Arratibelen iritziz, ez dago bi aukeren arteko kontraesanik. «Momentu ona bizitzen ari denak hura bizi eta goza dezake. Kontua da gero bizipen hori bukatzen denean joaten uztea eta hurrengo momentuan datorrena onartzea, dagoeneko iragana den momentu on hori luzatzen tematu ordez. Unean unekoa bizitzea da mindfulness-en helburua». Mindfulness-aren praktikak, beraz, onarpena eskatzen du. «Gertatu dena onartu egin behar da. Ez dago beste aukerarik. Badenaren kontra egitea okerragoa da».

Gaixotasunen ondorio diren desoreka emozionalak eta zailtasunen aurrean agertzen diren emozio deserosoak bereizteko aholkatzen dute adituek, botiken aldeko aukera egin aurretik. Zailtasunei aurre egiteko, «erresilientzia eta jarrera aktiboa» dira gakoa, Garcesen esanetan. «Zailtasunak egon daitezke, baina aurrera egiteko jarrera bilatu behar da. Hori ezinbestekoa da. Agian ez da argi egongo oztopoa noraino gaindituko den, baina etsi gabe saiatzeko erabakiak egon behar du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna