Katalunia. Prozesu subiranista

Martxan dago abiapuntua

Konstituzio proposamena aurkeztu du Constituimek. Katalunia errepublika izatea proposatu dute. Katalana eta aranera ofizialak lirateke, eta gaztelaniak, berriz, estatus juridiko berezi bat izango luke

Jordi Domingo Constituim plataformako bozeramailea, atzo, Carme Forcadell parlamentuko presidenteari konstituzio zirriborroa ematen. DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Katalunia independentearen zimenduak sendotu eta «deskonexioaren hiru legeak» prest izateko —ogasun publikoarena, prozesu konstituziogilearena eta gizarte segurantzarena—, hemezortzi hilabete agindu zituen urtarrilean Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak. Martxan jarri zuten lehendabizikoa ogasun publikoarena izan zen, eta, ondoren, konstituzioa idazteaz arduratu behar lukeena ere osatu zuten, Muriel Casals buru izendatuta. Ezustean istripu batean hil zenean, ordea, Lluis Llach abeslari eta Junts Pel Siko diputatuak hartu zuen haren lekukoa, eta batzordearen bilakaeraren inguruan ezer gutxi jakin da azken hilabeteotan.

Baina, 2012an loratu zen prozesu subiranista hori kaletik eta alderdi politikoen babesik gabe sortua dela gogorarazteko, gizarte zibilaren zenbait ordezkarik aurkeztu dute Kataluniako Errepublikaren konstituzioaren lehen zirriborroa. Egutegia aurrera doa, eta gobernuak agindutako epean hamalau hilabete bertzerik gelditzen ez dela aurkeztu du Constituim plataformak proposamen berria, aldez aurretik idatzita zeudenen irizpideetatik abiatuta.

Aurrekari nagusia Santiago Vidal epaileak, ANCko ingeniari taldeak eta Constitucio.cat egitasmoko jurista, ekonomista eta profesionalen taldeak jarri zuten, 2015 hastapenean; Bartzelonan aurkeztu zituzten proposamenen harira sortu zen, hain zuzen ere, Constituim. Ateneu Barcelones egoitzako ekitaldian adierazi baitzuen gaur ERC alderdiaren ordezkari gisa Senatuan dagoen Santiago Vidalek hiru proposamen horien batura izan zitekeela Kataluniako konstituzioaren oinarria. Vidalek egindako deiari hamazazpi hilabeteren bueltan erantzun berri diote, beraz, Constituim osatu duten «profesional independenteek», atzo Kataluniako Parlamentuan aurkeztu zuten proposamenaren bitartez.

Aipatutako hiru ereduez aparte, era berean azpimarratu zuten gizarteak helarazi dizkien 3.400 ekarpen baino gehiago ere erabili dituztela dokumentua osatzeko. Konstituzioa aurkeztu berri duten hamazazpi profesionalen aldarrikapena baita Constituim gizarte zibiletik loratu den egitasmoa izanik, Kataluniako Konstituzioaren inguruko eztabaidan abiapuntu izan nahi duela.

Guztira, 148 artikulu

Ideien eztabaida. Konstituzio proposamen bat hausnarketarako baliabide gisa izena dauka proposamenak; guztira, 148 artikulu biltzen ditu 79 orrialdeko dokumentu horrek.

«Ez da konstituzioa, baizik eta hausnarketarako baliabide bat», adierazten da, argi eta garbi, dokumentuaren hitzaurrean. Sinatzaileen helburu nagusia baita eurek idatzitako 148 artikuluak bertze behin xehatu eta gizarteak berak sortzea behin betiko konstituzioa. Eta, proposamena Kataluniako erakunderik garrantzitsuenean aurkeztu duten arren, aurrerantzean eztabaida gizarte zibilera zabaltzea izango da erronka nagusia.

Guztira, ordubete inguruko bilera izan zuten atzo Constituimeko kideek eta Carme Forcadellek, eta, azken hilabeteetan gobernuaren eta gizarte zibilaren arteko sinergiak lausotuak antzeman diren arren, Jordi Domingo Constituim plataformako bozeramailearen hitzetan «ezin hobeki eta adeitsu» hartu zituen auzitegian parlamentuko presidenteak. Santiago Vilanova Constituimeko bertze kideak adierazi zuen, hala ere, ikusteko dagoela ea aurrerantzean «Lluis Llachek zein jarrera izango duen eta ea ANCk, eztabaida irekitzeko asmoz», euren proposamena erabiliko duen, «orain arte» ez omen baita izan«alderdi politikoen babesik».

Katalunia «zuzenbide estatu aske, burujabe, demokratiko, sozial, ekologikoa» dela jasotzen da testuan. Forma politikoari erreparatuz, «herri errepublika parte hartzailea» litzateke, eta katalana luke hizkuntza ofiziala eta nazionala. Gaztelaniak, berriz, estatus juridiko berezia luke, «ondare kultural» den heinean «errespetatu, bermatu eta babestu» beharko litzatekeena. Aranera ere hizkuntza ofizialtzat hartuko luke proposamen berriak, eta eskualde horrek aitortua luke izaera nazionala; autodeterminazio eskubidea gauzatzeko eskubidea ere izango luke.

Kataluniako herritartasunari dagokionez, bertzalde, jaiotzagatik, adopzioagatik, ezkontzagatik, bizilekuagatik edo aukeratuta lor daitekeela azpimarratzen dute, eta ez omen da jatorrizko katalanik egongo bere herritartasuna kenduko zaionik. Alegia, Espainiako bertze eremuetan bizi den edonork izango du eskubidea Kataluniako herritartasuna izateko.

Errepublikaren sistema presidentzialista izango litzateke, etapresidentea bortz urtez behin aukeratuko litzateke —bozen bitartez, gehienez ere, legealdi bakarrean berritu ahal izango da kargua—. «Arrazoi historikoak tarteko», gobernuak Generalitatearen izenari eutsiko dio, aldi berean. Proposamen berriaren arabera, bertzalde, Kataluniako errepublika udalerri eta eskualdeka egituratuko litzateke, eta alkateek eta legebiltzarkideek ere bortz urteko agintaldiak izanen lituzkete.

Domingok adierazi bezala, «XIX. eta XX. mendeko armadak gaur egun zentzurik ez duenez», Segurtasunaren eta Defentsaren Agentzia Nazionalak hartuko luke haren lekua.

Ibilbidea eta lantaldea

Aldez aurretik ezagutzen ez ziren eta adin, ideologia politiko eta espezializazio desberdinak zituzten hamazazpi lagunek gorpuztu dute, beraz, atzo eguerdian parlamentuan aurkeztu zuten konstituzio zirriborroa. Guztira, antza, 2.600 ordu behar izan dituzte, azken hamabost hilabeteetan, dokumentua osatzen duten 148 artikuluak garatzeko, diru laguntzarik eta inongo babes politikorik gabe.

Sinatzaileen arabera, testu honek bigarren fasea hasiko du orain, Katalunian zehar eztabaidagai bilakatzen denean. Asmoa da han eta hemen aurkeztea, eta badituzte hainbat hitzordu zehaztuta. Testua egokituta dago araneraz eta gazteleraz, eta Genevako Unibertsitateak ingelesera, alemanera, frantsesera eta grezierara itzuliko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.