Baserriak, azterketa teknikotik at

Eusko Jaurlaritzak moldatu egin du etxebizitzen ikuskaritza teknikorako dekretua; alde bat kalera begira duten etxeek soilik egin beharko dute

Azpeitiko Komuntzo baserria, artxiboko irudi batean. GIPUZKOAKO HITZA.
itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Segurtasun arrazoiengatik, 50 urte baino gehiago dituzten etxebizitzak egoera onean daudela frogatzera behartuta daude, EIT Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa gaindituta. Ez da aspaldiko araua: Eusko Jaurlaritzak 2014an onartu zuen hala agintzen duen dekretua, eta etxe jabeek aurtengo ekainaren amaiera bitarteko epea izan dute azterketa egiteko. Gehiengo zabalak, ordea, ez du egin, eta Jaurlaritzak dekretua moldatzea erabaki du, prozesua bizkortze aldera. Abiapuntu berri bat ezarri du testuaren eguneratzearekin: alde bat kalera begira duten etxebizitzek bakarrik egin beharko dute ikuskaritza teknikoa. Eta, ondorioz, nekazaritza edo abeltzaintza ustiapena duten baserriek ez dute azterketa teknikoa egin beharrik izango, ezta banakako etxebizitzek ere. Baldintza bakarra dago: etxeen jabeek tokian tokiko udalarekin adostu beharko dute eraikinak ikuskaritza teknikoa gainditu beharko duen ala ez. Udalak ontzat jotzen badu soilik geldituko dira azterketa egitetik salbuetsita.

Zehazki, ekainaren 27an amaitu zen 50 urteko antzinatasuna duten etxeak egoera onean daudela frogatzeko epea. Ordurako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 73.429 etxebizitzak egin behar zuten ikuskapen teknikoa, baina %29k besterik ez dute gainditu; guztira, 21.416 etxek. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak atzo eman zituen datuak. Jaurlaritzak arau berria indarrean jarri zuenetik baserriak eta banakako etxeak «nahastea» ekarri duten puntuak izan direla azaldu zuen, eta horiek argitzea izan dela dekretua eguneratzearen helburu nagusia, betiere, falta diren etxebizitzek lehenbailehen egin dezaten azterketa.

Teknikariek egiten dute ikuskapena, baina etxe jabeek eurek hasi behar dute prozesua. Arkitekto bati edo eraikitze ingeniari bati eskatu behar diote eraikinaren azterketa egiteko, eta hark emandako ziurtagiria udalean aurkeztu behar dute ondoren. Udalaren egitekoa da ziurtagiria Eusko Jaurlaritzaren EuskoRegite erregistroan sartzea.

«Zaharrenetakoa»

Jaurlaritzak aurretik ere jakinarazi zuen motel zihoala 50 urtetik gorako etxebizitzen egoera ikuskatzeko eta erregistratzeko prozesua. Abuztuan, ekaineko epea jada amaituta, aztertuta behar zuten eraikinen %20 baino ez ziren agertzen EuskoRegiten. Pablo Garcia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendariak orduan gogorarazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxeen %43k mende erdia igaroa zutela: «Gure etxebizitza parkea Europa mendebaldeko zaharrenetakoa da». Arriola sailburuak ere EIT igarotzearen garrantzia berresteko baliatu zuen atzoko agerraldia: «Etxebizitzetako egoiliarren eta oinezkoen segurtasuna babestea da helburua, baita ondarea babestea ere». Kalteei aurrea hartzea ere nabarmendu zuen: «Arazoak lehenago atzemanda, konponketa garrantzitsuagoak eta garestiagoak saihestu daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.