Katalunia. Auzi judizialak

Epaiketen hasiera izan da

Azaroaren 28an hasiko da Parlamentuko Mahaiko kideen aurkako epaiketa; urtarrilean Traperorena

Mireia Boya, buruzagi independentisten aurkako epaiketan deklaratzen. AUZITEGI GORENA / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Asteleheneko epaia Espainiako auzitegietan buruzagi independentisten aurka eginiko lehena besterik ez da. Sedizioa, diru publikoaren erabilera okerra eta desobedientzia delituak egozten dizkiete auzitegi ezberdinek, besteak beste, Josep Lluis Trapero mossoen buru ohiari eta kargugabetutako Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideei. Hau da, Kataluniako presidenteorde kargugabetu Oriol Junquerasi eta gainontzeko zigortuei egotzi dizkieten berberak. Mahaiko kide ohiak eta CUPeko diputatu ohi Mireia Boya izango dira epailearen aurrean esertzen hurrenak.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzo ezarri zuen Parlamentuko Mahaiko kide Anna Simo (ERC), Simona Barrufet, Lluis Corominas, Lluis Guino (JxSi) eta Joan Josep Nuet (Catalunya en Comu), eta Boyaren aurkako epaiketako auzi saioa noiz izango den. Azaroaren 28an eta 29an, eta abenduaren 3an eta 4an hain zuzen ere, eta ez azaroaren 18tik 22ra, hasieran ezarri bezala.

Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatutzak desobedientzia delituak egozten dizkiete seiei, eta 24.000 eta 30.000 euro arteko isunak eta hogei hilabeteko inhabilitazio zigorrak eskatu dituzte eurentzat, Carles Mundo eta Meritxell Borras eta Santi Vila kontseilariei ezarritako zigor berberak. Voxek, berriz, herri akusazio gisa, hamabi urteko espetxe zigorrak eta 108.000 euroko isunak, desobedientzia jarraituagatik eta talde kriminaleko kide izatea egotzita.

Mahaiko kideak parlamentuan erreferendumaren aldeko ebazpenak eztabaidatzea onartzeagatik daude auzitegian. Parlamentuak 2017ko irailaren 6an eta 7an onartu zituenak, eta ondoren Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utziak. Boya, berriz, erreferenduma eta independentzia aurrera eramateko lege proposamenak bultzatzeagatik.

Epaiketa Kataluniako Auzitegian egingo da Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Manuel Marchenak kausa hau mahaiko presidente Carme Forcadellen eta gainontzeko buruzagi independentisten aurkakotik banandu ostean. Mahaiko kideek independentzia aldarrikapenaren ostean deklaratu zuten Auzitegi Gorenean ikertu gisa, matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra delituengatik.

Boyak, berriz, 2017ko abenduaren 22an deklaratu zuen ikertu gisa. Orduan, Auzitegi Gorena matxinada delituagatik ikertzen ari zen CUPeko idazkaritza nagusiko kide ohia, Kataluniako presidente ohi Artur Mas, CUPeko bozeramaile ohi Anna Gabriel eta ERCko idazkari nagusi Marta Rovirarekin batera, besteak beste. Buruzagi katalanen auzian ere deklaratu zuen Boyak, testigu gisa, eta 2017ko urriaren 27ko independentzia deklarazioa «erreala» izan zela babestu zuen bakarretakoa izan zen.

Matxinadarik ez

Asteleheneko epaiak are eragin handiagoa izango du, ordea, mossoen buru ohi Traperoren eta Barne Kontseilaritzako beste lau goi kargudunen aurkako epaiketan. Traperoren, mossoen zuzendari ohi Pere Solerren, kontseilaritzako idazkari nagusi ohi Cesar Puigen eta Teresa Laplana intendentearen aurkako epaiketa urtarrilaren 20an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta martxoaren 19ra arte iraungo du.

Auzitegiko fiskaltzak 11 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu Trapero, Soler eta Puigentzat, matxinada delituengatik. Asteleheneko epaiak, ordea, delituaren tipifikazioa aldatzera behartu dezake fiskala, Auzitegi Gorenak matxinada deliturik egon ez dela ondorioztatu baitu. Beraz, zigor eskaerek ere behera egin dezakete. Laplanaren kasuan, berriz, eskaerak berdin jarraituko luke. Lau urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, sedizioagatik.

Fiskaltzaren esanetan, akusatuak «gako» izan ziren Kataluniako «plan sezesionistan», bai urriaren 1eko erreferenduma ez oztopatzeagatik, bai irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean eginiko protestetan izaniko rolagatik.

Horrez gain, Espainiako Kontu Auzitegiak ere erabiliko du Gorenaren epaia, froga gisa, independentzia prozesuaren ikerketan. Epaiak frogatutzat jo du Kataluniako Gobernuak 2,35 milioi euro bideratu izana urriaren 1eko erreferendumera, hori baita Junqueras presidenteorde, eta Raul Romeva, Dolors Bassa eta Jordi Turull kontseilari kargugabetuei ezarritako diru publikoaren erabilera okerra delituen oinarria.

Auzitegi Gorenak ez bezala, Kontu Auzitegiak 2,35 milioi horiek orduko Kataluniako Gobernuko kideei erreklamatzea onar dezake. Hala egin zuen 2014ko azaroaren 9ko erreferendumeko gastuekin, Artur Mas eta beste hainbat goi kargudun 4,94 milioi euro ordaintzera behartuta, euren ondasunak bahituz.

Aipatutakoez gain, 2017ko independentzia erreferendumaren prestaketan parte hartu zuten Kataluniako Gobernuko hainbat kargudun ere epailearen aurretik igaro daitezke, delitu ezberdinengatik. Tartean dira ERCko parlamentari Maria Jove eta Lluis Salvado. Gehiago ere badira: alkateak eta hauteskunde batzordeko kideak...

Horiei CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako kideak gehitu zaizkie. Oraingoz, zazpi kide daude behin-behinean espetxeratuta, eta atxiloketa gehiago egon daitezke.

Quim Torra presidenteak berak ere azaroaren 18an deklaratu beharko du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian, hauteskunde batzordearen aginduei entzungor egin eta apirileko hauteskunde kanpainan xingola horiak eraikin publikoetan mantentzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.