'Gernika', Ibarrolarena

Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa bat zabaldu du Agustin Ibarrolaren 'Gernika' koadroarekin. Erakundeak Picassoren 'Gernika' hartzeko aurkeztutako aurreproiektua ere ikusgai dago

Agustin Ibarrolaren semeak haren lanaren aurrean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herrian da Pablo Picassoren Gernika. Edo haren parte bat behintzat. Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa oso bat eskaini baitio Agustin Ibarrola artistak 1977 inguruan sortutako Gernika koadroari, eta, hartan, zuri-beltzeko trama geometrikoen artean harrapaturik topatuko ditu bisitariak Picassoren koadroko zaldia, txoria, soldadu hila eta hildako umeari negar egiten dion emakumea. Ibarrolaren sinadura daraman giza figura batek besoak altxatzen ditu erdialdean, ezker eskuarekin ukabila erakutsiz, eta eskuinarekin garaipenaren keinua eginez; jende talde bat Gernika dioen seinalea garraiatzen dabil eskuinerago, eta beste jende multzo txikiago bat ikus daiteke sufrimendu keinuak egiten. Bi metro garai eta hamar metro zabal da lana, eta Ibarrolaren eskua omenaldiaren eta aldarrikapenaren artean dabil hartan, Picassoren lana Euskal Herrira ekar zezatela eskatzeko ere baliatu baitzuen obra, Gernika Gernikara kanpaina zabalagoaren barruan. Ibarrolaren lanarekin batera, haren sorrerako testuinguruaren berri ematen duten hainbat dokumentu ere bildu ditu erakusketan Bilboko Arte Ederren Museoak, eta, horregatik, ikusgai jarri dituzte erakundeak 1980ko hamarkadan Picassoren Gernika hartzeko aurkeztu zuen hautagaitza eta horretarako eskatutako aurreproiektua.

Franco hil berri zela, eta Picassoren lana oraindik New Yorkeko Arte Modernoko Museoan zegoela, gogor zebilen hura mugitzeko aukerari buruzko hotsa, eta horregatik sortu zuten Gernika Gernikara izeneko kanpaina, koadroa Euskal Herrira ekartzeko asmoarekin. Haren sorreran izan zen Ibarrola ere, eta, hain justu, eskari hori bultzatzeko baliatu zuen bere Gernika. Horren berri ere ematen du Bilboko erakusketak orain, eta, artistaren margolan erraldoiaz gainera, artistaren posizioa zehatz erakusten duten zenbait eskuizkribu eta argitalpen ere bildu dituzte horretarako.

Bilboko Arte Ederren Museoak ere bat egin zuen eskari harekin 1980ko hamarkadan, eta hori frogatzen duten dokumentu ugari topatuko ditu bisitariak. Koadroa hartu ahal izateko egin beharreko moldaketa eta egokitzapen guztien berri ematen duen aurreproiektu bat ere bada, besteak beste. Juan Ignacio Macua eta Pedro Garcia Ramos diseinatzaileek osatzen zuten Equipo de Diseño izeneko taldeari eskatu zion lana museoak, eta Picassoren obra kristalezko kutxa moduko batean biltzea proposatu zuten.

Guztira, 31 plano zituen aurreproiektu hark, eta hautaketa bat jarri dute orain ikusgai. Datua «ezezaguna» zela onartu du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko egungo zuzendariak, baina, edonola ere, margolana Bilbora ekartzeko eskaria «iraganeko historia» dela esan du. «Koadroa hartzeko lurreratze pista modura aurkeztu zuen museoak bere burua; ez zegoen asmorik lana Bilbon gordetzeko».

Doako sarrera

Jose Ibarrola artista eta Agustin Ibarrolaren semeak gogoratu duenez, Ibarrolak ere bazterrean utzi zuen Picassoren obra Euskal Herrira ekartzeko eskaria, Gernika Madrilgo Reina Sofia museora heldu zenean. «Ulertu zuen obraren lekua hori zela eta berak bultzatu eta, hein batean, sortutako Gernika Gernikara mugimendua amaitu egin zela».

Iaz eskuratu zuen Ibarrolaren lana museoak, Madrilgo Arco arte azokan, 300.000 euroan. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak onartu dute erosketa, eta Zugazak eskerrak eman dizkie guztiei «ezohiko aurrekontua» dela eta. Erosketa «aho batez» eta «berehalakoan» erabaki zutela ere esan du. Aurrez, beste bitan izan da lana ikusgai Bilboko museoan, 1977an lehenik, eta 1980an bigarrenik, baina artistaren etxean egon da gorderik orduz geroztik, eta behin betiko geratuko da orain han, artistak dohaintzan emandako sasoi bereko beste bi lan geometrikorekin batera.

Bestetik, hastear da Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanen lehen fasea ere; ondorioz, eraikin klasikoa itxita egongo da. Lanek iraun bitartean, doakoa izango da eraikin modernorako sarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.