Neska bortxatu izana aitortu du akusatuak lehen auzi saioan

2019an atxilotu zuten, emakume bat bortxatu izana egotzita. Saileko bortxatzaile bat dela uste dute. 24 urteko zigorra eskatu dute

Jendetza batu zen Beasainen, erasoa salatzeko elkarretaratzean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jon ordonez garmendia
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hasi da 2019an Beasainen (Gipuzkoa) emakume bat bortxatzeagatik atxilotu zuten gizonaren kontrako epaiketa. Gizonak auzi saioan aitortu egin du bera izan zela egun horretan Beasainen emakumea bortxatu zuena. Ertzaintzak uste du saileko bortxatzaile bat dela, eta 2012tik Gipuzkoan izan ziren beste bortxaketa batzuk ere gizon horri egozten dizkio; bost prozesu irekita dauzka denera, eta atzo hasi ziren lehenarekin.

Beasaingoagatik, fiskaltzak, akusazio partikularrak eta Clara Campoamor elkarteak (herri akusazioa) eskatu dute auzipetuari 24 urteko espetxe zigorra ezartzeko: hamabost urte, sexu erasoagatik; hiru, lesioengatik; eta sei, legez kanpo atxikitzeagatik.

Beasaingo erasoa 2019ko uztailaren 13an gertatu zen. Emakumea etxetik atera zen, lanera joateko asmoz, eta auzipetuak eraso egin zion: kloroformoa arnasarazi zion; gero, atzera etxean sartu, han atxiki, eta bortxatu egin zuen. Bortxatzailea emakumearen anaiaren nagusia zen, eta bazekien hura bakarrik egongo zela, anaiarekin eta koinatuarekin bizi bazen ere oporretan zirelako horiek.

Epaiketan, gizonak aitortu du emakumea bortxatu zuela, eta gaineratu du ez dela ondo oroitzen gertatutakoaz, «droga eta alkohol asko kontsumitzen zuelako». Bai Malu Vallesek, akusazioaren abokatu partikularrak, bai Cristina Ramosek, Clara Campoamor elkartearen izenean aurkeztutako abokatuak, azpimarra egin dute adierazpen horretan. Vallesek esan du ez dutela nahi erasoa lotzea alkohol eta drogen mendeko zela eta kontziente ez zela dioen argudioarekin, «hori ez zelako horrela izan inondik inora».

Vallesek esan du instrukzioa «bikaina» izan dela, ikerketa «ondo lotuta» dagoela eta frogek erakusten dutela auzipetua dela bortxatzailea. Susmoa dute, instrukzioan orain arte dena ukatu badu ere, akusatutako gizonari bortxaketa egin zuela onartu beste biderik ez zaiola geratu epaiketan, frogen argitara ihesbiderik ez zuelako. «Aitortzen du, baina ez da horren erantzule egiten, ez duelako nahita edo kontziente zela egin», esan du Ramosek; gaineratu du argudio hori indargabetzen ahaleginduko direla: «Bai, noski bazekiela zertan ari zen, eta ez zen lehen aldia».

Konortea galdu zuen

Beasainen bortxatu zuten emakumeak bideokonferentziaz deklaratu du auzi saioan, auzipetuarekin gela berean egon behar ez izateko. Ondorioz, defentsak ez du eskatu ateak itxita egiteko, haren nortasuna babesean dagoelakoan.

Emakumeak deklaratu du ez zuela ikusi erasotzailea. Epaiketan azaldu duenez, «oso bustia» zegoen trapu bat jarri zion aurpegian, eta, garrasika hasi eta ihes egiten saiatu arren, ez zuen lortu, konortea galdu zuelako. Gero, pare bat aldiz esnatu zen, baina gogoratzen du ezin zela mugitu. Lehen aldian galtzerdiak kendu zizkiotela oroitzen du. Esan du bigarrenean ez zegoela inor, baina odol asko zegoela; ahoa hazia zuen, eta azaldu du gertatutakoaren berri emateko lanera hots egin zuenean ulertu ere ez ziotela egin.

Emakumeak gaineratu du erasoaz geroztik oso gaizki dagoela, ezin izan dela lanera itzuli, gauez ez dela kalera ateratzen, eta begiak ixten dituenean «hor» gizon bat dagoela uste duela.

Akusazioen eta abokatuen ustez, epaiketa luze joango da, dozenaka lagunek deklaratu behar dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.