Euskararen berotasuna

Aurtengo Araba Euskarazen pasatako beroa aipatu du Ketxu Bedialauneta Bastida Ikastolako zuzendariak. Hala ere, emaitzarekin pozik daudela argitu du, Araba Errioxako biztanleek ere euskara maite dutela erakutsi dutelako.

3 JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Bastida
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Bero izugarria nabarmendu zen igandean Euskal Herri osoan, baita Bastidan ere. Araba Euskaraz ospatu bertan. 34 gradu izan ziren eguerdiko ordubietan. Itzal bila, baina milaka euskaltzalek gozatu zuten festa. «Bastidako zonalde askotan ez dago gerizperik. Bero galanta pasa genuen», azaldu du Ketxu Bedialauneta Bastida Ikastolako zuzendariak. «Baina gune guztietatik pasa nintzen, eta balorazio positiboa egiten dut. Bertaratutakoak pozik ikusi nituen».

Araba Euskaraz egunarekin helburu guztiak ase dituztela esan du zuzendariak: «Bi helburu nagusi izan ditu. Bat, euskalzaleak Araban elkartzea, eta jendeak ikustea arabarrok ere euskara asko maite dugula. Bigarrena izango litzateke lortzen diren etekinekin ikastolako hezkuntza proiektua sendotzea». Hala ere, beroak egunean izandako eragina ere nabarmendu du. «Badakit haur gazteak dauzkan jendea ez zela etorri, bero gehiegi egiten zuelako».

Etekinen helburua

Haur Hezkuntzako marko pedagogikoa berria ezartzeko erabiliko dituzte lortutako etekinak.Marko berrirako behar dituzten bitartekoak erosiko eta irakasleak heziko dituzte. «Hurrengo urtean hasiko gara markoarekin». Araba Euskaraz antolatzea baliagarria zaiela azaldu du Bidalaunetak. Bosgarren euskararen jaialdian izan da Bastidan. «Azken finean, gure bideragarritasun planean sartzen ziren hemengo etekinak». Hala ere, antolakuntzak dakarren nekea nabarmendu du, eta «impasse» bat egingo dutela jaialdiekin, indarra berreskuratu arte.

Orokorrean eguna positibo baloratu arren, pare bat momentu nabarmendu ditu Bedialaunetak: «Hasierako ekitaldia oso polita izan zen eta omenaldia hunkigarria». Izan ere, ekitaldi batekin hasi zuten eguna. Besteak beste, Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak parte hartu zuten. «Euskara iritsi da duela urte batzuk pentsaezina zen eremu eta toki batzuetara», azaldu zuen Uriarte sailburuak. «Ikastolak izan dira elebitasuna bultzatzeko motor nagusia». Gonzalezek, berriz, euskara egunerokotasunean erabiltzea bultzatu behar dela nabarmendu zuen. Bestalde, omenaldia egin zieten hiru ikasle ohiri, ikastolako lehenengo belaunaldikoak hirurak.

Euskararen egoera azken hamarkadetan nabarmen aldatu izana nabarmendu du Bidalaunetak: «1991. urtean etorri nintzenean oso arraroa zen jendea kalean euskaraz entzutea». Orain, ordea, nola ikasle ohi asko guraso bilakatu diren, euskara entzutea askoz ohikoagoa dela azaldu du. «Asko entzuten dituzu bai gurasoak haurrekin, bai gurasoak euren artean eta baita lagunen artean ere». Egoera horretarako iristeko erakundeek egin duten lana goraipatu du zuzendariak. Ez bakarrik ikastolena, baita euskara bultzatzen duten taldeena ere. «Araba Errioxan gauden erakundeak lan izugarria egiten gabiltza». Irakasleek arlo akademikoa lantzen dutela gaineratu du, baina ez hori bakarrik: «Irakasleak euskararen bultzatzaileak gara eta euskaraz bizi gara. Beraien eredu izan behar gara. Guk irakatsi behar dizkiegu formulak ikasleei euskaraz hitz egin dezaten».

Hurrengo urterako erreleboa ere pasa zuten Bastidan. Argantzunen ospatuko du Araba Euskaraz 2018an. 500 biztanle inguruko herrixka da Argantzun, eta Trebiñuko konderrian dago. Ekaitz Lotina Argantzuneko ikastolako zuzendariak azaldu du jaialdia baliagarria izango zaiela ikastolaren egoera salatzeko. Izan ere, Araba erdian kokatuta egon arren, Gaztela eta Leoneko legedia aplikatzen zaie.

Bastida ikastola

Bide luzea du Bastida ikastola egitasmoak. 1979. urtean hasi zuen jarduna. Orduan irakasle bakarra zegoen, eta zazpi ume. Egoera nabarmen aldatu da. 2004an inauguratu zuten eraikin batean dago Bastida ikastola gaur egun. Hamar gela ditu, hamahiru irakasle, eta 164 ikasle biltzen ditu egunez egun: Haur Hezkuntzatik DBHko bigarren mailara arte, Bastidako zein inguruko ikasleekin.

Arabar Errioxako ikastolen egoera azaldu du Xabier Arrieta Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakariak: «Bastidako ikasleek DBHko lehen etapa bukatu ondoren Lapueblan de Labarcan jarraitzen dituzte ikasketak». Araba Errioxan dagoen D eredu bakarra eurena dela zehaztu du Arrietak. Horrek ere badauka bere eragina inguruan. Izan ere, Errioxako ikasleek ere Araban ikasten dute. «Mirandatik Logroñoraino, 280 ikasle inguru dira Euskal Herritik kanpo bizi eta Araba Errioxako ikastoletan eskolatzen direnak».

Hala ere, Arabatik kanpoko ikasleak izateak suposatzen dien zama ekonomikoa argitu du Xabier Arrieta lehendakariak: «Garraio zerbitzua beharrezkoa da, eta Mirandatik Logroñoraino herririk herri dabilen garraio zerbitzuak galga handia suposatzen digu». Zailtasun ekonomiko hori arintzeko administrazioaren laguntza eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.